Statkraft zestoarrak salbatzera etorri zenekoa
— 2022-11-24Sañu Bizirik taldeko partaideok garbi utzi nahi dugu energia berriztagarrien alde gaudela eta, beraz, energia eolikoaren alde ere bai. Klima larrialdiari aurre egiteko trantsizio energetikoa ezinbestekoa da. Mendietan zentral eolikoak jartzea ez da ordea irtenbidea, lehengo bidean azeleragailua zapaltzea baizik. Egiazko aldaketarako lehendabizi energia plan orokor eta integral bat egin beharra dago; elikadura burujabetza eta deshazkunde ekonomikoa ardatzean jarriz. Egiazko aldaketa ingurumenari ahalik eta inpaktu gutxien sortuaz egin behar da, ez ingurumena are gehiago txikituz.
Egia esan, energia plan orokorraren beharra eta deshazkundearenak ez dira gure ideiak. Guk kopiatu egin dizkiegu zientzialariei. Gehien-gehienak ados daude kontsumoa murriztu gabeko trantsizio energetikoaz aritzea gezurra dela. Hori bezain sinplea. Eta Etumeta-Sañu-Arroiteko makrozentralak (Piaspe? mesedez!!) proposatzen duena juxtu hazkundean oinarritutako trantsizio energetikoaren gezurra da. Falazia bat, medio handien zelofanetan bilduta.
Sañukoa ez da gure inguruan jarri nahi duten makrozentral eoliko bakarra, mendigune gehiago ere badituzte begiz jota Gipuzkoan. Kaltetutako herriak lirateke Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Urretxu, Zumarraga, Itsasondo, Soraluze, Elgoibar, Bergara, Zizurkil, Usurbil, Antzuola, Eskoriatza edo Bergara. Zerrenda handiegia gure lurralde txikirako. Eta ez dago zantzurik pentsatzeko mendien industrializazioa hor geldituko denik. Milaka milioi eurotako interesak dituzten multinazionalak ez direlako inoiz neurriz jarduten. Haietako bakar batek ere ez du esan etorkizuenan orain proiektatutako zentralak handitzeari uko egiten dionik, edo berriak eraikiko ez dituenik. Ez dira ari ingurumenean pentsatzen, euren etekin milioidunetan baizik. Nabarmenkeria da, baina agian esan beharra dago, badaezpada ere. Gaur Sañun dena, bihar Gazumen izan daiteke. Inguruko mendi guztiak txikitu behar al ditugu kontsumoa gutxitzeaz ezer ez dioen trantsizio energetiko faltsu baten izenean?
Zentral hauek sortuko lituzketen kalteak berreskura ezinak dira. Sañu ingurua legez paisaia-interes bereziko eremu izendatua dago, eta Natura 2000 sareko Izarraitz eta Pagoeta-Ernio guneen arteko lotura egiteko korridore ekologiko gisa identifikatua. Horrez gain ordea, gogoratu behar da inguru horretan bertan jendea bizi dela,bertan lan egitetik bizi diren baserritarrak daudela,eta ezingo luketela han bizi eta lan egin zentrala egin ezkero.
Energia trantsizio justu eta eraldatzaile baten alde gaude, ez orain arteko etengabeko hazkundearen eskema erreproduzitzen duen eredua berdez mozorrotzearen alde. Mendien industrializazioa ekidin eta mikroproiektuak eta kontsumo arduratsua lehenetsiko lituzkeen eredu desentralizatu baterantz jotzea defendatzen dugu. Hitzez deshazkundea aipatzea baina ekintzez makrozentralen aldeko jarrera izatea ez da uztargarria. Lehenik aditu independienteen iritzia herritarren eskura jartzeaz arduratu beharko luke udalak, eta ez berriki iragarri bezala multinazionalari lehentasuna emanaz. Soreasuko agerpenean egondako edonork daki gezurra eta zikina darabiltela Statkrafteko ordezkariek.
Herri Batzarrean alkateak zentrala eraikitzeko proposatu den bidearekin desadostasuna adierazi zuen, eta aitortu estrategia integralik gabe zentralak ez duela zentzurik, baina, era berean, proiektua aztertzeko prestutasuna agertu zuten. Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialik gabe, nola lezake udalak zentrala eraikitzeko aukera begi onez ikusi? Nolatan ez die Zestoako udalak 2021eko abenduan Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako plangintzei (2050 Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategia) begirune gehiago? Nolatan alderantzizko eredua proposatzen duen proiektu bat entzuteko prest agertu? Beldur gara EH Bilduren estrategia nazionala ez ote den herritarren interesen aurrean lehenesten ari udala.
Multinazional erraldoi bat ingurumenaren alde dagoela eta gure herriko behar energetikoekin laguntzera etorri zaigula pentsatzea inozoa da. Hari atzerabueltarik gabeko txikizioa eraginez mendigainak industrializatzen uztea zentral eoliko erraldoiak jartzeko… ez da aurrerakoia, ez da zentzuzkoa, eta batez ere ez da eraginkorra izango etorkizuneko erronka energetikoei aurre egiteko.
Egin zaitez bazkide