Udala herritarrengana hurbiltzeko demokrazia parte hartzailea

Erakundeak beharrezkoak izan arren eta herritarrengandik gertuen dagoen erakundea udala bada ere, udala eta herritarren arteko dibortzioa handitzen joan dela uste dugu. Herritarren parte hartzerik gabe nekez konpon daitezke hainbat arazo. Guztiongan eragina daukaten hainbat erabaki herritarren iritzia jakinda hartzea beharrezkoa da.

Herritarren parte hartzea sustatzea helburu izango duen udal batzordea sortzea bultzatuko dugu. Herritarrek eta eragileek bertan parte hartzeko aukera izango dute. Horrela, udalaren aurrekontu publikoak baldintzatu ditzaketen obrak egin aurretik herritar eta interesatuekin parte hartze dinamikak antolatuko ditugu.

Herriko zentsuaren %10ak horrela eskatuko balu, udala gai jakin baten inguruan galdeketa egitera behartuko lukeen ordenantza edo araua onartzea proposatuko dugu. Horrela, adibidez, herrian polemika sortu duen gai baten inguruko erabakia udalean gehiengoa duen alderdiak herritarrei galdetu gabe ezingo luke hartu.

Bestalde, kultur taldeen arteko elkarlana helburu hartuta Kultur Mahaia indartzen lagunduko dugu. Kultur Mahaiaren autonomia propioa errespetatu behar bada ere, udalak ezin du bestaldera begiratu eta herriari kultur ekarpen garrantzitsua egiten dieten eragileen arteko elkarlanarekin konprometitua egon behar du.

Kirol taldeen arteko harreman falta kezkagarriari irtenbidea emateko Kirol Mahaia sortzea sustatuko dugu. Eskola kirolean eta beste hainbat kirol ekimenetan deskoordinazio handia dago eta hori zuzendu egin behar da. Kirol sailez gain, uneak horrela eskatzen duenean, Guraso Elkarteko ordezkaritzak ere mahai horretan parte hartzea proposatuko dugu.

Hezkuntzari behar besteko garrantzia eman behar zaio eta, herriko hezkuntza komunitatearekin harremanak sakontzearen aldekoak garenez, udalak Zestoa Herri Ikastetxean duen presentzia aktiboagoa izan dadin lan egingo dugu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide