San Joanetako ohiturak

San Joan bezpera gainean dugu eta txikitako garaiak datozkit burura: oporrak, berandu arte eguna argi-argi eta ohera joateko gogorik ez, etxe inguruan egiten genuen sua… Egia esan, baserrietan nahiko gauza ohikoa zen sua egitea baina San Joan bezperako har zerbait berezia zuen. Oraindik ere, gure amak egiten du su txiki bat etxe atarian baina guk nahiko lanak izaten ditugu plazakoa behar den bezala egiten eta zaintzen (aurten ere atarramentu ederra emango dute herriko ume jolastiek! Eta hala behar du, zer demonio!).

Kontua da, gauza horietaz pentsatzen ari naizela, Fermin Leizaolak duela urte batzuk idatzitako artikulu bat etorri zaidala burura, eta zuekin partekatzea da nire helburua. Nire hitzontzikeria jarraitu nahi ez duenari mesede egingo dio oraintxe bertan interneten sartu eta zuzenean Ferminen hitzetara salto egitea; hara ba, lotura.
Símbolos mágico religiosos en el mundo rural de Euskal Herria du izena artikuluak, eta oso luzea ez izan arren, mami dezente dauka. Berak dioen bezala, “Tximista, sorginkeria eta eritasunaren aurka erabili izan diren eta oraindik bizirik dirauten babesak esplikatzen eta azaltzen saiatu gara”. Babes-elementu mineralak (harriak, ura…), zuhaitz edo hostoak (lizarra, haritza, elorri arantza zuria, erramua…) edo loreak (San Joan loreak, eguzki loreak…).

Artikuluan, hainbat argazki eder ageri dira, gure mutil koskor garaikoak: Aizarnako Listorritzaga baserria, teilatuan zuriz pintatutako gurutze batekin; Sastarrain baserri zaharreko ateko gurutzeak eta Jesusen Bihotza; Santa Engraziako bentako eta Aurrekoetxeko ateko gurutzeen margoa…
Laizaolak gure etxean margotutakoak nik ezagutu nituen baina 70eko obren ondorioz galdu egin ziren. Lehendabizi, kaxa batean gordeta utzi ziren baina denborarekin galdu egin ziren.

Hemengo argazkian ageri direnak, berriz, nik neuk jarriak dira ate berrian, baina urte gutxi barru aspertu nintzen: ateak oraindik ere irauten du, baina hasieran jarritako bospaseietatik ez ginen pasa.
Guk gazteok, ordea, ohituragatik egiten genituen gauza haiek ez sinesmenagatik gure aurrekoek bezala.
Gurutzetxoa San Joan egunean jartzen zen, urtean bat. Erramu egunean bedeinkatutako adarra hartzen genuen (orduan adar sendoagoak eramaten ziren bedeinkatzera, ez orain bezala adaska txiki batzuk) eta harekin gurutzetxo bat egiten genuen. Gero gurutzetxo hori apaintzen zegoen grazia. Normalean, ebakidura geometrikoak egiten ziren, batzuetan suarekin grabatu ere bai; normalean, marrak, koskak eta horrelakoak. Behin amaituta, ate nagusian josten zen gurutzetxoa. Horrekin batera, ohikoa izaten zen lizar adar pare bat ere jartzea atearen bi aldeetan; oraindik ere, zenbait tokitan jarraitzen dute ohiturarekin, Lizentziadonekoan, esaterako.
Gero, beste gurutze klase bat baratzean jartzeko egiten genuen. Horretarako, erramu adar zati bat goitik behera ebaki, otarraren zumitzak egiten diren bezala, eta zulatu egiten genuen; gero zulo hartan beste erramu ezpal bat sartzen genuen eta horrela osatzen zen gurutzea. Hori, gero, lizar makila batean jartzen genuen, makilaren goi aldean pitzadura bat eginda, eta makila gurutze eta guzti baratzean sartzen genuen.
Federik gabe baina ohiturak erakarrita egiten genituen guk gauza haiek. 1970eko hamarkadaz ari naiz. Gaur egun, gauza haiek historiaurrea dira. Gure aiton-amonek, ordea, nik uste dut sinistu egiten zutela gauza horietan. Gurean, gurasoak ezagutu zuten, trumoia zenean eta, gatza botatzea sutara, edo erramu hosto batzuk botatzea ekonomikara (hori nik ere ezagutu nuen), edo erramua bustitzea ur bedeinkatuarekin eta isipu gisa erabiltzea.
Gure aitonak kontatzen zuen, eta oraindik gogoan daukat, bere ezagun batek honako konjurua esaten omen zuela: “Deskarga Izarraitz, deskarga Ernio; guarda Altzola, endemas Semeola!”. Bistakoa da nongoa zen konjuru-egilea!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide