[POSTONTZIA] Aizarnarrek eskola kirolik ez?

Aizarnarrek zestoarrekin batera egin izan dute eskola kirola orain arte, baina aurten, burbuila ezberdinetakoak izaki, ez dute batera egiteko baimenik lortu eta horren harira hausnarketa hau kaleratu du Aizarnako Ahurra Guraso Elkarteak

Aizarnako eta Zestoako ikasleak ikasturte honetan ez dira Eskola Kirolean elkarrekin ari, orain arte urteetan hala egin izan duten arren (aurreko ikasturtean ere bai). Zergatik? Zestoako Herri Ikastetxeko zuzendaritza taldeak ikasturte honetan horrela izatea erabaki duelako.

Ikasturte hasieran, urtero bezala, gure umeen datuak eman genituen Aizarnako eskolan, Eskola Kirolean izena emateko. Informazioa jaso zain geundela, jakin genuen Zestoako eskolako umeak dagoeneko hasi zirela Eskola Kirola egiten. Galdezka hasi eta jakin genuen Zestoako Eskolako zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza
saileko Covid protokoloa aitzakia hartuta, burbuilak mantentzea erabaki zuela. Horren eraginez, Aizarnako haurrak Eskola Kirola egiteko aukerarik gabe geratu ziren (ume gutxi baitira beraiek bakarrik taldeak osatu ahal izateko).

Protokolo hori irakurrita, Aizarnako Eskolako gurasook ez genuen horrela interpretatzen, burbuilak mantentzea ez baita derrigortzen, gomendioa da. Horrela, ikastetxe bakoitzak bere modura aplikatu du protokolo hori eta ondorioz, eskualdeko eskola batzuk elkarrekin ari dira Eskola Kirola egiten, urtero bezala, eta beste batzuk, bakarka.

Gure haurrak Eskola Kiroletik kanpo gera zitezkeela ikusita Zestoako eskolako zuzendaritzari ikusarazi nahi izan diogu Aizarnan Eskola Kirolean izena emandako haurrak guztira 10 bakarrik izanik, absurdoa zela elkarrekin ez aritzea. Gainera, ume horiek adinaren eta generoaren arabera banatzen direla kontuan hartuta, Zestoako
eskolako taldeetako bakoitzean Aizarnako ume 1 edo 2 sartuko lirateke gehienez!!

Beraien erabakiak gure haurrak Eskola Kirola egiteko aukerarik gabe uzten zituela adierazi genien, baina beraiek ezezkoan jarraitu zuten. Ezin zutela.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, Eskola Kirolaren helburua da gure haurrak aktiboak izatea eta kirol kulturan heztea; besteak beste, osasuntsu hazteko, harremanak egiten ikasteko, kirol kultura ezagutzeko eta hainbat balio eskuratzeko. Baina horiez guztiez gain, Aizarnako haurrentzat badu beste balio erantsi bat ere: Zestoako eskolako haurren artean lagunak egitea, Azpeitira DBH egitera doazenean harreman-sare handiagoa izateko eta, horrela, eskola txiki batetik handi baterako aldaketa errazagoa izateko. Horregatik, arazo bera daukan Aizarnazabalgo ikastetxeak Eskola Kirola haiekin batera egitea proposatu zigunean, eskerrak eman genizkien, baina zestoarrekin egitea lortzeko saiakerarekin jarraituko genuela esan genien.

Gure helburua lortzeko, Zestoako Udalera jo genuen eta Zestoako eskolak hartutako erabakiaren inguruan geneukan harridura adierazi genien. Udalak kiroldegia erabiltzeko aukera eta monitore bat jartzea eskaini zigun. Ezin omen zuten hori baino gehiago egin. Udalaren erantzuna ikusita, Aldundira jo genuen. Aldunditik egoerari irtenbidea ematearen alde azaldu ziren eta Zestoako eskolarekin harremanetan jarri omen ziren, baina ez dugu emaitzarik ikusi. Udalak eta Aldundiak jartzen dituzte baliabideak Eskola Kirola egiteko, baina adierazi digute ez dutela eskolako zuzendaritzak hartutako erabakia aldatzeko eskumenik.

Gure saiakera guztien ondoren lortu dugun gauza bakarra Zestoako Udalak eskainitako hauxe izan da: Aizarnako umeentzat monitore bat eta Zestoako kirol instalazioak erabiltzeko aukera. Oraindik hasi ez badira ere, badirudi gure umeek Eskola Kirola egin ahal izango dutela… Baina, zoritxarrez, ez Zestoako lagunekin. Nola uler daiteke pasa den ikasturtean posible izan zena ikasturte honetan ez izatea? Nola har dezake eskola batek horrelako erabaki bat eta eskola txiki bateko hamar ume kanpoan utzi? Aldundiak finantzatzen duen eta Udalaren instalazioetan burutzen den jarduera izanik, nola esan dezakete ezin dutela eragin Zestoako eskolak hartutako erabakian? Zentzuzkoa al da bi eskoletako haurrak galtzen aterako diren erabaki horri eustea?

Idatzi honen asmoa da batetik, gure ikuspuntua adieraztea eta gure egoeraren
berri ematea eta, bestetik, alde guztiekin hitz eginez hurrengo ikasturterako gauzak
konpontzen saiatzea.

Eskola txikiak bizirik!!
Ahurra Guraso Elkartea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide