Oletan ere ez! eta Sañu Bizirik taldeen agerraldia
— 2023-03-06Oletan ere ez! eta Sañu Bizirik herri ekimenek, jendearen aurrean azaltzeko beharra sentitu dugu, zentral eolikoen aferaren inguruan eskualdean azken asteetan jazotzen ari direnak adierazteko. Gainera, agerraldi hau Izarraizgo Atean egin nahi izan dugu; hirietara berdeguneak ekartzearen ikur bilakatzen ari den espazio honetara. Izan ere, udal agintariek baratzak, espazio naturalak, berdeguneak, herrira ekarri nahi izan dituzte, hauetaz herritarrek goza dezaten. Aitzitik, naturalki berdeak diren guneak industrializatu nahian dabiltza, burujabetza energetikoaren izenean, enpresa handien etekin gosea asetzeko.
Denok ados egon gaitezke, aurrean ditugun larrialdi globalei, klimarena kasu, komunitarioki eta bertatik hasita, trantsizio energetiko sakona eginez aurre egin beharko diegula. Baina klimarena ez da aurrean dugun krisi mundial bakarra.
Hor ditugu elikadura krisia, baliabide naturalena edota biodibertsitate galera eragiten ari diren krisiak ere, besteak beste. Ezin dugu ahaztu, ezta, gure bizimodu erosoak mantendu, zein energia berriztagarriak sortzeko behar diren tramankuluak egiteko, iparraldetik hegoalde globalean eragiten ari garen mineralen eta lurren ustiapenaz; bide honetan eragindako presioen ondorioz sortutako gerra eta populazio migrazioez.
Energia iturri berriztagarriak erabiltzea ezinbesteko bihurtu zaigu, edonork nahiko lukeena baino epe motzagoan. Trantsizio energetikoa egin beharreko lan bihurtu da; baina ez gaude edonola egiteko prest. Eraldaketa bide honetan, inguruneak eta bertatik bizimodua ateratzen duten baserritarrek ere, beste faktore guztien pareko garrantzia izan beharko lukete.
Orain dugu aukera energia-trantsizio eraldatzaile bati ekiteko, edota martxan diren eredu jasangarriago eta demokratikoagoei jarraipena emateko.
Makroproiektuek planteatzen duten sorkuntza-eredu zentralizatzaileak hazkunde ekonomikoa helburu bakar edota nagusitzat duen orain arteko eskema erreproduzitu besterik ez du egiten.
Eredu diruzale suntsitzaile honen aurrean, garbi dugu gure mendiak ordezkaezinak eta ukiezinak direla. O-KM energia, hirian bertan sortzen dena da, ez menditik sare elektrikoaren bidez ekarri behar dena. Aldiz, planta eolikoek eragindako kalte berreskuraezinak ugariak dira: ingurumenean, bioaniztasunean, erreka eta akuiferoetan, baserritarrei, mendizaleei, ehiztariei, ondare kultural eta arkeologikoan, turismoan…
Egiten dugun irakurketaz gain, azken asteetan berrikuntzak eman dira gure eskualdean:
Oletako proiektuari dagokionez, Azkoitiko udalak bertan neurgailua jartzeko baimena eman du. Kezkaz bizi dugu udalak enpresa bati, bere etekinak lortzeko ateak horrela zabaltzea. Batez ere, haien esanetan, apenas informaziorik ez dutenean.
Zestoa, Errezil eta Azpeitiko udaletan aurkeztutako mozioei dagokienez, Zestoako udala izan da, momentuz, gaia udal plenoan lantzeko pausoa eman duen bakarra. Bertan aurkeztutakoa onartua izan ez bada ere, interesgarritzat jotzen dugu Zestoako udalak herritarren eta herriaren beharrak makroproiektuen aurretik jartzeko egin duen hautua.
Azpeitian, berriz, aurkeztutako mozioaren lanketa astearteko (martxoak 7) plenoko gai zerrendan sartua izan da. Honi lotuta, Zestoako udalak harturiko bide berdina hartzeko deia egiten diogu Azpeitikoari ere. Bertan lan egin eta bizi diren bizilagunen beharrak lehenetsi eta landa eremuak industrializatzeko asmoak bertan behera laga ditzala.
Arrazoiak anitzak ditugu beraz, herritarrek kaleak hartu eta, aniztasunetik, zentral eolikoen, zein trantsizio ekologikoaren inguruan dugun posizioa instituzioen aurrean azaltzeko. Horregatik, dei egin nahi diegu eskualdeko herritar guztiei martxoak 18an, arratsaldeko 19etan Azpeitian, Plaza Nagusitik abiatuta, Mendietan Zentral Eolikorik Ez! Lemapean, egingo dugun manifestaziora.
Azpeitian, 2023ko martxoaren 4an
Egin zaitez bazkide