Albisteak

[TTAK!] Komediante karabana

Jon Artanok Urola Kosta Hitzan idatzitako iritzi artikulua:

BARNE. ARTANO-ENEKO SUKALDEA. GAUA.
Ama afaritarako zerbait kozinatzen ari da, semea hozkailuan zerbaiten bila.
AMA: Antzerkian hasi behar omen duzu…
SEMEA: (harridura pittin batez, baina arreta hozkailuan mantenduz)… Bai, nola dakizu?
AMA: Arantxak esan dit.
SEMEA: Aa.
AMA: (irribarrez) Nik ere eman dut izena.
(Semeak amari seko harrituta begiratzen dio)

…tipo horretara jakin nuen gure amak eta biok Zestoan sortzekoa zen antzerki eskolan izena eman genuela. Duela hamar urte izan zen hori. Kapritxoz eman diot gidoi itxura hasierako dialogoari, baina gogoratzen dudan modu berean jaso dut.

Nik ez nuen aktore izateko pretentsio txikienik ere, baina barruntatu nuen han ikas nezakeenak on egingo zidala. Neurekoikeria izan nuen, beraz, antzerkigintzan hasteko akuilu. Gero jabetu nintzen, horrelako esperientzia batetik norberak asko hartu dezakeen arren, taldeak jasotzen duela gehiena; eta, bueltan-bueltan, herriak.

Hamabost lagun elkartu gintuen patuak. Adin, pentsaera, lanbide, eta joera mazedonia bat. Eta irakasle bat: Amancay Gaztañaga. Zuzendari zorrotza. Estreinako egunetik argi ikusarazi zigun hura ez zela denbora-pasa hutsa izango; han ez zuela balio iji eta aja egiteak bakarrik. Exijitu egin zigun. Bakarrik joan nahi ez zuen lagun bati «mesedea» egiteagatik izena eman zuen kide batek gerora aitortu zidan zer izan zen hasiera hura beretzat: “Ni orduan maratoia egiteko entrenatzen ari ninduan. Eta entsegu egunetan hamabost kilometroko saioa eginda baino okerrago ailegatzen ninduan etxera, zisko eginda”. Nekea, baina, ez zen fisikoa bakarrik. Denok pasatzen genuen tratua agertokian, besteen aurrean, geure emozioak eta sentipenak azaleratzeko ariketa haietan. Antzerkia, azkenean, giza emozioen esplorazioa da. Eta bilatze hori herrikideekin egitea, aurretik kalean “iep” eginaz baino agurtzen ez duzun tipoko jendearekin (beno, nire kasuan ama ere bai #hilnazazukamioi), elkarrekin hunkitzea, barre eta negar egitea, lekutako esperientzia da. Horregatik izan zen hura egundoko ikasturtea: elkar ezagutzera bultza gintuelako.

Jarraitu irakurtzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide