Albisteak

Txikito Iraetaren familiak 1940ko pilotariaren bustoa eman dio Udalari

Joseba Lasa Txikito Iraetaren biloba; Leire Colmenero Lasaren bikotekidea; Enok eta Sara seme-alabak; Mikel Arregi alkatea eta Urtzi Landa eta Iñigo Uria pilota taldeko ordezkariak.

Pasa den ostiralean, Pako Larrañaga Albizu Txikito Iraeta pilotariaren biloba, Joseba Lasa Larrañaga, izan zen udaletxean eta bere aitona zenaren bustoa oparitu zion Udalari. Josebaren esanetan, bere amak, Mari Glori Larrañagak, etxeko egongelan eduki zuen betidanik busto hori, baina ama hil eta gerora, etxea berritu zutenean, bustoa non jarri ez zekitela zeuden eta Udalari eskaintzea bururatu zitzaien: “Iraetara edo Zestora, bere jaioterrira, ekartzea zen gure nahia. Nire gurasoen adinekoentzat izen handiko pilotaria izan zen gure aitona, baina konturatu naiz gure adinekoek ahaztu samartuta daukagula eta keinu honekin jendeak ezagutu eta gogoratzea nahiko nuke”.

Bustoaren inguruko informazio handirik ez dauka familiak, baina Lasak aitari galdetuta jakin du, bustoaren sinaduran agertzen den Lopetegi hori aitonaren lagun handia zela eta berak egin ziola. Mikel Arregi alkateak adierazi zuen Udalarentzat ohore handia dela busto hori jasotzea, eta eskerrik beroenak eman zizkien: “Herri pilotazalea izan gara beti, eta pertsonaia handi eta ezagunena Txikito Iraeta izan da. Gure herriaren historiaren parte da. Oraindik non jarri erabaki ez badugu ere, merezi duen leku seguruan jarriko dugu”.
Txikito Iraeta 1913an jaio zen Iraetan, eta pilotari profesional bezala gerra ostean buruz buruko txapelketa nagusiko lehen finala jokatzera iritsi zen. Bustoa 1940koa da, Mariano Juaristi, Atano III.aren aurka finala  jokatu zuen urtekoa. Galdu egin zuen 22 eta 8. Eskuz binakako txapelketa nagusiko bi final ere jokatu zituen, 1942an Gallastegirekin, Onaindia eta Urtzelairen aurka 22 eta 18 galdu zuen. 1945eko txapelketan, berriz, Lazkanorekin batera, Atano IV eta Atano VII-ari 22 eta 17 irabazita txapeldun izan zen. Palmaresari dagokionez, Zestoak eman duen pilotaririk onena izan dela esan daiteke eta bere izena daraman Iraetako pilotalekuaren inaugurazioan berak atera zuen ohorezko sakea. Handik urtebetera, 1979ko azaroaren 19an zendu zen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide