[POSTONTZIA] A30: kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat

Azken hilabeteetan komunikabideetan “A30” izenekoaren ideia aipatzen hasi dira eta gure herrian ere kartel eta pankarta ezberdinak agertu dira. Pixka bat gerturatuz gero “kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinak” lema irakur daiteke.

Urte bete igaro da Itaiatik zaintza eta garbiketa sektorea aztergai hartu, bere baitan dituen problematikak mahai-gaineratu eta horren aurreko aldarrikapen politikoak egiten hasi ginenetik. Izan ere, egun bizi dugun krisi testuinguruan emakume langileon bizi baldintzak geroz eta gehiago ari dira kaskartzen eta horren adibide dira, aipatutako sektoreetan lanean ari direnen egoerak. Interes ekonomiko kapitalistek ipintzen dituzte lan hauen oinarriak: batetik, estatuari ahalik eta kostu gutxiena eragin diezaioten eta bestetik, enpresa kapitalistek geroz eta diru irabazi handiagoak eskura ditzaten.

Hori dela eta, emakume langileek 900€tara iristen ez diren hilabeteko soldatak, kontratu ezegonkorrak, segurtasunik eta osasun babesik bermatzen ez duten lanak, ratio altuak… bezalako egoerak dituzte beraien egunerokotasunean. Duela hilabete batzuk Osakidetzako garbitzaileak grebari ekin zioten baina hauek oztopoak besterik ez zituzten izan: poliziaren oldartzeak, propaganda politikoa egiteko zailtasunak eta bi aldiz Jaurlaritzaren aginduz ospitaleak garbitu egin ziren, honela greba eskubidea urratuz.

Urrian Correosko garbitzaileak ere greban adierazi ziren. Correosek azpikontratatua duen Limpiezas  J.Cordoba enpresako langileak (41 langile ditu Gipuzkoan, eta horien %96 emakumezkoak) eta atzerapenarekin jasotzen zituzten soldatak.  Azken hilabeteetan baina, langileen egoerak okerrera egin dutela azaldu dute, uztailetik ez baitute ez soldata, ezta uztaileko aparteko ordainsaririk jaso. Honez gain, urriko hilabete amaieran, Atzegiko langileak pairatzen ari diren ratioen handitzeak, plantilaren murrizteak… bezalako baldintzen kaskartzeak direla eta mobilizatzen hasi ziren.

Era berean, erresidentzien kasua ere esanguratsua da; sektore honetan, EAEn 90. Hamarkadatik hona enpresa pribatuen presentzia %9tik %90era igo baita. Honez gain, biztanleriaren zahartzea aitzakiatzat hartuta proposatu duten zilarrezko ekonomia, zaintzaren kalitatea bermatu eta bertako langileen baldintzak bermatzeko ideiarekin saldu nahi badigute ere, jabedunen baldintza ekonomikoak areagotzeko aukera berri bat ezkutatzen du.

Egoera hau izanik, Itaiatik emakume langileon esplotazioaren baitan enpresariek duten inpunitatea borrokatzeko eta instituzioetatik proposatzen dituzten berdintasun politiken fartsa seinalatzeko dei egin genuen otsailean. Izan ere, berdintasunaren izenean ahoa betetzen duten politikariek emakume langileon problematika errealari muzin egiten die, beraien lege proposamenak emakumeon zapalkuntzarekin amaitzetik urrun, arazoak kudeatzera mugatzen baitira.

Bitarte honetan antolakundetik lanean jarraitu dugu, emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko borrokak etengabekoa izan behar baitu. Honetarako ordea, funtsezkoa da batetik; egoera honetara bideratu gaituzten errudunak seinalatzea (izan enpresak, instituzioak nahiz politikariak) eta bestetik, instituzioetatik at antolatu eta eguneroko lanaren bitartez guztiok lan eta bizi baldintza berak izatea bermatuko duen gizarte sozialista bat eraikitzea. Horregatik guztiagatik, azaroak 30ean kaleak hartzeko dei egiten dugu.

MOBILIZAZIOAK:

Donostia 13:00 Boulevard

Bilbo 13:00 Moyua

Gasteiz 13:00 Virgen Blanca

Iruñea 12:30 Nabarreria

Oihane Ibarguren Egibar




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide