Naturaren behaketatik datorkigun bizitzeko afan hori

Seguruenik, udako eguraldi eder bat zen eta bazterrak berde-berdeak zeuden, ederrak. Gure protagonistak, sarritan egin ohi zuen bezala, zerbait margotzera ateratzea pentsatuko zuen. Hartuko zuen bere maletatxoa, olio eta beharrezko materialekin, eta asto edo kaballete tolesgarria, eta Zestoa aldera abiatuko zen. Arratsaldea izango zen. Errepidean ez zegoen ia trafikorik eta Osinbeltz inguruko bide bazter batean jartzea pentsatu zuen margolariak. Artean, eraiki gabe zegoen uholdean hildakoen oroimenezko monumentua. Arratsalde hartan, bare-barea zegoen dena. Hantxe, gerora monumentua egingo zuten inguru hartantxe, jarri zen, ederki ikusten zen-eta herrigunea. Beste batzuk ere –batez ere argazkilariek– erreparatu zioten puntu hartatik ikusten zen ikuspegi ederrari baina ez zion axola. Arratsalde hartan, hunkitu egin zen gure herriari begira, eta askotan esan ohi zuena errepikatu zuen: “Balio duen koadroa, lehen barne inpresio bat, oso-oso bihotz muinera iritsi zaizun eta gero berehalaxe, istant batean, islatzen ondo asmatu duzun hura da”.

Jarri zuen egurrezko taulatxoa kaballetean eta atera zituen margoak. Lehendik emana zion taulari oinarrizko inprimazioa eta berehala margotzeko moduan zeukan. Paisaiari begira-begira jarriko zen, eta denboralditxoa egingo zuen estasian balego bezala.

* * *

Zestoa, Osinbeltz aldetik ikusita. Olioa oholean, 24,5 x 33 zentimetro, 1948. urte ingurua. Urola ibaia ageri da lehen planoan. Bare dago eta ez dauka ur gehiegirik. Erdi aldean, Arteagako zelaiak ikusten dira eta hondoan, Zestoa: Arteaga baserria, eliza, Elizkaleko etxeen atze aldeak… Zuhaitzek ez dute uzten Lizarraitz ikusten. Koadroaren goiko laurdena zeru urdinxkak hartzen du.

Dena brotxakada azkar bidez egina dago eta horrek egundoko bizitasuna ematen dio margoari. Etxeak-eta ez daude zehatz-zehatz margotuak baina horixe bilatzen du, hain zuzen, margolariak. Bolumena ere oso ondo irudikatuta dago. Nagusiki hiru kolore multzo daude: zeruaren urdina (ibaian ere pixka bat islatzen dena), landarediaren berdea eta etxeen gorritasuna. Tartean, askoz protagonismo gutxiagorekin, kolore marroixkak ere badaude. Kolore multzo nahiko mugatua izan arren, multzo bakoitzean ikaragarrizko ñabardura piloa dago (esaterako, berde argiagoa, ilunagoa, argixeagoa, apalagoa…) eta horrek egundoko aberastasuna ematen dio. Hainbeste berderen artean, bide bazterreko karel edo babesgarri zuriak kontraste handia egiten du, paisaiako elementu “ahaztuak” bere burua erakutsi nahi izango balute bezala.

Kolore horiek denek oso argitasun berezia ematen diete paisaiari eta abuztuko arratsalde eguzkitsu bare-bare horietako bat ekartzen digute burura.

Begien aurrean duen ikuspegia ahalik eta naturalen margotzea da gure margolariaren helburua. Hemen kontua ez da gertakari bat irudikatzea, baizik-eta paisai hori begiratzeak, bertako argiak, koloreek eta formek artistari, begira-begira dagoen une hartantxe bertan, sorrarazi dioten sentsazioa irudikatzea. Eta ederki asko lortu duela, iruditzen zaigu guri.

* * *

Amaitu du margolana artistak. Kontuz kontuz jaso du dena eta etxera doa. Hainbat burutazio etorri zaizkio burura eta hausnarketan dijoa: “Ez dut inoiz ikasteaz amaitu. Orduak falta zaizkit egunean, lanean, estudioan. Denbora agudo pasatzen da, eta hainbeste dira oraindik argitu gabe geratzen zaizkidan inkognitak kolorean, argian, bolumenetan, neurrian eta sakontasunean, eta berdin paisai batek batzuetan inspiratzen dizun sentimendu berezian ere… Soluzio bakarra da lan egitea, lan egitea eta lan egitea. Ez utzi inoiz ere lan egiteari, zein ere den gure barne egoera, bizi diren zirkunstantziak, edota, noski, zer eguraldi egiten duen. Beti dago zirrikituren bat nondik heldu biziari, Naturaren beraren behaketatik datorkigun bizitzeko afan horri”.

Ondo sekatzen utzi du margolana eta amets batetik esnatu bagina bezala, zeharo galdu diogu arrastoa.

* * *

Pasa den abuztuaren 1ean, iluntzean, etxera bidean, eguraldi ederra zen eta Donostiako Gladys parketik pasatzea pentsatu nuen (orain Kristina Enea deitzen diote baina guretzat Gladys izan da beti). Han inguruan bada antigoaleko gauzak saltzen dituen denda bat eta, hurbildu nintzenean, bi margolan eder ikusi nituen eskaparatean. Batek segituan eman zidan atentzioa, berehala antzeman nion-eta Zestoa zela. Egilea, berriz, Eloy Erentxun. Pozik eta urduri jarri nintzen, aldi berean. Denda itxita zegoenez, hurrengo egun batean, galdetu nion prezioa saltzaileari telefonoz, eta –harritzekoa!– nire poltsikorako modukoa. Badira hamabost bat egun, tarteka-tarkeka berari begira egoten naizela. Eta ametsetan banengo bezala, koadroa pintatu zueneko momentu hura irudikatzen saiatzen naiz.

Koadroak, liburuak, gauza zaharrak… askotan herritik atera egiten dira –edo atera egiten dituzte– eta batera eta bestera ibiltzen dira, etengabe, edo armairu zahar batean zokoratuta geratzen dira. Baina, halako batean, indar ikusezin batzuen poderioz, atzera berriz etxera etortzen dira eta gogoz eta alaitasunez hartzen ditugu berriro etxean, eta ospatu egiten dugu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide