Albisteak

[TTAK!] Komediantearen bideak

Amancay Gaztañaga. Jon Uribe, Foku.

Aitor Biainek Berrian idatzitako erreportajea:

Etiketa ugari izan ditzake atzetik sortzaile hitzak, baina Amancay Gaztañagak (Guayaquil, Ekuador, 1980) nahiago du bere burua inolako ñabardurarik gabe aurkeztu: «Ni sortzaile gisa definitzen naiz». Itsaso zabal horretan kokatzen baitu bere burua sormenaren askotariko itsasoetan murgiltzen denak. Musikaria da, abeslaria, aktorea, antzerki zuzendaria, dantzaria… Sormenaren ertz guztietan aritzen da aldi berean, eta, horregatik, agian, abizen bat eranstekotan, «titiritero» kontzeptuaren aldeko hautua egiten du. «Erdi Aroan gurdietan aritzen ziren komedianteen irudia etortzen zait burura, nola herriz herri aritzen ziren. Komediante horiek beren gidoiak idazten zituzten, batak bestearenak zuzentzen, eskulanak ere egiten zituzten gero azokan saltzeko, eta aktoreak ere baziren. Pixka bat horrela sentitzen naiz»

Adierazpide bakoitzak du bere lantzeko eta jarduteko modua, baina guztiekin disfrutatzen du berdin Gaztañagak: mikrofonoarekin nahiz biolinarekin, oholtzaren gainean edo atze-oihalaren ostean, dantzatzen nahiz idazten, bakarka nahiz kolektiboan. «Dena bat da eta dena naiz ni». Urteak daramatza batetik bestera, jauzika; izan antzerkian, telebistan edo zineman, Kamikaz antzerki kolektiboarekin nahiz Grises musika taldearekin. Askotarikoak dira komediantearen bideak.

Hasi, halere, musikarekin hasi zen. Musikaren bidea hartu zuen lehen-lehenik, 6 urterekin hasi baitzen biolina jotzen. «Biolina izan da nire bidaia lagun absolutua». Ekuadortik Euskal Herrira etortzean piztu zitzaion instrumentua ikasteko nahia. «Gogoan dut amari esan niola; berak galdetu zidan ea seguru nengoen, eta nik baietz erantzun nion. Egia esan, ez dakit zer zen ere ba ote nekien, baina barruan oso argi nuen». Azpeitiko musika eskolan (Gipuzkoa) hasi zen, eta handik Madrilera lekualdatu zen gero. Bertan egin zituen biolin ikasketak, eta musikari gisa jardun zuen orkestretan, baita irakasle ere.

Jarraitu irakurtzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide