Albisteak

Santa Engrazian auzolanean ibili ziren lantaldeko kideen adierazpenak Lanbroa proiekzioaren harira

Maiatzaren 14an Aizarnan egitekoak diren Lanbroa proiekzioaren inguruan, Santa Engrazian auzolanean ibili ziren lantaldeko zenbait kideren adierazpen batzuk jaso ditu Danbolinek.
Gure webgunean, besteak beste Zestoako Udalak diruz lagundutako dokumentala dela adierazi genuen, baina jasotako diru-laguntza, 2019an, aurreko legegintzaldiko alkatetzak onartutakoa dela argitu dute. Horrez gain, talde kide hauen arabera, 2020ko abenduan Al Borde Films taldekoek Zestoako Udalari herrian Lanbroa dokumentala proiektatzeko eskaera egin ziotela ere gaineratu dute eta Udalak, besteak beste, honako hau erantzun ziela:
“Gure iritzi apalean, ez dugu uste dokumentalak behar den bezala islatzen duenik auzolanaren izpiritu hori eta, aldiz, uste dugu protagonismoa bi lagunei ematen zaiela nagusiki. Hori horrela izanik, dokumental hori lehenengo aldiz Zestoako Udalaren eskutik erakustea , auzolanean ibili zen eta lan ikaragarri egin zuen lantaldearekiko leialtasun eta sentsibilitate falta gisa interpreta daiteke eta, ondorioz, ez dugu dokumentala aurkezteko urratsik emango”.
Santa Engrazian auzolanean ibili ziren lantaldeko zenbait kideek beste xehetasun batzuk ere eman dizkigute. Haien esanetan, “2016ko urriaren 26an auzolan taldera aurkeztu ziren Paula eta Ana (Al Borde Films) film luze bat egiteko asmoz (Denbora Euskal Herrian), Santa Engraziako auzolaneko irudiak ere tartean sartuta”.
Handik ia hiru urtera, 2019ko martxoan, aurkeztu zuten Lanbroa dokumentala egiteko diru-eskaera, besteak beste Zestoa, Zumaia eta Usurbilgo udaletan. Asmoa garbia zela adierazi dute auzolan taldekoek: “Xabier eta Bego protagonista hartu, auzolana desitxuratu eta proiektu pertsonala aurkeztu zuten. Ordurako, hainbat teaser zintzilikatuta zituzten webgunean, auzolanak protagonismo dezente zuela; baina azken proiektuak ez zeukan zer ikusirik hasieran auzolaneko lantaldeari aurkeztu ziotenarekin”.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide