Oinarrizko elikagaien eta produktuen bankua indartzeko ’10 euro edo gehiago’ kanpaina jarri dugu martxan Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan
— 2020-07-07Konfinamendu garaian eman genion hasiera oinarrizko elikagaien eta produktuen bankuari. Jada konfinamendutik atera gara, baina, aurreikusi genuen bezala, langileon egoerak okerrerako norabidean jarraitzen du. Denborak erakutsi du martxan jarri genuen proiektuak izateko arrazoirik baduela. Hori dela eta, Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan kanpaina berri bat jarri dugu martxan proiektua indartzeko asmoz.
Orain arte ez ditugu oinarrizko elikagaien eta produktuen bankuan izandako eskaera eta hartzaile kopuruen datuak mahaigaineratu nahi izan. Izan ere, datuak ematea asistentzialismoa sustatzen duten erakundeek euren lana goraipatzeko egiten duten ariketa izan ohi da gehienetan. Hala ere, proiektuak hartu duen dimentsioa eta antolakuntza beharrak ikusita, egoeraren berri ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Dagoeneko 503 dira orain arte eskualdeko hiru herrietatik jaso ditugun eskaerak. 503 pertsona oinarrizko produktuak eta elikagaiak eskuratzeko arazoak dituztenak. 503 bizipen eta istorio. 503 langile gizarte eredu honek baztertuak. Gure gaitasunak kontu haundiz neurtuz, oraingoz, 232 pertsona dira hilero gure zerbitzua jasotzen dutenak. Datuei erreparatuta, nabaria da egiten dugun esfortzua ez dela nahikoa dugun eskaerari erantzuteko. Beharrak hor jarraitzen du.
Ikusten ez den errealitatearen larritasunaz jabetzeak soilik du elkartasuna eta konpromisoa antolatzeko eta elikatzeko potentzia. Gure proiektua aurrera ateratzeko ezinbestekoa da herritarren parte hartzea, hiru laguntza formetan: produktuak dohaintzan emanez, boluntario gisa lan indarra jarriz edota ekarpen ekonomikoak eginez. Beraz, ezinbestean eskertu behar dugu bide honetan bere alea jartzeko konpromisoa erakutsi duen pertsona ororen ekarpena. Ziur gaude langile arteko elkartasuna antolatzeko bide eraginkorra hartu dugula. Bide honetan pausoak ematen jarraitzea dagokigu.
Martxan jarri dugun dinamika berriak 10 euro edo gehiago du izena. Izenburuak nabarmentzen duen bezala, proiektuaren momentu honetako eskari guztiei erantzun ahal izateko baliabide ekonomiko jarraituen beharra dugu. Horrenbestez, hilean gutxienez 10 euroko ekarpen ekonomiko jarraitua egitera gonbidatu nahi zaituztegu.
Argi utzi nahi dugu abiatutako kanpaina ez dela aspektu ekonomikora mugatzen. Lan boluntarioaren indartzea eta ekarpen materialen jasoketa bermatzea ere beharrezkoak dira. Izan ere, orain arte egin dugun harreman sareak baieztatu digu “oinarrizko beharrak” asetzeak garapen etengabea eskatzen duela, bai kontzeptu aldetik, baita antolakuntza aldetik ere. Guztion ekarpenak soilik ekarriko du bide honetan, esku artean dugun proiektuaz gain, lan lerro berriak irekitzea eta kapitalismoaren krudelkeria gogorren pairatzen dutenen aldeko dinamika berriak martxan jartzea.
Ekarpen xume askorekin ur haundiak mugitzeko gaitasuna duen elkartasun dinamika dugu esku artean. Gure aldetik, independentzia politiko osoz eta langileon elkartasuna erdigunean jarriz jarduteko konpromisoa berresten dugu. Berau elikatzera gonbidatu nahi dugu eskualdeko herritar oro.
Ekarpena egin nahi?
Jarri gurekin harremanetan. Idatzi mezu bat 688 769 047 telefono zenbakira edo krisilehengaibankua@gmail.com. helbidera, zure izen-abizenak, kontu korronte zenbakia eta hilero egin nahi duzun ekarpenaren zenbatekoa zehaztuz.
Egin zaitez bazkide