Albisteak
Narrondo eta Iraeta arteko bide berdearen obrak lehenbailehen hasteko eskatu dute Zestoako eta Zumaiako alkateek
— 2023-03-03Urolako bide berdearen Iraeta eta Narrondo arteko zatia amaitzeko eskatu diote gaur goizean Zestoako eta Zumaiako alkateek, Mikel Arregik eta Iñaki Ostolazak, Gipuzkoako Foru Aldundiari. Narrondo eta Iraeta lotzeko obrak hasi gabe jarraitzen dutela salatu dute, “Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak 2019an hasiko zirela agindu bazuen ere”.
Bide berdeak oinezkoentzako nahiz txirrindularientzako egokitutako bideak dira, eta Urolako bide berdearen planak Legazpi eta Zumaia lotzea jasotzen du. Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak 2019an iragarri zuen Urolako bide berdearen Narrondo eta Iraeta arteko tartearen lanak hastear zeudela. Hiru urte beranduago, 2022ko otsailean, Narrondo eta Iraetaren arteko bide berdearen obraren proiektua gauzatzeko Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundiaren arteko hitzarmena lantzen ari zirela ere iragarri zuten Iñaki Arriola Sailburuak eta Rafaela Romero Mugikortasun Diputatuak, baina alkateen esanetan, “gaur gaurkoz, ez da lan horiek egiteko inbertsio minimorik egin”.
“Urte luze bat pasa da obrak egiteko Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmena iragarri zutenetik, eta oraindik ez dute Gipuzkoako Aldundiaren Gobernuko Kontseiluaren sinadura lortu” adierazi du Iñaki Ostolazak, Zumaiako alkateak.
Bestalde, Mikel Arregi Zestoako alkateak gehitu du legealdiaren hasieran Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin hala hitzartuta, Arroabea eta Urolako bide berdearen arteko loturaren obrak egin zituela Zestoako Udalak 2020an. “Lan horiek eta bide berdeak ez dute jarraipenik izan, ordea”, azaldu du. Bere hitzetan “urte gehiegi pasa dira, eta bide berdea errealitatea bihurtzeko epeak luzeegiak izaten ari dira”.
Horiek horrela, bi alkateek Gipuzkoako Foru Aldundiari publikoki eskatu diote obrak lehenbailehen hasteko, Urolako bailara osoa bide berdearen bidez lotzeko.
Egin zaitez bazkide