Oihu

Nire barne gudak entzuten nabil une oro, zu gisan. Ez bainaiz ene erraietan bi bando dituen izate bakarra, eta baietz uste zenuen arren, zu ere ez. Une oro gabiltza garenaren eta ez garenaren aurka borrokan, borroka isilean, borroka giltzapetuan, korapilatuan. Eta ez dakit zuri, baina niri borroka horiek koskorrak sortzen dizkidate, sorbaldetan eta gerrian. Ukitzean mina ematen didate, baina gogor ukitzeak soilik ken diezadake ematen didaten mina. Kontraesankorra ezta? Korapiloa askatzeko, korapiloan barneratu behar gara, nahiz eta jakin badakigun min emango digula.

Lorategian desertu sentitzen naiz sarri, gutxitan imajinatzen dut nire burua desertuko lore, desertuko oasi. Baina askotan naiz lore, nik uste baino gehiagotan, eta zu ere bai. Badakizu zein den arazoa? Ez dakigula ikusten zein lore ederrak garen. Begiratzen ikasi genuen, baina ikustea ahaztu zitzaigun, eta oraindik ez dugu gogoratzen nola egiten den.

Eta badakizu zer egingo nukeen gustura? Oihu, oihu ahalik eta ozenen, sorbaldetan eta gerrian ditudan korapiloak aska daitezen, mundu guztiak hemen gaudela jakin dezan. Baina ez naiz ausartzen, lotsa ematen dit, jendea begira geratuko zait eta eroa nagoela pentsatuko dute. Ez zaizu inoiz hori gertatu? Zera esan nahi dut, ea ez al duzun inoiz zerbait egiteko gogo izugarria eduki, baina hain zen handia zenuen beldurra, egiteko gogoarekin gelditu zinela. Niri askotan gertatu zait, horregatik oihu egin nahi dut, balkoian, mendi tontor batean edo kale erdian, zergatik ez? Izan ere, hain dira ozenak norberak barruan ditugun oihuak, oihu izugarri bat botata ere inork ez gintuela entzungo.

Baina une batez pentsatzen jarrita, ez dakit zergatik kontatzen dizudan hau guztia, zorakeria bat da, ez zaizu iruditzen? Hobe izango dugu badaezpada isilik gelditzea, gure barne- gudekin, sorbaldetako eta gerriko koskorrekin, lorategiko desertua lez, elkarren oihuei entzungor eginez.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide