Otsailaren 23an Argiola herritarren aurrean aurkeztuko dugu
— 2023-02-03Energiaren gaia eztabaidaren erdigunean kokatu zaigu halabeharrez, etorkizun hurbileko erronka nagusienen artean dugu zalantzarik gabe. Herrian ere pil-pilean daukagu gaia.
Guri dagokigunez, hilabeteak daramatzagu Zestoan energia komunitatea sortzeko ahaleginetan. Bilera eta lanketa ugariren ondoren proiektua herriratzeko unea iritsi zaigu. Gauzak horrela, aurkezpen publikoa egingo dugu otsailaren 23an, kultur etxean.
Deialdia luzatzearekin batera, gure gutun fundazionalaren berri eman nahi dugu argitalpen honetan, herritarrok proiektu komunitario honen berri izan dezazuen.
ARGIOLA ENERGIA BERRIZTAGARRIEN KOMUNITATEAREN GUTUN FUNDAZIONALA
Energia, gure bizitza zeharkatzen duen gaia izanik, edozein pertsona edota komunitateren ongizaterako ezinbesteko elementu gisa aitortu beharra dugu. Beraz, alor hau gureganatu eta gaur egun energiarekiko dugun arazoa aztertzea beharrezkoa da, herritarrak ahaldundu eta parte‐hartze aktiboaren bitartez gure ingurunean eragin dezagun.
Trantsizio energetikoaren beharra
Gaur egun, Euskal Herrian kontsumitzen dugun energiaren %10 soilik ekoizten da bertan. Baina testuingurua are okerragoa da, kontuan hartzen badugu energia horren ekoizpenak, gehienbat, jatorri fosila edota ez berriztagarria duela. Horrela, esan genezake, egungo energia‐eredu nagusia zentralizatua, enpresa handien menpekoa, ez eraginkorra eta, ingurumenari dagokionez, guztiz jasangaitza dela.
Testuingurua iraultzeko, Zestoan, edozein herritan bezala, garaia da tokiko autosufizientzia energetikora bideratutako ahaleginak egiteko, energia‐iturri berriztagarrietan oinarritutakoak.
Zergatik elkartu?
Ingurumen‐larrialdi global eta pobrezia energetikoko egoera baten aurrean gaude eta beharrezkotzat jotzen dugu Zestoa herriko baliabideak indartzea; energia‐eredu hobea, aurreratuagoa, independenteagoa eta erresilienteagoa lortzeko. Hori horrela, ARGIOLA‐k, herri‐egitasmo zabal baten forman, tresna izan nahi du energia‐subiranotasuna eta jasangarritasuna lantzeko.
Gure beharrak aztertuta, eta bertako baliabideak kontuan hartuta, ARGIOLA‐k proiektu propioak garatzea ditu ardatz; beti ere, ingurunearen zaintza, herritarron ongizatea eta irabazi asmorik gabeko tokiko garapen ekonomiko gardena oinarriturik.
Hausnarketa eta parte hartze iraunkorrerako taldea eratzea
Krisi‐energetikoari eta energia‐trantsizioaren erronkari aurre egiteko, Zestoa herriko komunitate bizi eta aktibo bat osatu nahi dugu. Horretarako, egitasmo herritar eta zabal bat jarriko da abian, honako helburu hauekin: antolaketa autonomoa izatea, ezagutzak eta energia partekatzea, lankidetzan oinarrituta egotea eta emaitza sinergikoak ahalbidetuko dituen etengabeko ikasketa‐prozesua mantentzea (teknologia, gaitasun, antolaketa eta abarrei dagokienez).
Gizarte kohesioa eta tokiko garapena
Egungo bizi baldintzak hobetzeko bidean, ARGIOLA inklusiboa izango da eta ingurune hurbilaren garapenerako tresna izango da. Hala, ez da inolaz ere baztertzailea izango eta arrakala sozial eta ekonomikoa gainditzeko helburua izango du. Komunitateko partaideek energia gutxiago kontsumitzeko kontzientziazioa ez ezik, onura ekonomiko zuzenak ere jasotzea espero dugu. Halaber, aurrezpenak izanez gero, Zestoako EBKren balioekin bat datozen proiektuetan berrinbertituko dira edota lanpostuak sortuko dira; eta, horretarako, lehenetsiko ditu bere balio eta xede sozialak partekatzen dituzten bertako enpresak.
Egin zaitez bazkide