Nostalgiaz

Betidanik eman izan dit pena herriko eraikin zaharrak goitik behera botatzeak. Batzuetan badakit behar beharrezkoa dela baina neure baitan pentsatzen dut, gaur egungo teknologiarekin ezin ote da gutxienez fatxada nagusia ahalik eta osoen mantendu eta barrutik egin beharrezkoak diren moldaketa guztiak? Garestiago ateratzen dela? ba bai, badakit, eta horrexegatik botako dira gehienetan noski baina uste dut batzuetan jada ez dakigula ia zein den gure herriko etxeen “estiloa” ere, edo? Kasko zaharrean ere, etxeak botatzen direnean fatxada berri “modernoekin” eraikitzen dira berriak. Eta galtzen doaz teilatu azpiko egurrezko apaingarriak (Fernando Arzallusek bere izenez txukun idatziko lituzke baina… ulertzen didazue ezta?) ehunka urteko egurrezko biga eta harri landuak eta beste ezaugarri mordo bat. Min egiten dit eskonbro artean hauek ikusteak. Nik bakarrik galdetu diot neure buruari, esate baterako, non ote dauden garai batean barreren buruzurien ipurdiak sartzen ziren zulodun harri leun handi haiek? Puskatuta zeudela? eta zerbait egiten al da herri honetan ondarea zaintzeko edo mantentzeko?

Argazki zaharrei begiratzen diet eta garai bateko Zestoa gaur egunekoa baino gehiago gustatzen zait, zuei ere gertatzen? Nostalgia bakarrik ote da? Diruari bakarrik begiratzen ote zaio ba eraikitzerakoan?

Gauza bera gertatzen da baserriekin. Eta honek ere penatzen nau. Ez dakit neu baserritarra izango banintz zer egingo nukeen eta ondorioz ez dut inor kritikatu nahi. Baina pena ematen dit. Arrazoiak arrazoi, ganadurik gabe geratu dira baserri asko eta nekazaritzak ere ez digu lan handirik ematen eta beraz baserriko beharrak aldatu egin dira. Obra egiten denean guztiz egitura ezberdina ematen zaie eraikinei ondorioz. Eta baserria mantentzen denean gaitz erdi, asko eta asko desagertu dira… Gure bilobei ez diegu argazki bidez erakutsi beharko nolakoak ziren Zestoako baserriĀ  “tipikoak” ezta? Erdi brometan egiten dut galdera baina… nahikoa kezka badut!

Adibide gisa eta Santainesek irauten dutenez, oraingoan Iraetako Nagusikua baserriko argazkia. Gure Gipuzkoatik hartua. Gaur begiratu diot aspaldiko partez Iraetako baserriari eta erdia bakarrik dago zutik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide