San Joantxo maitagarria

Pasa berria dugu San Joan eguna eta hori ekarriko dugu gogora gaur. San Joan Bataiatzailea oso pertsona enigmatikoa da eta oso interesgarria Antzinako espiritualtasunean. Ebanjelioaz gain, Flavio Josefo antzinako historialari judutarrak ere aipatzen du eta erlijio-gizon garrantzitsutzat jotzen dute kristauek eta islamiarrek ere bai. Jakina da Jesukristoren garai beretsuan bizi izan zela eta artistek askotan irudikatu izan dituzte bi mutikoak elkarrekin jolasean. San Juanito deitzen zaio gazteleraz eta San Joantxo euskaraz.

Gure herrian, toki askotan ageri zaigu San Joan: Zestoako izen bereko ermitan, Aizarnako San Joantxon eta Arroan ere bazen San Joantxo ermita, Baltzola jauregiaren ondoan, gero Morrontxo baserri bihurtu zena (Erentxunek esana). Zestoako irudia XIX. mende hasierakoa izan behar du, badakigu-eta frantsesek Konbentzio Gerran (1793) apurtu egin zutela. Bildotsa eskuan duela ageri da (Jesusen azken afariaren eta nekaldiaren sinboloa) eta larruz jantzita (basamortuan predikatzearen sinboloa). Irudiarekin ez baina ermitarekin lotura duen bitxikeria bat: 1782an, Iruñeko Gotzainak debekatu egin omen zuen ermita atarian zegoen arte handia moztea; agidanez, sustraitik moztea zuten helburu zestoarrek (zorigaiztoko zuhaitzekiko amorrua aspaldikoa da, bai demonio!).

Aizarnan, baten faltan, San Joantxoren bi irudi izan ditugu orain gutxi arte: Alejandrino Iruretaren (1851-1912) margolana eta eskultura herrikoi bat. Irudi gozoa eta koloretsua da Iruretarena. Harkaitzean eserita dagoen haurra agertzen zaigu margolanean. Basamortuan dago eta bildots otzana du lagun haurrak, sakrifiziorako prest dagoen bildots umila (Bizente Davilak 2002ko urrian Danbolinen argitaratutakoa aprobetxatzen ari naiz). Margolana egin zuenerako (1898), Alejandrino Irureta pintore heldua eta ikasia zen, eta bere ofizioa eta sentsibilitate pertsonala ageri-agerian daude koadro hartan. Haurrari aurpegiko gozotasun paregabea nabari zaio, ile beltz eta kiribilduaren barruan. Aurpegiera motelak malenkonia kutsu bat ematen dio, gainera. Hori pintatu zuenean –dio Davilak– Alejandrinok ez ote zituen gogoan Aizarnan igarotako haur garaiak? “Al honrado pueblo de Aizarna en prueba de estimación” jartzen du koadroak.

Eskerronez Aizarnako herriari oparitutako margo ederrari, ordea, bere kalbarioa bizitzea tokatu zitzaion. Gero, helduaroan, San Juan Bataiatzaileari lepoa moztu zioten bezala, gure San Joantxo honi San Sebastiani eragindako tortura klasea tokatu zitzaion, baina bertsio modernoan, alegia, geziz zauritua izan beharrean dena perdigoiz josita lotsagarri geratzea. Zorionez, Don Prontxioren azken zereginetako bat Aizarnan, koadro hura zaharberritzeko bidean jartzea izan zen, eta hari eta hainbat boluntario aizarnarri esker, gaur egun Aizarnako parrokian jarrita dago dotore-dotore, nahi duenak ikusi.

Oso bestelakoa da San Joantxo ermitako beste irudia, egurrezko eskultura txikia. Hark artistaren eskutik baino gehiago du herri-artisau baten moldetik. Herriko arotz baten eskua, etxez etxe ibili ohi ziren uztargile haietakoren baten egiteko modua antzematen da irudi horretan. Oinarrizko teknika, oinarrizko erlijiotasuna, herri xehearen ikusmoldea erakusten du irudiak. Horretxegatik, ez al da irudi xume hau berau denetan ederrena, denetan maitagarriena? Duela urte batzuk arte, soineko zuriz jantzita egoten zen gure San Joantxo, baina tapatuta erakusteko egin ote zuen gure “eskultoreak”? Sabel gainean saihetsak markatzen diren tokiak edota lepauztaiek duten tratamenduak ez al du pentsarazten gerri aldea edo lotsaizunak bakarrik estaltzeko egina zela? Mundua du ezkerreko eskuan San Joantxok, nahiz eta sakea ateratzeko pronto dagoen pilotari bat dirudien.

Baina denbora aurrera doa eta luzatzeko arriskua daukat. Hurrengo baterako utziko ditugu, beraz, lizar adarrak, lore eta fruitu bedeinkazioak eta abarrak. Suaren tradizioari helduko diogu pixka bat. Udako solstizioarekin lotutako ospakizuna da “San Joan sua”, kristautasuna baino lehenagokoa, eta egunik luzeena aprobetxatuz pizten dena. Suak badu bere zergatia, izan ere garbitu egiten duenaren iritzia oso zabaldua egon da beti. Baserri eremuetan, sasi eta belar txarrak ere garai horietan erretzen ziren.

Suaren kontua ez zen, ordea, San Joan bezperakoa bakarrik. Garai batean, ospakizun berezietan suak bere protagonismoa izaten zuen eta herriko mendi nagusietan pizten ziren; esate baterako, Zestoan Euskal Jaiak izan ziren urtean, hau da, 1898ko irailean, su handiak egin ziren gauez Ertxiñan, Etorran eta Baltzolan. Gainera, jai haietan izan omen zen Zestoan lehenengo aldiz zezen-suzkoa.

Pio Barojak ere aipatzen ditu suak eta berarekin lagako zaituztet: “Eta gaua etorri zen eta oihal bat bota zuen bataila-gunean; mundu guztia sakabanatu egin zen, eta ausartenek plazan suaren argitan dantzan egiten zuten bitartean, gainontzekoak etxerantz abiatzen ziren; eta izarrak ehunka agertu ziren, airean dar-dar egiten zuten zortzikoen doinu dardaratiek, alkoholez beteriko doinu balantzatiek, eta mendiko sakonuneek errepikatu egiten zituzten”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide