Albisteak

Udalak Auzitegi Konstituzionalak euskararen aurka hartutako epaia salatu zuen azken udalbatzarrean

Azken udalbatzarrean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euskararen aurka hartutako azken epaia salatzen duen adierazpen instituzionala onartu zuten bi alderdiek. Euskararen “aurkakotzat” jotzen dute erabakia eta “etorkizunera begira dituen erronkei aurre egiteko hizkuntza politikak indarrean jartzea eragozten duela” dio adierazpenak.  Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako, Bilbon deitu duen manifestazio nazionalera joateko deia ere egiten du.

Honela dio adierazpenak:

Zestoako Udalak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euskararen aurka hartutako azken epaia salatzen du.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen 6.2 artikulua bertan behera uztearen ondorioz, udalei eskumena kendu zaie beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko. 2016an onartutako lege horri esker, udalek aukera dute dokumentuak erabat euskaraz egiteko, eta erabaki horrekin besteak beste, Auzitegi Konstituzionalak aukera hori deuseztatu du.

Euskal Herriko beste udal askok bezala Zestoako Udalak ere euskara hutsean funtzionatzen du, eta aldi berean herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen ditu. Erabaki honekin, ordea, euskararen normalizazioa helburu duten hizkuntza-polikak aurrera eramateko aukera ukatzen zaie udalei; egoera zaurgarrian dagoen hizkuntza indartzeko neurriak hartzea zailtzen da. Gure kasuan, Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetakoan egonik eta ondorioz, Zestoa euskararen arnas gunea izanik, babes eta garapen neurri bereziak eta ausartak beharrezkoak ditugu gure hizkuntzak etorkizuna izan dezan.

Zestoako herritar gehienak euskaldunak gara: gure biztanleriaren %78 euskal hiztunak gara, beste %10ek ulertu behintzat egiten dute, eta belaunaldi gazteenen ezagutza %100koa da. Horrek ez du esan nahi, ordea, Zestoan gure hizkuntzaren etorkizuna bermatua dagoenik. Azken urteetan erabileran behera egin dugu eta teknologia berrien eragina hizkuntza gutxituen erabileran kaltegarria izaten ari dela ere gauza nabaria da. Halere, Zestoa eta Urola Erdia euskararen arnas gune zanik, gure hizkuntzak harremanetarako, gozamenerako eta lanerako hizkuntza nagusia izan behar du, eta norabide horretan Espainiako auzitegiaren erabaki hau atzerapauso larria da.

Finean, epai honek euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen erronka handiei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak indarrean jartzea eragozten du.

Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetu den Udal Legea. Era berean, azken inkesta soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hau euskararen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten aurkakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan.

Azkenik, euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko edo mediatikoa koxka bat gehiago estutu du azken erabaki honek, oraingo honetan euskararen ofizialtasuna bera ere auzitan jartzeraino. Oldarraldi sistemikoa salatzeko eta euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko, manifestazio nazionala deitua du Euskalgintzaren Kontseiluak datorren azaroaren 4rako, Bilbon. Lerro hauen bitartez herritarrei dei egiten diegu manifestazioan parte hartzera. Euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko herritarrok batu eta mobilizatu beharra daukagu.

Zestoan, 2023 uztailaren 27an




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide