[POSTONTZIA] Tripetatik
— 2023-11-23Denbora da zutabe bat idazten ez nuela. Izan nekeagatik, freskotasun edo gogo faltagatik, baina urteak dira halakorik egiten ez nuela. Egonezin pertsonal batek eraman nau, baina, lerro hauek idaztera. Zehazki, euskal gazteria antolatuaren baitan azken urteotan eman diren tendentzia eta dinamika ezberdinek piztu dute nigan lerrook idazteko txinparta.
Lehen pertsonan bizi izan dut afera. Gazte mugimenduan aktiboki parte hartuz eman nuen gaztaroa, izan Gazte Asanbladaren edo ezker abertzalearen orduko gazte antolakundearen parte eginez, esaterako. Aspaldi geratu zen baina guzti hura atzean, eta nekez sinetsiko nuke orduan etorkizunak gaur egungo egoeraren trazarik izango zuenik.
Gertutik jarraitzen ditut Mugimendu Sozialistaren ibilerak. Irakurtzen ditut euren manifestuak eta iritzi artikuluak, eta entzun elkarrizketa ezberdinak; aldiro, harridura da gailentzen zaidan sentimendua. Astuna, betegarria eta anakronikoa zait euren erretorika, eta sinesgaitza euren proposamen politikoa. Irakurtzen dut nazioarteko iraultza komunista dutela helburu eta mugimendu komunista, gutxienez, Europa mailan behar litzatekeela antolatu. Hor kanpoan zer dagoen eta zer mugitzen den aztarnarik izan gabe, baina.
Lerrook idaztera eraman nauena, baina, ez da Mugimendu Sozialistari egin nahi diodan kritika politiko bat. Sentimendu bat da, afera urrunegi joan denaren sentsazioa. Hautu politiko eta eszisioen gainetik, egunerokoan gailentzen den joera bat, gurea bezalako herri txikietan dimentsio bikoitza hartzen duena.
Esaterako, Gaztetxea eta honen inguruan sortu den zalapartaren baitan alkatearen aurka esan eta argitaratutakoa (spoiler: ezin ukatu egun Gazte Asanbladak Mugimendu Sozialistaren ildoa elikatzen duenik), edota azaroaren 30eko Greba Feministari emaniko erabilera. Ez dut uste Itaia izan denik lantokiz-lantoki langileak grebara batzeko ahaleginetan ibili dena; bai, ordea, greba egun bat baliatuz mugimendu feministaren ekimenak kontraprogramatu dituena.
Denborak baino ez du esango zatiketa koiunturala edo estrukturala den. Bien bitartean, eta mundu ikuskerak ezartzen digun distantziatik, jarraitu dezala nork berean, mundu libre, justu eta solidarioago baten alde lanean.
Aimar Etxeberria Korta
Egin zaitez bazkide