Pazko jaia Aizarnan

Pazko jaia Aizarnan (2018)

Ospatu dugu aurten ere Aizarnako  pazko jai berezia. Jai honek, garai bateko  pazko bigarrenean egiten zen erromeria du oinarri, naiz eta orain larunbatera aurreratuta  daukagun. Aste eguneko jaiek ez dute zentzurik gaur egun, horregatik joan dira  pikutara, nik hala uste behintzat.

Ez dakit seguru zein urte zen, baina gogoan dut urte batean Aita Santua hil zelako bertan behera gelditu zela erromeri hau. Zeinek eman ote zigun tristura gehiago? Erroman hildako Aita Santuak ala erromeria ez egiteak? Nik bigarrena esango nuke.

Nire gazte  garaian gehienak txirrinduan etortzen ziren Aizarnara, bat edo beste motorrean; gu berriz, jendea dantzan hasteko zain, txirrinduak hartu eta “Autso” gainetik buelta emateko. Hori bai, gero  bere tokian uzten genituen (eta ez gaur egiten den bezala, arrapatu!)

Dena den aspaldiko kontuak dira, baina ni bezala gehiagok ere egiaztatuko dituzte  egun honetako bihurrikeri hauek; orduan zaila zen bizikletan ibiltzea Aizarnan, gutxi ziren  eta ondo zaindutakoak gainera.

Kontuak utzi alde batera eta egun honetako jai-giroa nolakoa zen azalduko dut. Hasteko esan behar,  egunean egin zuen giroak asko lagundu zuela ekintzak antolatzeko garaian, txahala ere plazan erre zuen Migel Angelek eta jendeak ere bertan  bazkaldu. Non hobeto, egiten zuen giroarekin!

Artisau azokan salmahai ugari jarri zituzten,  plaza dena betea ikusten zen postu hauekin, zerbait erosi nahi zuenarentzat  bazegoen aukera. Azpimarratzekoa arotz baten erakustaldia bibolinak egiten. Talo egileen postuan, jende ugari aritu zen lanean, egun talo jaleak asko baitira eta  mokadu gozoak prestatzen zituztela esan beharra dago, ofizioa ikasia dute nonbait.

Aranburu atarian zegoen txorimalo erakusketa ere oso polita  iruditu zitzaidan, egia esan era askotakoak zeuden ikusgai, handiak, txikiak eta denak kolore politekin osatuta gainera. Aspaldian txorimalo gutxi ikusten da gure soroetan, moldean eginiko  txori harrapariak gehiago, baina oraindik atsegina egiten da, berauek ikustea.

Egun honetako giroa zaila egiten da lerro batzuetan irudikatzea, gehiago jabetu nahi duenak egin begirada bat, argazkiekin osatu dudan  bideoari. Argazki kamarekin akats bat izan nuen egun horretan eta argazkiak ez dute behar bezalako mailarik, barka aldez aurretik.

Jon Egiguren

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide