Albisteak

[TTAK] Argiatik ekarria: Lur bat, kolektiboa, itxaropen haziak ereiteko

Estitxu Eizagirrek “Amillubi Lurra Taupaka” proiektuari buruzko artikulu interesgarria idatzi du Argian. Proiektuaren ikuspegi estrategikoa ezagutzeko, talde eragileko Mirene Begiristain Zubillaga, Ioritz Aizpuru Goitia eta Myrian Imaz Juaristirekin elkartu da:

Lur bat, kolektiboa, itxaropen haziak ereiteko

Gipuzkoako kostaldean, Urola ibaiaren meandroan daude Amillubi baserria eta bere lurrak (toponimoaren arabera “Amilibia”). Udalerriz Zestoa da eta Iraeta auzoan dago naturaren paradisu txiki hau. Aurten 30 urte bete dituen nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak ondasun kolektibo bihurtu nahi du eremu hori: lurrarekin errespetuzkoa den laborantza eginez bertan, nekazariek lurrak baldintza onetan eskuratu ditzaten eta herritarrek, elikagaiak. Deia zabalik da herritar, erakunde eta enpresen artean, Amillubiko metro koadro bat lur babestu dezagun bakoitzak. Begirada estrategikoarekin, praktikatik erantzun nahi diete elikaduraren etorkizuneko erronkei.

Amillubin noizbait egon denak ez du arrazoiketa potolorik behar natur ondare hori ondasun kolektibo bihurtzeko deiaren aurrean: naturaren indarra sentitzea baino handiagorik ez dago. Gainera, nor hoberik eremu hori zaintzeko, naturarekin errespetuzkoa den laborantza egiten dutenen eskuak baino? Paisaia horrekin herritarrek duten harremana etengabe sendotuko da Urola bailaran, bertan sortutako elikagai osasuntsuak herritarren eskura jartzen diren bakoitzean.

Praktika bera da muina Amillubi proiektuan. Erreportaje honetako koadroan irakur daitezke Amillubin burutu nahi diren ekintza zehatzak eta berau bultzatzeko arrazoiak. Baina proiektu honen oinarrian den ikuspegi estrategikoa ezagutzeko batu gara bertako talde eragileko kide diren Mirene Begiristain Zubillaga, Ioritz Aizpuru Goitia eta Myrian Imaz Juaristirekin. Amillubiko lurrek zer ekarriko duten galdetu diegu eta hauxe erantzun digute: “Esperantza. Garai hauetan, aurrera begirako proiektuak benetan ditugu beharrezko, ezin gara diagnostikoan geratu. Zeren diagnostikoak ikusita, horrelako proiektuentzako arrazoirik ez da falta: baserritarrek euren ekoizpen proiektuak mantentzeko dituzten oztopo eta zailtasunak, elikagaien prezioak eta hortik zenbat jasotzen duten nekazariek… Amillubik itxaropena ematen du, hau proiektu estrategiko bat da baina praktikatik. Ez ditu egiturazko arazoak aldatzen, baina sektorean dauden hainbat arazo estrukturalei erantzuten die”.

Jarraitu artikulua irakurtzen hemen.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide