Orain presoak

Azken aldian gizarteak mobilizatzeari utzi dioenaren sentsazioa daukat. Hainbat eta hainbat arrazoi ditugu gaur egun kalera ateratzeko; gure ezinegona adierazi eta gure ezadostasuna adierazteko, amorrua kanporatzeko… Baina, nire ustez, sistema neoliberalaren lorpen bat da gu etxean geratzea eta ez mobilizatzea. Hau da, sistemak jendeari ondorengoa sinestarazi diola esango nuke: “total, zertarako mobilizatuko naiz, zertarako egingo dut ezer, nik egiten dudan horrek ez du ezertarako balio…”

Eta guzti hori hainbat arlotara zabalduta. Gaurkoan presoen gaiari heldu nahi diot. Hor ditugu azken ostiraleko elkarretaratzeak, urtean 12 direnak, Antton etxera lemapean egiten direnak. Eta deportazioarekin amaitu behar da, baita dispertsioarekin ere. Hori lortzeko ezin gaitezke geldirik geratu, nahiz eta iruditu ezer ez dugula lortuko, beti izango da hobea etxean geratzea baino. Alegia, geure aletxoak beti balio du, denak baikara beharrezkoak gauzak aldatzeko gure mundu honetan. Edozein keinu txiki da baliokoa, beharrezkoa eta ezinbestekoa.

Aste honetan ere baditugu deialdiak: urtarrilaren 12an bi manifestazio izango dira, bata Baionan eta bestea Bilbon. Biak ere Orain Presoak dinamikaren eta Iparraldeko  Bakegileek taldearen elkarlanaren baitan; Espainiar eta frantziar estatuei oraindik bake justu eta iraunkor baterako baldintzak ez direla bete esateko, horretarako, espetxe politika honekin amaitzea behar beharrezkoa baita.

Ados, gauza asko ditugu hobetzeko, mobilizazio moldeak agian aldatu beharko ditugu, gai askoren inguruan hausnartu beharrean gaude… hori guztia hala da. Baina, bitartean ez gaitezen gora begira geratu, egin dezagun zerbait gure gizartean ditugun hainbat arazo konpontze bidean jartzeko.

Ni, ezerren okerrik ez bada, Bilbon izango naiz. Sinesten dudalako geldirik egonda ez dela ezer lortzen, eta zu ere, irakurle, gonbidatuta zaude.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide