Albisteak

Sozialismoa ala basakeria

Garai zailak datoz desjabetuontzat. Bere barne muga historikoekin talkan, gizarte kapitalista atzera bueltarik gabeko bide batean sartu da. Atzean geratu dira jada, Europan behintzat langileriaren gehiengoak bizi-maila eroso bat eduki ahal zuen garaiak.

2008ko krisiak suntsitu zituen gure belaunaldiak txikitan entzuten genituen promesak: Ikasketa on batzuk egin eta lan on bat lortu, bizitza erraz eta eroso bat izatea lortuko duzu, zure etxea, urtero opor eder batzuk, kotxe bat edo bi, soldata duin bat (bi hitz horiek kontraesankorrak ez balira bezala)… Bizitzeko prestatu gintuzten mundua gure aurrean erori zen.

Oraindik, ordea, krisia pasa eta behi gizenen garaia etorriko zenaren promesak entzuten jarraitzen genuen. “Ezkerraren” promesek ongizate estatuaren itzulera iragartzen zuten (ahots errealistagoek krisi kapitalistaren sakontzea iragartzen bazuten ere), eta orain dela ez asko, “Historiako gobernu progresistena” bezala iragartzen zutena iritsi zen Espainiar estatua gobernatzera.

Tunelaren amaierara iristen ari ginela zirudien garai horretan, ordea, (batzuk behin ere sinetsi ez bagenuen ere), COVID-19 birusa agertu zen. Askok zetorrela zioten (genion) krisi estrukturala, krisi biologikoz mozorrotu zen. Berriz ere langabezia, berriz ere gazteon bizi proiektuak hankaz gora. Finean, berriz ere krisi kapitalista, baino oraingoan gaixotasunez mozorroturik.

Kapitalismoaren berregituratze sakon baten aurrean aurkitzen gara, eta oraindik aldaketa horren dimentsioak eta norabidea antzemateko goiz den arren, langileon eskubide politiko eta bizi mailaren murrizketa orokortu bat nabaritzen da, klase ertain bezala ezagutu dugun fenomenoaren deuseztatzearekin batera.

Diruan bere funtsa duen, eta estatu nahiz estatuz gaindiko instituzioetan gauzatzen den botere burgesaren aurrean kontrapisurik egingo duen langileon botere antolatuaren faltan, alderdi komunistaren faltan, distopia fase batera garamatza gizarte kapitalistak. Horren aurrean orain dela ehun urte baino arrazoi gehiagorekin esan dezakegu bi aukera bakarrik ditugula: Sozialismoa ala basakeria.

Ortzi Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide