Albisteak

Sei milioi euroko aurrekontua izango du 2022an Zestoako Udalak

Atzoko udalbatzarrean onartu zituen Zestoako Udalak 2022ko aurrekontuak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Udalaren aurrekontua 6.099.594, 32 eurotakoa izango da, joan den urtekoa baino %8,4 altuagoa. Aurrekontu horretatik 1.656.868,10 ondasun arrunt eta zerbitzuetara bideratuko da, 1.933.001 euro pertsonal gastuetara, 1.320.795,52 euro transferentzia arruntetara eta 1.021.152,60 euro inbertsio errealetara.

Nahiz eta atzoko bilkuran aurrekontuaren kopurua onartu, udalak eskatuta eta tramitatuta dituen dirulaguntzen arabera, epe motzean aurrekontu aldaketa bat egitea aurreikusten da.

Inbertsio nagusiak

2022rako proiektuen artean aipagarrienak, Arroagoiko saneamendua, Zubiaurreko aisialdi gunearen proiektua edo udal biltegi berria dira. Inbertsio handiena Arroagoiko saneamenduari dagokiona izango da.

Zubiaurreko aisialdi guneari dagokionez, Mikel Arregi Ertxin alkateak azaldu zuen proiektua eginda dagoela eta orain, Aranzadi elkartea txosten arkeologiko bat egite ari dela. Behin txostena eginda, Aldundiaren baietza lortuko dutela uste du Arregik eta “gauzak ondo” urte honetan proiektua gauzatu ahal izatea aurreikusten du. Udal biltegi berrira ere bideratuko dute aurrekontuaren zati bat eta lekualdaketa “laster” hasteko asmoa dute.

Lizarraitz guneko parkea udalaren esku gelditu dela azaldu zuen Arregik: “Lizarraitz guneko parkearen jabetza komunitatearena zen eta zesio bidez udalaren esku gelditu da. Gune horretan, konponketa eta berrikuntza lanak egingo dira”. Iraetako jolas-parkera ere berrituko du udalak. Bestalde, azken euriteek Bidezarran eta Urdanetabidean eragindako kalteak ordaintzeko diru lerroa izango du Udalak.

Kiroldegiko teilatuko proiektuaren inguruan ere aritu zen alkatea. Teilatuan dagoen amiantoa kendu, eta plaka fotovoltaikoekin osatutako energia berriztagarrien parkea jarriko dute bertan. Horretarako dirulaguntza ezberdinak izango dituztela aipatu zuen Arregik eta udalak, printzipioz, 5.000 euroko diru partida bideratuko du proiektu horretara.

Horrez gain, Arlo sozialera bideratuko diren partida aipagarrienak Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara -100.000 euro- bideratutako diru lerroa eta alokairu sozialera -30.000 euro- begirakoak dira. Arregiren esanetan, iaz kopuru gehikuntza “garrantzitsua” egin zuten bi arlo horietan eta aurten horri “eustea” erabaki dute.

EAJren abstentzioa

EAJ abstenitu egin zen. Garikoitz Mendizabal EAJko udal taldeko buruak azaldu zuen proposatutako hainbat proiekturekin ados zeudela baina beste hainbat ez dituztela kontuan hartu: “Gure postura abstentzioa izango da. Ezezkoa ezin dugu bozkatu. Zubiaurreko aisialdi gunea, gastu soziala, trantsizio ekologikoa edo herriko sarrera irteeren kontua gure programan zeuden eta horiek gauza onak dira eta martxan badaude guk ez dugu oztopatuko. Hala ere, guretzat garrantzitsuak diren proposamen batzuei ez zaie arretarik jarri eta estiloa ere ez da egokia izan”.

Kapitulu nagusietara bideratu diren kopuruak:

  • Pertsonala: 1.933.001,00€
  • Ondasun arrunt eta zerbitzuak: 1.656.868,10€
  • Transferentzia arruntak: 1.320.795,52€
  • Inbertsio errealak: 1.201,152, 60
    • Arroagoiko saneamendua: 240.000€
    • Udal biltegi berria: 150.000€
    • Zubiaurreko aisialdi gunea: 106.000€
    • Correos etxearen eraisketa: 100.000€
    • Lizarraitz urbanizazioa eta parkea: 70.000€
    • Euriteak eragindako kalteak: 77.500€
    • Iraetako jolas parkea: 28.000€
    • GI-631 eta Etorra auzoko ur sistema proiektutarako: 20.000€



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide