Pello eta Joan Alberto: bi zestoar Carltonen

Ez nuen asko uste gerra kontuek inoiz barrea eragingo zidatenik baina gaur arratsaldean hala izan da. Iñaki Alkain bertsolaria (1917-1971) hil ondoren, Antonio Zavalak Auspoan argitaratutako Gerrateko ibillerak liburuak du kulpa guztia. Kontatuko dizuet, bada.

Bilboko Carlton hotelean gertatzen da gure historia. Bere bizitzan zehar (1926an inauguratu zen) hainbat aldaketa jasan ditu baina oraindik aztarna historiko asko ditu eta monumentu izendatuta dago. Herri honetako seme Joan Alberto Gaztañaga arduratu zen, duela urte batzuk, Carlton hoteleko hainbat eremuren dekorazioaz (Joan Albertok ere liburu bat egiteko adina emango luke, baina, tira, hori beste historia bat da).

Edozein modutara ere, gutxik dakitena da Carlton hotelak bunker bat ezkutatzen duela bere egituran. Bai, Gerra denboran, 1936ko urritik 1937ko ekainera arte, hau da, frankistak sartu ziren arte, Jose Antonio Agirre buru zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza huraxe izan zen. Eraikuntzaren sendotasunagatik aukeratu omen zuen Gobernuak hotel hura. Hormigoi armatuzko babeslekuan, hamabi metro luze eta lau zabalekoan, hainbat bilkura egin omen ziren, lehendakaria buru zela, Bilbo bonbardatzen ari ziren garaian.

Bada, garai hartantxe gertatua izan behar du –alegia, frankistek Bilbo hartzeko zorian zeukatenean– Alkain bertsolariak kontatzen duen pasadizoa. Dirudienez, Basurtuko kuartelaren inguruan zebiltzala “etsaiaren enlaze batzuk” azaldu zitzaizkien (alegia frankistak) eta esan zien errenditzen baziren ez zitzaiela ezer gertatuko. Haiek, ordea, ez zirela errendituko esan zieten. Gero, berriz, paper batekin joan omen zitzaizkien “ongi letraz beteta gaiñera, danok ongo artuak izango giñala esanaz, nun-da batenbatek esku mantxaturik ez zuen”. Azkenik, burua makurtzea erabaki zuten “bañan Euzkadi’ko gobernua izaten zan lekuan makurtuko giñala”.

Horrela bada, joan dira denak burua makur-makur eginda Carltonera. Eta orain, Alkaini utziko diot hitz egiten:

Sartu giñan, eta ni Pello Zestua’koarekin tokatu nintzan (…) Beintzat, jetxi gera biok zer ikusi beko bodegara, eta an bai guk bodega prisionero arrapatu genduala. Sekulako jatekoak eta edateko edaririk onenak zeuden alajañetan. Pello orrek onela dit: -Alkain, etsaiak ez dizkitek auek danak jan eta edan bear. Onenean, gaur azken eguna izango diagu, eta obe diagu askozaz ere naikoa jan eta edan eginda iltzea. Idiki zak onako txanpain au. Frantzi’ko onena dek. Nik kaja galleta bat idikiko diat. Auek ere frantzesak dituk. Bereala ustu genduan botella; gero bestea, eta gero bestea, eta ez dakit zenbat.

Urdai-azpikoak ere bazeuden ederrak, serrano alajañetan. Nik labana txorrotx-txorrotxa banuan, eta ura jatea, urdai-azpikoa galleta frantzesakin! Ontatik naikoa egin genduanean, Hennessy botella pattarra, eta ia bukatuta gelditu zan. Arrapatu genduan melopearekin, Pello orrek bodegan bertan lo artu zuan; eta nik, eskalleretan gora abiatu eta eskallera-buruan lo seko artu. Orrela aztu ziran aurreko egunetako tamaltasunak. Alako batez, makillarekin zerbait joaz, etsaiaren bi soldaduk esnatu ninduten. Ni zutik, ez errez, bañan egoteko ainbat banintzan. Bañan Pello, beko bodega-zulotik bi soldadu aiek atera bear izan zuten. Eta, biraoa esateko oso oitura txarra baitzuan, Jesus!, arek bota zituan errenkadak! Eskerrak bi soldadu aiek naparrak zirala eta Naparroa’n, zenbait tokitan eta garai batean beintzat, olakorik esateko oitura aundia zala. Bestela, biok bertan iltzen gaituzte.

Patiora atera eta armak utzi arazi dizkigute. Nik pistola ametralladora nuan, baita lau esku-bonba ere, tankeai tiratzeko. Bañan, tankeai tiratu bearrean, frantzes galleta eta edaríai tira genien, ezpañak ederki igurtziaz. Ez ginduzten beintzat arrapatu egarríak eta goseak. Bañan geroztik bagenituan ederrak paseak. Beste lagunen illaran jarrí arazi gaituzte, eta Hotel Carlton ortatik kalerík-kale eskolapioetara eraman. An, aurrenetik, gerok nagusi bagiña bezela jarri ginduzten. Etzan iñor kopeta beltzarekin, danok poz-pozik baizik. Bañan, laugarren egunerako, ederki aztu ziran gure pozak”.

Barrez lehertzeko gogoa ematen du, gero gauzak tristetu egin zitzaizkiela jakingo ez bagenu: “Laugarrengo illuntze-ingurua allegatu da, eta danok kale erdira atera gaituzte. Patrikak miatu dizkigute, eta danok iru illaratan, isekaz, burlaka eta biraoka, Jesukristo Jerusalen’en ibilli zuten bezela (…). Kale artan esan zizkigutenak, nik ez det uste iñun esan litezkenikan. Ango: –¡Hijo de puta! ¡Hijo de tal! ¡Hijo de no sé qué! Eta, bitartean, guk ezeren errurik ez izan”.

Bai, barrez lehertzekoa da zeren, trantze gordin horietan, gure Alkainen esateko moduak, Jesukristo ere barrez jarriko zukeen-eta: “Gu geren lekuetan paketsu geunden, erbi bat eta beste edozein egoten dan bezela, norbere kabietan. Iñor xaxaketa joan artean, erbia antxe egoten da pake-pakean. Bañan, etsaia joaten zaionean, arek ere irten egin bear bere kabitik”.

Esaten dute, gerra latz hura bizi izan zutenek, han heriotza ondo ondoan zeukaten trantze ikaragarri haietan, umoreak eta elkartasunak, sarritan, tartea izaten zuela.

Kontuak kontu, gutxien pentsatzen den lekuan aurkitzen ditugu guk erbiak (zestoarrak) gure “aztarka” honetarako: Pello (gustura jakingo nuke zein ote zen) eta Joan Alberto. Biak Carltonen. Bilbon, munduaren erdi-erdian!

 

OHARRA EDO POST SCRIPTUM: Nik “aztarka” hau idatzi eta argitaratu, eta handik 24 ordura konturatu naiz Jon Artanok gai berdina aipatu zuela Danbolinen, 2011ko martxoan. Irakurri, seguru irakurri nuela, baina hau idazterakoan ez nuen gogoan pasadizoa eta, hortaz, “aurkikuntza” baten berri ematen ari banintz bezala jardun dut idazten; Colonek Amerika aurkitu zuenean bezala. Gizalegeak, ordea, agintzen du gu baino lehenagotik ibili direnei ematea meritua eta ez sasi-aurkitzaileei. Esana geratzen da, beraz. Erbia Artanorentzat!

Argazkia: Bilboko Carlton hoteleko bunkerra, gaur egun ingeles estiloko taberna bihurtuta (elviajero.elpais.com/elviajero/2015/04/27)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide