Albisteak

Uda honetarako ekintzak antolatzeko batzordea egin zen atzo

Pandemia egoera dela eta uda honetako auzo eta herriko festak bertan behera utzi berri ditu Zestoako Udalak. Testuinguru horretan egin zen udako ekintzak antolatzeko batzordea atzo, ezohiko egoera honetara egokitutako kultur eta kirol programazioa osatzeko helburuarekin.

Udal ordezkariekin batera, 25 lagun inguru elkartu ziren. Mikel Arregi alkateak egin zuen sarrera. Ezohiko egoeran gaudela eta normaltasun egoera ez litzatekeela transmititu behar esan zuen. Arregiren arabera, dokumentu asko jaso dituzte udalean eta, ezer ziurtatu ezin bada ere, zuhurtziaz jokatzeko unea da. Udalera iristen ari den informazioaren arabera, konfinamendu selektibo modukoak egin beharra ez litzateke harritzekoa izango. Alkateak adierazi zuen badakitela bi errealitate paralelo bizitzen ari garela, zenbait kasutan maskarak eta neurri zorrotzak eta kalean berriz normaltasun osoa, baina, Udalari egoera hau ahalik eta ondoen kudeatzea tokatzen zaiola gaineratu zuen, nahiz eta kontraesanak hor egon. Ofizialki, beraz, jairik ez da egongo, baina berme batzuk ziurtatzen saiatuta, kultur ikuskizunez osatutako agenda bat osatzea du helburu Udalak hemendik hasi eta iraileko lehen asteburua bitartean. Nahia herriko sortzaile eta musika taldeei aukera ematea da.

Zenbait gauza ofizialki ezin dira egin eta parranda giroa bultzatzen duten ekimenak ere saihestea komeni dela gaineratu zuten udal ordezkariek. Zezenketarik ez da izango. Bandako kideek ere Amabirjinetako kontzertua eskaintzeko praktikoki arazo handiak dituztela jakinarazi zuten. Paella lehiaketari buruz ere esan zen urteroko formatuan behintzat ezinezkoa izango dela…

Neurriak ondo beteta, herriko gune ezberdinek (plaza, Laranjadi, frontoiak…) dituzten aforoak zein diren aztertzen ari dira. Zestoako Udalak baditu planteamendu batzuk, dena den, momentuz datorren astera bitartean ekitaldiz osaturiko egutegi bat osatzea da helburua eta datorren astean egingo den bigarren bileran aztertuko dituzte baldintza teknikoak, herriko eragileekin batera.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide