Albisteak

[TTAK!] Koloreez

Jon Artanok Urola Kostako Hitzan idatzitako iritzi artikulua:

Gorria da udazkena. Nabarmen. Edo? Dirudiena baino kontu sorginagoa da, koloreena. Zeuek ere jardungo zineten, inoiz edo behin, ondokoarekin disputa gorrian jertsea urdina edo berdea den ebatzi ezinda. Pertzepzioa bakarrik ez, izena ere mudatzen da segun eta nori galdetzen diozun. Umetan bagenuen txakur txiki bat etxean, Dunbo jarri genion. Kaletarrentzat marroia zen; baserritarrentzat gorria. Igandean Hernio puntan izan ginen aspaldiko partez. Handik xarmagarri ageri ziren udazken kolorez jantzitako baso txatalak zelai berde artean, baita gaitzak erasandako pinudiak ere. Izurriari banda marroia, edo gorria, esaten diote. Eta zein aplikatuko guri Hernioko gurutzean? –eta hau ez da lizentzia literarioa– Marino Lejarreta aizue! Hark ilajea aspalditik urdindua duela esango genuke; begitara zuria eman arren.

Eta gero badira beste kolore batzuk, bihotz begiekin begiratzen ditugunak. Zuri-beltzean bizitako kontuak dakartza azaroko Danbolin aldizkariak. 50 urte bete dira Zestoako eskubaloi taldea sortu zutela, eta kontu jakingarri batzuk bildu ditugu urtemugaren harira. Kontatu dugu, adibidez, zergatik den
Zestoako kirol taldeen elastikoa txuri-beltza. Bere xumean entrañablea da pasadizoa.

Eta bururatu zait: inguruko herrietakoek ba ote dakite zergatik dituzten beren taldeek dituzten koloreak? Sarean ez da erantzunik. Zergatik dira gorriak gorrixek? Anaitasunaren gunetik hau: “1923an Azkoitian sortutako Iraurgi Futbol Elkarteari zor zaizkio gaur egun taldeak dituen koloreak”, nork noiz aukeratu zuen gorria bai, baina zergatik? “Oso galdera interesantie eittezu” esanaz erantzun dit Azkoitiko kronista ofizialak, Juan Bautista Mendizabal jaunak, whatsapp audioz. Bere susmoen arabera, kolore gorria “kasualitate baten ondorio” dela-eta esanaz jarraitu du. Eta bere hipotesia azaldu behar zidala zirudienean… cliffhanger amaiera eman dio mezuari “…ya martxan martxan jarri det nere ikerketa, galdera batzuk eginaz pertsona batzuei. Deituko dizut ezer berririk daukatenean”.

Jarraitu irakurtzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide