Udazkena dela eta
— 2024-10-07Uda ondoren, izenak dion bezala, udazkena datorkigu. Udan zehar eguzkiarekin hazi eta udazkenean heldu diren fruitu eta elikagaiak jasotzen diren urtaroa dugu berau. Urtaro hau aipatzean pasarte ugari etortzen zaizkit burura, baserrian bizitako garaikoak gehien bat. Eremu urbanoan eta garai industrializatu honetan bizi garenok, eguraldi aldaketarekin bakarrik bereizten baitugu urtaro hau.
Lehenik bururatzen zaidana, hego haizea egiten zuen egunetan baba biltze lanen oroimena da. Arto artean eta errenkadaz errenkada soro osoa pasa behar izaten genuen. Ez behin bakarrik gainera, lekale denak ez baitira batera heltzen.
Lehenbailehen amaitu nahi eta ondo heldu gabeak ere kapatxora jasotzen nituen, baina ama, hau ikustean, berehala kexatzen zen. “Hauek ez jaso” esaten zuen, heldu gabeak lizundu egiten direla ganbaran eta bere ondoan daudenei kalte egiten diela alegia.
Denak jaso eta ganbaran zabalduta ikustean, ura poza…! Urte osorako elikagaia zen hura, baina adine hartan familia elikatzearen premiak zuen garrantziaz ez ginen jabetzen.
Babarrunak jaso eta berehala artoa jaso behar zen. Lehenenik ganbaran pilatzen genituen, eta gero ilunabarretan “zuritu” egin behar. Baserriko ohitura zen arrosarioa errezatuz lan hau egitea. Letaniak ez nituen batere ulertzen eta luze egiten zitzaidan arrosarioa, latina ez bainuen ikasi.
Artoa, babarruna, aurretik jasota zeuden belar onduak eta patatarekin ganbara dena beteta gelditzen zen negurako.
Lan batzuk amaitu eta bestea zain egoten zen, sagardoa ere urtaro honetan egiten baita. Honek berekin du sagar biltzea, noski. Niretzako nahiko atsegina izaten zen lan hau, sagarrak bildu ondoren auzoko baserrian sagar “jotzea” egiten baikenuen. Diesel zahar batek eragiten zion “matxakari”, eta honen zarata traketsarekin ere gustura ibiltzen ginen dolareko lanak egiten.
Aurreneko sagar mostoa gozoa izaten denez asko ez edateko esaten zigun amak, beherakoa eragiten zuela eta. Baina hain gozoa eta edan erraza izanik, nahiko edaten genuen egia esan; gehiegi agian, gero gerokoak…!
Sagardoak ondo mantentzeko toki freskoa eskatzen du eta baserriak zuen lekurik freskoenean gordetzen genituen barrikak. Ezkutatu ere bai baten bat, udaletxetik zerga biltzera etortzen zenak ikus ez zezan, sagardoak zerga zuen garaiak aipatzen ari bainaiz.
Urtaro honetakoak dira gaztainak ere. Zuhaitz hauek mendikoak direnez, bertara joan behar biltzera. Ertxiña mendiak Akua aldera duen magalean genuen gaztainadi handi bat, behiak uztartu eta gurdiarekin joaten ginen bertara. Zorrotik kanpora zeuden aleak zakura eta besteak, zorro eta guzti, gurdi-hesira.
Denok dakigu, zorro hauek trikuak baino arantza gehiago dituztela, eta eskuarekin ezin direla bildu. Mendian zuhaitzen bati kendu txardango txiki bat eta honekin jasotzen genituen gurdi-hesira, Japoniarrak zotzarekin jaten duten bezala alegia. Gaur bezalako esku larrurik ez baitzen.
Gaztainak ere baserriak zuen lekurik freskoenean gordetzen ziren, ahalik eta gehien irauteko, ganbara ez baita lekurik egokiena horretarako.
Urtaro honetako eguraldi hotzak iristean txerria ere hiltzen genuen, proteinak ere beharrezkoa baitziren urtean zehar. Gehien bat gazi kutxan gordetzen genuen, su gainean lehortzen zeuden txorizoak gutxi irauten baitzuten, eta mugatu egin behar ahalik eta gehien iraun zezan.
Intxaurra ere urtaro honetakoa dugu. Hau biltzen ez genuen lanik izaten ordea, ez baitzen intxaur zuhaitzik baserrian, eta mendian sakabanatuta zeuden zuhaitzetara joan behar. Dena den, intxaur, piku, hur eta perretxikorik bazen mendian, berauekin ondo aseta gelditzen ginen urtaro honetan.
Udazkena amaitu aurretik jasotzen genuen eztia ere. Jasotzeko garaian erle-ontzi inguruan ez egoteko esaten ziguten, erlea aztoratuta egoten baita eta ziztada egiteko arrisku galanta.
Ez ginen oso urrutira joaten, aitari begira egoten ginen zakuren bat edo beste gainean hartuta. Aita berriz dena arropa zaharrekin tapatuta gerturatzen zen, eta aurpegia, amak elizara eramaten zuen mantelina zaharrarekin tapatzen zuen. Gaur erabiltzen dituzten traje zuri dotore horiek ez baitziren baserrian.
Zerbait utziko nuen aipatu gabe, baina nahiko garbi gelditu da urtaro honek zuen garrantzia baserrian, eta aldi berean zeintzuk ziren oinarrizko elikagaiak. Elikagai hauekin osatzen ziren gure eguneroko otorduak: goizean esnea ogi-zoparekin, eguerdian babarrunak eta txerriki pusketaren bat edo arrautza, ilunabarrean porru-patatak edo gaztainak, ondoren esnea morokila edo taloekin. Dena Km.0 eta ekologikoa, bai horixe.
Km.0 eta ekologikoak izango ziren gure eguneroko otorduak, baina bestelako zerbait jateko beti irrikan egoten nintzen. Adibidez, amak Azpeitiko azokatik ekartzen zituen laranja, platano edo gailetak.
Amaitzeko esan beharra daukat urtaro honetako lanak bakarrik aipatu ditudala, baina aisialdirako ere baziren egun batzuk. Hala nola, Aizarzabaleko San Migelak, edo Zelatuneko erromeriak.
Platanondoak biluzten hasiak ziren Aizarnazabalen eta berauei eroritako hostoak, dantzarien artean haruntz eta honuntz ibiltzen zituen haizeak. Gu ere berauekin batera ibiltzen ginen gehienetan, ilunabarrean neska laguntzea egiteko baten bat aurkitu nahian.
JON EGIGUREN
Eskola arteko txapelketan partaide izan den Joanes Azpillaga Egigureni, bi bertso eskatu dizkiot udazkenari begira osatzeko eta hauek bere ikuspegitik osatutako bi bertsoak
Uda haseran ez genekien
zegoenik udazkenik;
hilabeteak pasatu eta
iritsi zaigu azkenik.
Uda-azkenaz ez dakit, baina,
jarri gaitezkenik
bere izenaz fidatze hutsak
apur dezake eskemik:
ezingo baitu inork ukatu
hasiera bat ez denik
Lanera buelta erakustean
hosto erorien hertzak,
Marroi kolorez iragarrita
datoz buru-hauste beltzak
Baina zergatik jo urtaroa
aro latz eta tristetzat?
Nolakoa den eguzkia ta
ze forma duten ametsak
gogoratzeko egongo dira
tarte txiki batzuk behintzat.
Joanes Azpillaga Egiguren
Egin zaitez bazkide