Mundu hauskor bat

Oso xumea da egun hauetan Udaletxean dagoen erakusketa, Atzegik antolatua. Ez dago ohiko argazki handi deigarririk, ikus-entzunezko zoragarririk, alferrikako betegarririk. Xumeak dira argazkiak, testuak, kartelak… Oso ederrak dira Jon Andoni Martin azkoitiarraren argazkiak. Garai bateko argazki zaharren teknika erabiliz, dozenaka erretratu jarri ditu, dozenaka begirada. Udal aretoko argiztapena oso kaskarra den arren, toki aproposetik begiratuz gero, bikainak dirudite erretratuak. Bat aipatzearren, bi azkoitiar ageri dira argazki batean, bikiak omen, baina batek Down sindromea du eta besteak ez. Bizitzaren “kapritxo” ulertezinak.

Eta gero daude 1974tik hona Atzegik egindako kanpainen kartelak eta testu batzuk. Kartelei eta testuei begiratuta, oso garbi ikusten da Atzegik eta gizarteak egin dugun aldaketa adimen urrikoekiko. Aurren-aurrena, “atzeratu” edo “subnormal” hitz hori baztertzeko ahaleginak egin zituzten, gero berriz kalean diru biltzeari uztea erabaki zuten eta abar. Karteletan irudi eder askoak ageri dira, bai horixe!

Jon Andoni Martinen argazki eta Atzegiko kartelez gain, Txolarte aisialdiko taldeak adimen urriko horiekin egindako makina bat jardueren argazkiek, denak paper handi batean itsatsiak, osatzen dute erakusketa. Ederrak oso, argazki xume horiek ere. Erakusketak ez du asko sakontzen Atzegik gizarteari, familiei edo/eta adimen urritasuna duten pertsonei eskaintzen dizkien makina bat zerbitzu edo laguntzen inguruan, baina beren web gunea begiratu besterik ez dago talde horren lan ikaragarriaz jabetzeko.

Erakusketa batera joaten zarenean, kontua izaten da elkarrizketa sortzea han dauden irudi edo materialen eta zeure mundu edo bizipenen artean, argazki eta testuei galderak egitea, norbere esperientziarekin konparatzea… Material horrek eta bertan dauden dozenaka pertsonen irudiek eta pertsona horien begiradek edo izaerak gauza asko ekartzen dizkizute burura, eta horregatik da ederra eta emankorra erakusketa.

Niri, nire esperientzia pertsonala, nik nire etxean bizitakoa ekarri didate gogora, besteak beste. Gure arrebak adimen urritasun handia zuen (buruz atzeratua esaten zen orduan) eta haren garaian (60ko hamarkada amaieran jaio zen) askoz baztertuago eta ezkutuago egoten ziren gizartearekiko, estigmatizatuta zeudelako eta orain bezalako zentro eta zerbitzu aukerarik ez zegoelako. Orduan ari ziren sortzen adimen urrikoentzako hainbat zerbitzu eta egitasmo. Gogoan dut, ondo asko, nik Mikel Laboa kantari gisa baino lehenago ezagutu nuela psikiatra gisa, harengana joaten zelako arreba (amarekin eta neurekin; garai hartan 8-9 urte nituen) Donostiako Patronato San Miguel zentrora.

Erakusketa ikusita gogora etorri zait, baita ere, Atzegiko “Aste” baten barruan 80ko hamarkada hasiera izango zen– Charles Chaplin handiaren hainbat pelikula proiektatu zituztela Donostiako Kutxaren aretoan, Chaplinen ikuspuntua eta marjinazio hausnarketa azaleratzeko (eta horrekin adimen urrikoen egoera). Eta beste hainbat oroitzapen etorri zaizkit burura erakusketa ikusten ari nintzela.

Eta aurpegi horietan urritasuna ikusi dudan bezala, eta laguntza handia behar izaten dutela ikusi dudan bezala, eta askotan familiatan, bestelako umeak bezalakoak ez direlako, sufrimendua eragiten dutela ikusi dudan bezala, ikusi dut, baita ere, ikaragarrizko maitasuna emateko gai izaten direla, agian gure laguntza behar izaten dutelako, “normalek” baino gehiago, edo agian, maitasunerako guk ez bezalako dohainak dauzkatelako, zeinek daki. Eta maitasun hori ere ikusi dut erakusketako aurpegietan.

Eta, bukatzeko, nire arreba zenari buruzko oroitzapen bat ekarriko dizuet hona: Umetan, eta heldu samarra zen arte ere bai, zapatekin jolastea gustatzen zitzaion ikaragarri gure arrebari. Beti esku artean erabiltzen zuen zapataren bat, panpina bat bailitzan; eskuekin igurzten zituen, laztandu egiten zituen… beti zapata horiek eskuan… Ez zegoen harentzat jostailu ederragorik. Behin, sei bat urteko umea zela, Donostian (Patronato San Miguelera gindoazen horietako egunen bat izango zen) eskaparate handi-handi bat ikusi zuen dena zapataz beteta. Eta liluratuta, bat hartzera joan zen. Hain liluratuta eta exzitatuta zegoen ez zuela eskaparatearen kristalik ikusi eta “danba” sekulako kolpea hartu zuen. Kolpe fisikoak baino min handiagoa eman zion psikologikoak. Hark ez zuen ulertzen zapatazko paradisu hartan zerk oztopatzen zion gozatzea eta zergatik ezin zuen jolastu zapata haietako batekin. Negarrez hasi zen, negar bizian.

Horixe, mundu hauskor hori, sufrimendu eta maitasunez beteriko mundu berezi hori da nik erakusketan ikusi dudana eta indiferente utzi ez nauena. Zoazte ikustera bihar edo etzi 12:00etatik 14:00etara. Ez zarete damutuko.

Argazkia: Txolarte aisialdi taldeko kide batzuk, tartean Jurdan zestoarra.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide