Albisteak
Pili Alkortaren “Paisaiak eta erretratuak” erakusketa irekiko da asteburuan
— 2022-08-24Pili Alkorta margolari zestoarraren lanekin erakusketa antolatu du Zestoako Udalak. Bere berrogei lan inguru ikusgai izango dira larunbatetik aurrera udaletxeko batzar aretoan. Abuztuaren 27an, larunbatez emango zaio irekiera erakusketari eta irailaren4a bitartean egongo da ikusgai. Goizeko 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegia izango du.
Uztaileko Danbolineko zenbakirako Fernando Arzallusek margolariaren inguruan egindako artikulua duzu ondorengoa
[JARDUNIAN] Pili Alkorta: urrutira iritsi ahal izan zen margolaria
Enarak datozen bezala, urtero-urtero, hutsik egin gabe, etorri ohi da Pili Alkorta bere jaiotetxera. Egonaldia egiten du anaia Karlosen etxean, lagun zaharrak bisitatzen ditu, Amabirjina eguneko kontzertua entzuten du, eta barrerak kentzen hasi eta negua datorrela igartzen duenean, bere Bartzelona maitera itzultzen da. Zaletasun bat du txiki-txikitatik Pilik, margotzea, eta gaztetatik antzeman zioten bazuela talentua. Garai haietan pinturara profesionalki dedikatu izan balitz –gizon jaio izan behar horretarako– zeinek daki noraino ailega zitekeen.
Aurten, herritar batzuk, besteak beste, Xabier Unanue, Piliren anaia Karlos eta Miren Aristi, Zestoako Udalarengana zuzendu dira Piliren lanen erakusketa antolatzeko proposamena eginaz. Esan eta izan: datorren abuztuaren 26tik irailaren 5era arte izango dugu bere paisaien eta erretratuen aukeraketa bat ikusteko okasioa. Prestaketa lanetan ari garen honetan, aukera paregabea iruditu zaigu Piliren zaletasuna pixka bat gehiago ezagutzeko, eta telefonoaren hoztasunaren gainetik, Zestoatik Bartzelonarako distantziaren gainetik, bere prestutasuna eta ahots beroa aurkitu ditugu.
Eugenio Alkorta Tolosa, Zestoan Errepublika garaiko azken alkatea izan zenez, gerra hasi bezain pronto Frantziara erbesteratu behar izan zuen emaztea eta seme-alabekin (Karlos, Pili eta Eugenio). Handik itzultzeko “baimena” izan zutenean, familia guztia sakabanatuta geratu zen. Ondo akordatzen da Pili: “[Frantziatik] itzultzean, nire ama Donostian geratu zen umearekin [Eugenio]; Karlos, berriz, Alcorta hoteleko izebarengana joan zen; eta ni osaba Anastasiok eta bere emazteak hartu ninduten; izeba Jesusa zuen lehen emaztea, eta haiek hartu ninduten ni. Han Alcorta aurrean zegoen irakaslearengana eraman ninduten ikastera; mutilentzako gela bat zegoen, eta neskentzako bestea. Han egon nintzen bederatzi urte bete arte edo, eta hamar urterekin esan nien gurasoei mojetara joan nahi nuela (Karitateko Alabak Miserikordian)”.
Goiz hasi zen margotzen Pili, eta hamabi urterako burua dena margoz betea zeukan hark: “Nire amak anaia bakarra zuen, marrazkilari profesionala; nik uste dut hortik datorkidala; Donostian bizi zen, eta marrazketa profesionalean aritzen zen komertzialerako eta hori guztia (Zestoako jaietako programa bat egin zuen behin). Lehendabizi hasi nintzen marrazki txoroak egiten, baina asko gustatzen zitzaidan eta ikusten nituen buru denak marrazten nituen”.
Ikasten
Amak lehengusina bat zuen Zaragozan, eta hara joan zen bizitzera Pili, denboralditxo baterako, hamasei bat urte zituenean: “Han Arte eta Lanbide Eskolara joan nintzen hilabete batzuetan. Margotzen zuten gelan pintura-asto bat eta margotzeko gaia jartzen zizkidaten, baina denbora pasa eta Gabonak iritsi ziren eta esan nien horrek ez zidala ezer erakusten, margotzen nuela baina besterik gabe, eta, beraz, ez nintzen gehiago itzuli. Irakaslea etorri eta begiratzen zidan, eta “jarraitu, jarraitu” esaten zidan, baina ez zuen ezer irakasten. Marrazketa-eskola batera ere joan nintzen, eta igeltsuzko buruak jartzen zizkidaten, haiek marrazten ikasteko, eta hori bai, gustatzen zitzaidan.
Beraz, Gabonetarako herrira itzuli zen Pili, baina gerraosteko irakaskuntza moduek ez zieten artista gazteari adorea kentzen. “Korrespondentzia bidezko ikastaro bat ere egin nuen, eta han zerbait ikasi nuen. Eta margotzen jarraitu nuen, paisaiak batez ere, orduan ez nuen-eta erretraturik egiten. Dena zen paisaia naturalean, hau da, mendira irtenda”.
Familia jakitun izango zen pintatzeko dohain izugarriak zituela, eta Donostian ere egin zituen saio batzuk Ascensio Martiarena margolari ospetsuarekin (1884-1966). 65 bat urteko gizona ordurako, 17 bat urteko neskatxa Pili, eta ez zen ongi egokitu giro hartan: “Pinturatik ezin zela bizi esan zidan, eta osabaren tankerako marrazkia egiten ikasi behar nuela, alegia industriari begira edo diseinu grafikoa, eta ni konturatu nintzen hori ez zela niri gustatzen zitzaidana. Eta uda iritsi zen eta orduantxe amaitu nuen. Horren ondoren, Zestoan paisaiak margotzen aritu nintzen. Neure kabuz, gustuko gaiak bilatzen nituen eta pintatzen nuen. Zestoa eta inguruak, Arroa eta abar”.
Pinturarako irrika edo bokazio handia dago hor, agian osabak elikatutako bokazioa, baina baita gurasoek eta inguruko lagunek babestutakoa ere. Baina beste borroka bat ere badago: berari gustatzen zaion hori ikasi –alegia, margotzea– eta horretan norbait izateko grina. Eta momentu hori iristeko zorian dago.
Iritsi zen, bai, Pili Alkorta gaztea noraino ailega zitekeen ikusteko momentua: “Eta erakusketetara joan nintzen. Donostian egin zuten bat, udaletxeko beheko solairuan, atzeko aldean. Pintore berrien erakusketa bat antolatu zuten eta han nire margolan batzuk aurkeztu nituen. Eta ez zitzaidan hain gaizki joan; Euskal Herrian gero famatuagoak egin diren batzuk izendatu zituzten, baina haien artean ni ere izendatu ninduten, ez onena nintzelako baina bai etorkizuna nuela uste zutelako”.
Ez digu xehetasun gehiagorik eman Pilik, baina merezi du atal honek ikerketa sakonagoa egitea. Onena ez zen izango, berak dioen bezala, agian, baina gerora oso ezagunak izango ziren margolarien ondo-ondoan egon zen bere lana.
Emakumeen IV. pintura erakusketan (IV Salón de pintura femenina) parte hartu zuen 1952ko maiatzean. Donostiako Udaleko Arte Aretoetan. Bi erretratu aurkeztu zituen, eta horiez gain, Palacio de Lili eta La Cruz izeneko margolanak. Arrakasta dezente izan zuen, itxura denez. Izan ere, hurrengo urtean Gipuzkoako Artista Berrien XVI. Erakusketan parte hartu baitzuen. Orduko hartan, gerora oso margolari ospetsuak izango zirenekin partekatu zuen aretoa Pilik, esate baterako, han ziren Jesus Montes Iribarren, Jose Gracenea, Alejandro Tapia, Rafael Ruiz Balerdi, Juan Luis Mendizabal “Mendi” edo Jose Antonio Sistiaga artista eta zinemagile esperimentala. Artista horiek, beste askoren artean, Gipuzkoako –eta Euskal Herriko– gerra ondorengo artearen mapa osatu zuten. Sei lan izan zituen erakusgai, alajaina, Pili Alkortak: Ibaizabal, Azubialde, Cestona (los tres arcos), Contraluz, eta Arroako bi paisaia.
Erakusketa arrakastatsu haren ondoren, herrian egin zuen beste bat Kaleokerrean, Querejeta hotelean, Juan Egiguren margolariarekin (“Lokal luze eta estu bat zen”). Egigurenek lantegia zeukan Zestoan, baina Zarautzen bizi zen, eta han urtero antolatzen omen zuen udan erakusketa bere artelanekin.
1950eko hamarkadan, Pili ezagutzera eman zen artistikoki, baina bizitzari dagokionez, gauzak irauli zituena Jose Mari Lucas ezagutzea izan zen. Jaiotzez Murtziakoa zen, baina Zaragozan bizi zen. 1958. urtean ezkondu egin ziren, eta Zaragozara joan ziren bizitzera. Han urtebete egin zuten eta handik Bartzelonara aldatu ziren: “Nire senarra eta bere aita makina industrialen ordezkariak ziren, eta Euskal Herrian egindako makinak saltzen zituzten Katalunian, eta horregatik joan ginen hara bizitzera. Katalunia oso saltoki ona zelako”.
Han familia-bizitzak eta umeek ez zieten denborarik eta aukera handirik uzten margolanerako. Eta, jakina, Donostiako erakusketa haietatik-eta, hango margolariekin izan zitzakeen harremanak etenda geratu ziren Bartzelonara joandakoan. Zaila izango zuen, han Bartzelonan, artista plastikoen zirkuluetan integratzea. Garai hartako gizarteak familiaren garapenean eta seme-alaba eta senarraren zaintzan jartzen zuen lehentasuna eta emakume zintzo baten betebeharra, eta ez bestelako “denbora-pasatan”. Seguru gaude, 1953ko erakusketa hartan maila hartako artistekin batera erakutsi zuenean bere obra, etorkizun handia izan zezakeela eta, agian, gerora oso artista ezaguna bilaka zitekeela. Zerbaitengatik aipatzen du Axun Arrazola (1912-1995) arte adituak, urte batzuk geroago, Pili Alkorta “margolaritzan fruitu eta beste batzuk oraindik promes” direnen artean. Tira, baina ez ziren haiek garaiak emakumeak arte kontuetan nagusitzeko.
Nolanahi ere, Bartzelonako artisten giroan murgildu ez bazen ere, Pilik ez zeukan bere zaletasuna bazterrean uzteko: “Gero hemen aurkitu nuen Parramón argitaletxearen pintura-liburu bat, eta hura niretzat zoragarria izan zen; izan ere, hain ongi azaltzen zituen gauzak! Ia esan daiteke orain arte iritsi naizen tokiraino –ez dela gehiegi baina– hari esker izan dela. Bikain azaltzen zuen nola egin behar zenuen lana, nolakoa zen teknika, ikuspegi guztietatik: pintura naturalean…”
Eta horrela, era autonomoan eta autodidaktan, paisaiaz aparte beste irudi klase bat lantzen hasi zen: erretratua: “Niri paisaia asko gustatzen zait eta, gainera, errazagoa da, baina erretratua asko gustatzen zitzaidan: pertsonen espresioa ateratzea, eta hori guztia gustatzen zitzaidan. Erronka bat zen niretzat, ez zen bakarrik irudia egitea, baizik eta zuen espresioa ateratzea. Erretratuak pastel pintura erabiliz hasi nintzen egiten. Beti pastela erabiliz egin izan dut erretratua. Orain, hala ere, hiru olioz egin ditut: nire senarrarena egin nuen bera zendu eta gero, eta horrez gain, nire biloba zaharrenen erretratu bana dut; haiek musika ikasi dute eta euren instrumentuekin egin dizkiet. Lehenengoari esan nion 18 urte betetzen zituenean opari bat egingo niola, eta bere musika tresnarekin margotu nuen; tresna fagota zen. Eta orain bigarren bilobarena bukatu dut, eta bere instrumentua zailagoa da… ea gogoratzen dudan…; bai, tronpa”.
Piliren herria eta txoko maiteak
Pilik, Bartzelonara joan zenean, faltan botatzen zuen Zestoa: “Udak. Garai hartan izaten zen giroa. Garai hartan ni gozotegian egoten nintzelako. Nire familiaren falta ere sumatzen nuen, nire lagunena. Ni taberna eta gozotegi bat zeuden etxe batean bizi nintzenez, giro handia zegoen beti. Urtero etortzen ziren eta asko ezagutzen gintuzten kanpotarrak zeuden, eta jende askorekin hitz egiten genuen. Jaio nintzenetik ezagutzen nindutela esaten zidaten batzuek. Zestoa, nolanahi ere, ez da lehen zena. Asko aldatu da. Uda garaian hiri pusketa bat bezalakoa zen, nola esango nizuke nik, giro bizia zegoen, hainbeste jende etortzen zen-eta”. Dena den, garbi utzi nahi izan digu Bartzelona ere ez zeukala saltzeko: “Ondo egokitu nintzen, ez dakit pertsona batekin maitemintzen zarelako ote den, eta tira…”
Piliren txoko kutunak ez daude urruti: “Badaukat koadro bat, niri asko gustatzen zaidana, eta Erdikalea da egun euritsuan, hemen [Bartzelonan] daukat sarreran. Eta grisa da, euria ari duelako; eliza ikusten da, Alondero ingurutik hartuta dago”. Ipintza aldea ere oso maitea zuen, Zubizar aldea ere bai, Arteaga, Lili eta Errotatxo aldea, Idiakaitz…
“Beste koadro bat ere egin nuen, enkargatu zidatena (antza denez, aitari lagun batek eskatu zion ea hori margotzen nion), eta Egiguren ingurua zen, eta han presa txiki bat zegoen, momentu hartan lehor, eta orduan ibaiaren erdian jarri nintzen, eta inguru hori aurrean margotu nuen, eta atzealdean, gorago, herria ikusten zen. Oso bista polita zen. Zestoako leku asko margotu nituen. Elurra zeneko koadro bat ere egin nuen: Arteaga baserrirantz joan nintzen eta handik herri elurtua margotu nuen”.
Eta herri inguruak txiki geratzen zitzaizkionean, gogoko zuen Arroara edo Zumaiara joatea bere tramankuluak hartuta: “Garai hartan trena zegoenez, hartu trena eta Arroaraino joaten nintzen; han jaisten nintzen, eta gero errepide bazterretik. Orduan, oso ondo egin zitekeen hori, ez zegoen-eta orain bezainbeste auto. Errepidetik nindoala, zerbait ikusten banuen, hara! hau gustatzen zait, eta hantxe gelditu eta margotzen hasten nintzen”.
Gure solasaldi ederra amaitzeko, amaitu gabeko koadroez jardun gara hizketan: “Hemen Bartzelonan hasitako hainbat koadro ditut bukatu gabe. Beste bat, asko gustatzen zaidana Zestoako goiko bidetik pintatua da (bainuetxe goialdea) eta ezkerrean ikusten da Idiakaitz; udazkena da eta zuhaitzei hostoak lurrera erortzen zaizkie, oso polita da; zuhaitz ilara osoa… Baina bukatu gabe daukat.
Eta iruditzen zait bainuetxe aldea oso gutxi pintatu duela, eta pentsatzen jarri da eta esan dit: “Bainuetxea… baten bat banuen, lorategi ingurua, baina ez zitzaidan gustatzen. Lorategia eta hotel nagusiko fatxada”. Plaza ere ez duzu sekula margotu, esaten diot. Pentsakor: “Uste dut ez dudala pintatu: banuen plaza margotzeko asmoa, bai, baina ez dit denborarik eman. Ez dut baztertzen pintatzea, e!”.
Eta horrela amaitu dugu. Eta ezeren okerrik ez bada, abuztuaren 26an, berak, zuzenean, kontatuko dizkigu beste makina bat gauza. Bejondeiola!
Fernando Arzallus
Argazkiak Pili Alkortak utziak dira. Esker mila, Carlos Lucas Alcortari.
Argazkiak:
Natura hila (olioa).
Kontxa pasealekua (Donostia). Olioa.
Pili Alkorta 1940ko hamarkada amaieran
Iraeta – Arroa (olioa).
Itsas pintura (Zumaia). Olioa.
Pili herria pintatzen, 1950eko hamarkada hasiera
Pili 2022ko udaberrian
Jose Mari Lucasen erretratua (ikatz-marrazkia)
Jovita Saezmieraren erretratua (pastela)
Egin zaitez bazkide