Albisteak

Miren Nogales Sagartzazu: “Zestoako eskolan hasi zitzaidan antzerki mundua gustatzen”

Ezberdinak gara oso, baina ederki ulertzen gara elkar. Hogeita hamar urtean asko bizi izan dugu elkarrekin, ume-umetako laguna dut Miren Nogales. Aspaldiko partez elkartzeko aukera izan dugu elkarrizketa honen aitzakian. Autoa hartu eta Donostia aldera abiatu naiz. Farandulako atea Jon Sagartzazuk ireki dit, zestoarrak nagusi kapitalean! Ordu erdi bat egon behar izan dut Mirenen zain, eskerrak ezagutzen dudan! Kamerinoko ispilu aurrean eseri gara, Jonek prestatutako txokolatezko browniea platerean hartuta. Berriketan hasterako ezkutatu dugu, goxoa benetan!

Mirenek harro erakutsi dit nola duen jarrita apal gainean elkarrekin mahai tenisean irabazi genuen Euskadiko txapelketako kopa. Haurtzaroa eta nerabezaroa kasik eskutik emanda bizi izan genituen, baina Miren antzerki ikasketak egitera Madrilera joan zenean, bakoitzak bere bidea hartu genuen. Beti gogorarazten dit ez dudala lotsarik: “Zazpi urte Madrilen pasa eta azken egunean etorri zinen bisitan”. Distantziak, urteek… harremanak aldatu ohi dituzte. Gure kasuan, hilabeteak elkarren berri handirik izan gabe pasatzen baditugu ere, elkartzen garenean denbora igaro ez balitz bezala izaten da. Oraingoa, ordea, arraroa izan dela onartu behar dut: ni kazetari, hura aktore.

Inoiz ez nuen usteko kamerino bat partekatuko nuenik zurekin.

Halaxe da bai, hementxe gaude argi denak piztuta.

Farandulako kamerinoan gaude. Konta iezaguzu zer den Farandula.

Espazio gastronomiko-kulturala da. Taberna eta jatetxea daukagu alde batetik; eta bestetik, mikro antzerkiak egiten diren hiru areto txiki. Espazio berean dago guztia, baina aldi berean bereizita. Etor zaitezke tabernara zerbait hartzera, baina antzerkirik ez ikusi, edo alderantziz, edo biak batera: zerbait hartu antzerkia ikusten ari zaren bitartean.

Eta espazio honen kudeaketan ari zara lanean, ezta?

Hori da. Espazio kulturalean, gehienbat. Eta hor ari gara gauzak berritzen, egoera honetan uzten digutenarekin ahal duguna egiten. Hortxe, borrokan.

Baina kudeaketa lanez aparte, areto txiki horietan antzeztu ere egin izan duzu.

Bai, hala da. Hemen hiru antzezlan egin ditut. Niretzako mikro antzerkiak masterra bezala dira. Espazio oso txikia da, oso gertu zaude publikoarengandik eta momentuan irteten denarekin aurrera egin behar da. Hartu-eman azkarra izaten da. Hamabost minutu horietan familia txiki baten pareko zerbait sortzen da, aurpegiak aurrez aurre ikusten dituzu.

Garazi Larrañaga, Begoña Gaztañaga, Amaiur Aristi eta Miren Nogales Zestoako eskolan, Hiru Urteko gelan.

Gogoratzen al duzu zer oholtzatan antzeztu zenuen lehen aldiz? Uste dut momentu haren froga ekarri dizudala.

Hala, hala, hala… Keba! Ez nintzen akordatzen horrekin. Hau zer da Zestoako eskolakoa, ezta?

Bai! Hiru Urteko gelan gaude, eta gure amak esan dit Ibonen Ametsa izena zuela antzezlanak.

Ai ama… eta gu zer gara ametseko aingerutxoak? Kar, kar, kar! Ederra tankera… Ni orain nagoen bezala, pijama ematen duen txandalarekin. Gu biok beti bezala txiki-txikiak.

Eta gero hamaika-hamabi urterekin kultur etxeko aretora egin genuen salto!

Bai, horrekin akordatzen naiz, Kontxi Eizagirrerekin. Nik amona xaharraren papera egin nuen. Ba, niri hor, Zestoako eskolan hasi zitzaidan antzerki mundua gustatzen. Gogoratzen naiz amona xahar horri tik bat jarri niola, eta publikoaren erreakzioarekin eta txaloekin adrenalina sartu zitzaidan. Hainbeste bete ninduen… aktorea izan nahi nuela, orduan esan nuen.

Orduan, Zestoako eskolan antzerkia landu izanak bultzatu zintuela mundu horretara esango zenuke?

Bai, bai. Horri esker hasi nintzen, eta, baita ere, Amancay lehengusuak antzeztutako Don Quijote obrari esker. Madrilera joan ginen ikustera, eta liluratu egin ninduen. Orduan baieztatu nuen antzerkia egin nahi nuela.

Nerabezaroa elkarrekin bizi izan genuen eta ederki gogoratzen dut Madrilera begira jarri zinela segituan, eta horretarako prestatzen hasi zinen.

DBHn eta batxilerrean Donostiara etortzen nintzen larunbat goizetan antzerki eskolara. Oso gustura ibiltzen nintzen, oso oroitzapen onak ditut. Madrilera joan nahi nuen, baina ez nekien hango mundua nolakoa zen. Nik antzerkia nahi nuen, eta batxiler ikasketak bukatu eta gero, selektibitatea amaituta, Madrileko eskolara sartzeko frogak prestatzen hasi nintzen.

Gogoratzen naiz Zestoako kuadrilla nola etorri ginen Donostiako Antzoki Zaharrera zu ikustera.

Ai ama, egia! Asko etorri zineten. Los ochenta son nuestros antzezlana egin genuen. Ze ondo pasa nuen! Etorri zineten, e?

Eta azkenean, Zestoako Erdikaletik Madrilera.

Miren Nogales EITBko Joseba Argiñanoren programan Pikuak web seriea aurkezten.

Bai, salto handia izan zen. Nik beti esaten nuen hiri handi batean bizi nahi nuela. Hasieran, Bartzelonara joatekotan ibili nintzen, iruditzen zitzaidan errazago konektatuko nuela hiri horrekin; Bartzelonako jende asko ezagutzen bainuen eta haiekin oso ondo konpontzen bainintzen. Hango eskolan, ordea, katalana behar zen, eta nik, eskolara sartzeko frogen aurretik, ez nuen denborarik hizkuntza ikasteko. Beraz, Madrilera joatea erabaki nuen. Eta han joan nintzen antzerki eskolara sartzeko frogak prestatzera hemeretzi urtetxorekin, bakar-bakarrik.

Eta?

Zoramena da Madril. Lehenengo urteak ez ziren errazak izan. Beti ondo nagoela esaten duen pertsona naiz, baina Madrilen sentitzen zara beti jendearekin, baina aldi berean bakarrik.

Denera sei bat urte egin zenituen ezta?

Zazpi, zazpi, zazpi urte.

Zehazki zertan ibili zinen?

Lehenengo lau urteetan ikasten. Aurrenengoan, antzerki eskolara sartzeko prestatzen, eta, jarraian, hiru urteko ikasketak egin nituen. Gero, laugarrenean, ikaragarrizko zortea izan nuen. Izan ere, ikaskide eta lagun on baten amak, Inma Chacon narratzailea eta poeta, antzerkia idatzi zigun, eta Gracia eta Sole Olayo izan genituen zuzendari. Haiek dioten moduan, antzerki horri esker, bizitzaren antzerkia ikasi nuen. Asko ikasi nuen haiekin eta oraindik harreman handia dut.

Eta gero?

Ba, gero egoera zaila eta gogorra. “Ikasketak egin ditut eta orain zer?” esaten nuen. Castingak egin, agentzian izena eman, agentea bilatu… Oso mundu basatia da: harri bat altxatu eta hogeita hamar mila aktore irteten dira, txikia sentitzen zara. Gurasoek esan zidaten Madrilen ezer egin gabe ezingo nintzela egon. Antzerkitik bizitzea oso zaila da. Orduan, tabernan hasi nintzen lanean.

Barra atzean aritzea ere egokitu zitzaizun orduan!

Nik ez nuen handik alde egin nahi, beraz, tabernara. Bat-batean Madrileko Gran Via kaleko taberna batean sartu nintzen, ezer ere jakin gabe. Nagusiari ez nintzela inoiz horretan aritu esan nion, baina astebetean ikasiko nuela. Baietz, kontratatuko ninduela erantzun zidan, baina ikasita agertzeko.

Pikuak web seriea

Eta astebetean ikasi zenuen?

Etxepeko tabernara joan nintzen, niretzat gurasoak bezala ziren jabeak, eta “Paco, Marisa, me teneis que ayudar, tengo una semana para aprender todo sobre un bar!” esan nien. Horrela, ia zoratu nintzen astebetean, eta han joan nintzen Gran Viara. Negar asko egin nuen, gogorra egin zitzaidan, baina oso esperientzia aberatsa izan zen tabernakoa.

Madrilen antzerkia eta beste gauza asko ikasi zenituen ezta?

Bizitzaz asko ikasi nuen. Bakarrik egoten, lagunak egiten. Hango familia ere egin dut. Bestalde, oso zaila izan zen ikustea hemengo familiarengandik eta lagunengandik banatzen ari nintzela. Lehengo talde horretako kide izatea uzten duzu, hasieran bai, baina gero zaila da mantentzea. Bikotekidea ere hemen nuen orduan, eta horrelako harremanak zailak dira. Aldi berean, egoera hark asko lotu ninduen orduko bikotekidearengana eta baita lagunengana ere. Konturatzen zara zein dagoen zurekin eta zein ez, eta norekin egon nahi duzun eta norekin ez.

Eta, azkenean, Euskal Herrira itzultzea erabaki zenuen.

Uda zen, tabernan lanean nenbilen, eta Madril udan infernua da. Orduan osaba Jon (Sagartzazu) eta Farandula irekitzekotan ziren, eta ea animatuko nintzen haiekin lan egitera galdetu zidaten. Baietz esan eta etorri egin nintzen.

Euskal Herrira bai, baina Zestoara ez.

Pare bat hilabete pasa nituen Zestoan, baina hiritik herrira itzultzea ez da erraza. Nik bolada batean Donostian bizitzeko gogoa nuen, beti gustatu izan zait hiria, aukera sortu zen eta hona etorri nintzen. Kontuan hartu behar da, orduan, Madrileko bikotekidea nuela eta hura ere Euskal Herrira etortzekoa zenez, pentsatu genuen Donostian errazago moldatuko zela.

Eta hemengo kapitalean ondo?

Oso gustura, baina hemen ere lagunak egiten hasi behar izan nuen, beste giro bat, dena beste era batekoa berriro.

Denok dakigu antzerki mundua ez dela erraza. Hara eta hona ibili zara, baina lantxo batzuk egin dituzu ezta? Nik buruan daukadan lehenengotakoa da Izarren argia pelikulan figurante moduan joan zinenekoa. Ederki gogoratzen ditut jantzi zenuen soineko urdina eta zure bi trentzak.

Bai, bai, nik ere ederki gogoratzen ditut. Ba, hori Madrilera joan aurretik izan zen. Koioten geunden asper-asper eginda, eta norbaitek esan zuen Azpeitian pelikula baterako castinga zegoela. Froga egitera joan eta egun batzuetara deitu zidaten lauzpabost egunetarako, eta, azkenean, hogei egin nituen. Kristoren beroa pasa genuen eta egunero arropa berarekin gu! Kar, kar, kar! Saturrarango kartzelako emakumeen papera egin genuen. Denak emakumeak ginen, neu gazteena. Tarteka soldadu papera egitera mutil batzuk etortzen ziren eta orduan bai pozik gu! Aurpegi berriak behar genituen.

Eta horren ondoren?

Ba, izenburuak gogoratzen ez naiz oso abila, baina batzuk esatekotan: Si, vale, vale chao; Tacones enanos eta El ascensor antzezlanak; Pikuak web seriea, eta film labur batzuk ere egin ditut.

Eta zer nahiago, antzerkia edo kamera aurreko lana?

Antzerkia gehiago gustatzen zait, askoz ere gehiago. Publikoa hor daukazu eta sentsazioak bereziak dira, zuzenean aritzen zara eta inoiz ez dakizu nola irtengo den, publikoak nola erantzungo duen. Baina egia da Pikuak web seriea grabatzean oso ondo pasa nuela, eta nahiko nuke berriz kamera aurrean lan egin. Telesailen bat egitea gustatuko litzaidake, ikusteko zer den pertsonaia bat antzeztea eguna joan eta eguna etorri, horrek dakarren guztiarekin.

Egia al da antzerkia terapia izan daitekeela?

Bai, halaxe da, bai egitea, bai erakustea; orain haurrei antzerki klaseak eskaintzen ari naiz. Niri energia asko ematen didate ikasleek. Egun oso txarra izan eta klasetik beste animo batekin irteten naiz. Antzerkia egin eta erakusten dudanean, lasaitu eta indartu egiten naiz.

Eta zer moduz umeekin?

Miren Nogalesek eta Naiara Arnedok Farandulan egin zuten Tacones enanos antzerkiaren kartela.

Ba, esan dizut, asko laguntzen didate. Gaur, adibidez, ezkerreko hankarekin esnatu naiz, dena beltz ikusten nuen. Klasera joan naiz, umeen pare ibili naiz, arazo denak kanpoan utzi ditut eta orain beste bat naiz. Lanetik irten naiz, tortilla pintxoa eta Coca Cola hartu ditut eta pentsatu dut: “Ederki bizi naiz, ba!”. Hiru ordutan kristoren aldaketa egin dut eta dena, gustatzen zaidana egin dudalako, eta hortik bizi naizelako, ahal dudan heinean.

Non ematen dituzu klaseak?

Ba, hemen, Donostian. Ibai Ikastolan nabil, Lehen Hezkuntzako haurrekin eta gero Farandulan helduekin.

Orain, zorionez, irekita dago Farandula, baina kolpe gogorra izan da pandemiarena zuentzat ezta?

Oso, hala izan da bai ostalarientzat, bai espazio kulturalentzat, eta gureak biak jasotzen ditu. Hemen areto txikiak ditugu eta edukiera murriztuta ez da errentagarria antzerkiak antolatzea, beraz, geldirik gaude. Tabernaren edukiera ere mugatuta dago, bezeroak gutxitu dira, baina gastuek hor jarraitzen dute. Momentu zailak bizi izan ditugu, eta uste dut egoera are gogorragoa etorriko dela.

Etorkizun beltz samarra, beraz.

Jendea larri badabil gastuak gutxituko ditu eta kultura ez da lehentasuna. Krisi handia etorriko da eta beldur handia dut. Oraindik ez dakit antzerkiak irekiko ditugun. Tabernan, gutxiago bada ere, jendeak kontsumitu egiten du, baina antzerkian… Buelta eman nahian gabiltza, egoerara egokitutako ekitaldi berriak antolatzen eta alternatibak sortzen.

Eta bukatzeko, egoera zail hau momentu batean alde batera utzi eta zure bizitzako gidoia idazteko aukera izango bazenu?

Uau! Ba, oraintxe bertan diru sarrera finkoa izatearekin niri gustatzen zaidan lanean, konformatzen naiz. Nahiko nuke telesail batean lan egin, gustatzen zaidan pertsonaiaren papera antzezten eta ondo sentiarazten nauen lan taldearekin.

Amaiur Aristi Arregi

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide