Albisteak

Paula Nogalesek irabazi du Amabirjin jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa

Paula Nogalesek osatu du aurtengo festetako egitarauko azala eta bera arduratu da programaren diseinu eta maketazioaz. Udalak, Amabirjin jaietako egitarauaren azala aukeratzeko antolatutako lehiaketako irabazlea izan da Nogales. Bost partaide izan ditu lehiaketak eta guztira, zortzi lan aurkeztu dituzte.

Zer dela eta aurkeztu zinen festetako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketara?

Programa egin behar nuela jakin nuenean, azala egiteko lehiaketara aurkeztea erabaki nuen. Programa batek bere esentzia eduki behar du, azala eta barruko guztiak jarraitutasun eta harmonia izan behar dutela iruditzen zait, horregatik aurkeztu nintzen. Azalaren diseinua egiterako orduan Zestoan oinarritu naiz. Herriko plaza beti izango da gure ikurra eta egin dudan lanarekin jendea festetara gonbidatu nahi izan dut.

Programa egiterakoan, zailena argazkiak aukeratzea izan da. Argazki eta programa asko daude eta errepikakorra ez izaten saiatu naiz. Hasieran, lanaren maketazio eta diseinua pentsatzea ere kosta egiten da. Behin garbi duzunean ordea, erraza da, informazioa sartzea besterik ez da.

Diseinuarekin zerikusia duen zerbait ari zara ikasten, ezta?

Diseinu grafikoa ikasten ari naiz Donostiako Arena eskolan. Txikitatik gustatu zaidan zerbait da. Beti arreta jartzen nuen aldizkari, kartel edo liburuetan. Askotan, zailak egiten zitzaizkidan batzuk irakurtzea eta hori beste era batera egitea posible izango litzatekeela pentsatzen nuen.

Orain, Donostiako Mara Mara taldean nago praktiketan. Urte guztian zehar eskolan ikasi dudana praktikan jartzen ari naiz eta oso gustura nago. Maketazioa, flyerrak, kartelak edota portadak egiten ditut han.

Zer egingo duzu gradua amaitutakoan?

Etorkizunean ikasten jarraitzeko asmoa dut. Formatzen jarraitu nahi dut, asko gustatzen zaidan zerbait da. Gaur egun, webguneetan izango dugu lana. Ezetz ematen duen arren, oso garrantzitsua da gure lana. Kartel bat, liburuko portada bat, liburu edo aldizkari baten maketazioa, norbaitek egin behar du eta horretarako gaude gu.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide