Nora begira gaude?

Zoragarri iruditzen zait Amazonas erretzen ari zaigula eta penatzea, gure itsasoak plastikozko mareak dituztela eta beldurtzea, pinuak gorritzen ari zaizkigula eta kezkatzea…

Baina etxetik hasten ez bagara, jai dugu!

Atzo arratsaldean Danbolineko bulegora etorri beharra izan nuen. Eguraldi eskasa tarteko, 12-13 urte inguruko koadrila zegoen kultur etxeko sarreran eta kanporaxeago beste batzuk, berriketan, mugikorrari begira, baloiarekin jolasean… dozena bat lagun izango ziren.

Lurra txerri eginda zegoen eta zerbait esatera ausartu nintzen; “aizue, hau horrela ez utzi gero e, ikusten al duzue nola dagoen?”. Kasu handirik ez zidaten egin; “gu ez gara izan…”. Halako baten ipurdia mugitu zuten eta barrura sartzeko moduan nintzen.

Ordu eta erdi inguru egin nuen barruan lanean. Hor jarraitzen zuten gaztetxoek, entzuten nituen. Atera nintzenean lehen baino okerrago zegoen lurra. Propio eginda? Ez dakit, ezetzik ere ez nuke esango, paperezko pelotak zeuden bazterretan eta pipa azalak sarrera osoan sakabanatuta. Baina nahi gabe izan zela pentsatuko dut.

Gaur goizean, lanera etorri naizenean panorama hau (zoritxarrez ez da nobedadea).

Eta gu Amazonasi begira.

Soluzio erraxa duenik ez dut esaten.

Besteen seme alabak txarrak direnik ere ez.

Nireek gauza bera egingo dute eta horrexek izorratzen nau.

Bada garaia zerbait egiteko.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide