Albisteak

[TTAK!] Eñaut Gaztañaga: “Musikatik bizitzea zen nire ametsa, eta betetzen ari naiz”

Eñaut Gaztañaga elkarrizketatu du Aitziber Arzallusek Gipuzkoako Hitzan:

Musikarako grina umetatik datorkio Gaztañagari, eta afizio zuen hura, ohartzerako, ogibide bihurtzea lortu du zestoarrak. Grises eta Ezpalak taldeetako partaidea da egun, eta baita Zestoako Gaztain estudioen jabea ere.

Musikazalea, musikaria eta musika ekoizlea da Eñaut Gaztañaga (Zestoa, 1984). Hogei urte daramatza Grises taldearekin hara eta hona, baina ez da esku artean duen proiektu bakarra. Bere ibilbideaz, proiektuez, pandemiaz eta panorama musikalaz jardun du.

Arreba [Amancay Gaztañaga], aktorea; zu, musikaria… Zer jaten da zuen etxean?

Gurasoek txikitatik eraman izan gaituzte musika klasikoko kontzertuak ikustera, aitak gitarra jotzen zuen, amak pianoa… Etxean betidanik egon da musikarako eta zinemarako zaletasuna, eta uste dut horrek eragingo zigula. Arreba txikia ere arkitektoa da, eta hark ere badauka sortzailetik zerbait.

Txikitatik izan duzu musikarako joera. Nola gogoratzen dituzu hasiera haiek?

10 bat urte genituela, eskolako lagun batzuen artean sortu genuen lehen musika taldea: Amets Gaizto. Aitak gitarra jotzen zuenez, nik ere gitarra jotzea erabaki nuen. Aitak irakatsi zizkidan pare bat akorde, eta segituan katigatu nintzen; gitarra jo beharra sentitzen nuen. Hasieran, ahal genuena egiten genuen; beste taldeen abestien bertsioak-eta jotzen genituen, eta 1996an, 11 bat urterekin, herriko eskolan eman genuen lehen kontzertua. Harrezkero, ez naiz gelditu.

Beste talde bat sortu, eta 13 urterekin grabatu genuen lehen maketa, eta 14 urterekin, Azido izeneko taldea sortu genuen. Harekin ibilbidetxoa egin genuen: maketa bat grabatu genuen, eta kontzertu mordoxka bat eman genituen inguruko herrietan-eta; La Pollarekin jotzeko aukera ere izan genuen. Denborarekin, ni eta nire musika ere eboluzionatzen joan gara, eta azken urteetan Grises eta Ezpalak taldeetan nabil. Zaharra ez naiz, baina 10 urterekin hasi eta gaur arte, dezenteko bidea egin dut musikaren munduan.

Jarraitu irakurtzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide