Unamuno, ironia eta malenkonia

Aspalditik dakigun gauza da makina bat modutako jendea egon izan dela Zestoako bainuetxean.   Interesgarria litzateke pertsona horien tipologia ezagutzea, ezagutzen diren izenekin zerrenda egitea, denbora nola pasatzen zuten jakitea… baina ez da badaezpadako lana. Gaur hemen Miguel de Unamuno idazlea aipatuko dugu.

Miguel de Unamuno Zestoako bainuetxean izana zela lehendik ere bagenekien baina oraindik orain argitaratu dira egonaldi hari buruzko hainbat xehetasun, berak koaderno batean jaso zituenak. “Apuntes de un viaje por Francia, Italia y Suiza” du izenburua liburuak eta aurtengo urte hasieran kaleratu zen. Bost orrialde baino ez dizkio eskaintzen Zestoako egonaldiari baina merezi du astiro-astiro irakurtzea. Lehendik buruan dauzkagun beste idazle batzuen oroitzapenekin batera, orduko bainuetxeko bizimoduaren ikuspegia aberastu egiten digu Unamunok.
25 urte bete aurretik, oposizioak prestatzen hasi aurretik eta artean idazle ezaguna izatera iritsi gabe, egin zuen bidaia Unamunok bere osaba eta beste lagun batekin batera. Mediterraneoko kostaldea zeharkatuz, Frantziako zein Italiako hainbat herri bisitatu zituen, eta itzulera Italia iparraldetik Suitzara, handik Parisera eta azkenik Bilbora, bere herrira, egin zuen.

1889ko uztailaren 31n, ostegun batez, iritsi zen Zestoara eta abuztuaren 6an, asteartez, irten zen Altzolara. Unamunok Azpeitia du hizpide Zestoa baino gehiago. Eta Azpeitian, “Saninaziyuek” izaki, zekorketak. Baldarkeriatzat joko nuke Unamuno, hain gizon sentibera, hiru zekorketa ikustera joan izana Azpeitira, ez balitz Azpeitiko zezen plazaz ematen dituen hainbat xehetasunengatik eta zekorketei buruz idazterakoan erabiltzen duen ironiagatik. Irakur dezagun: “Plazan egiten dira eta oholezko egituraz ixten da; bere palkoak ditu, balkoiko eserlekuak, eta borobilean ezkutalekuak. Garai batean, tendiduaren azpitik paseatzean, neskatxen media zuriak ikusten ziren. Etxeetan, udaletxean, balkoi luzean, alkatea eta 21 apaiz, teilatu batean bi, beste balkoi luzean emakume baserritarrak, zabalak, kolore gorrixkakoak, mugiezinik, eta, lastategiko zirrikitu batetik agerian, han teilatupean, mutil koskorren buru pilo bat. [Toreroen] koadrilan, bost, gizajoak! Hiltzeko hiru zezentxo errukarri.
(…) Oso gauza dibertigarria, zezen errukarriak ihesi eta toreroei traba eginaz. Horiek [toreroek] ezkutalekura korrika, taulatua muturrekin jo beharrean, banderillak airean. Bat harrotu egiten zen parea jarri ondoren, besteak jarri aurretik txapela eskaintzen zien herriko ‘señoritoei’, zarata handia ateratzen zuten haiei, baserritar gaixoak izugarri dibertitzen eta dultzaina-joleari txalo egiten. Ezpatariak, botatzen zituen trasteak eta ezkutalekura; handik saiatu zen zezena hiltzen”.
Pasarte honetan, besteak beste, bi gauza frogatzen ditu Unamunok nire iritzirako: bata Azpeitian ere zakurrak hanka-hutsik ibiltzen zirela, esan nahi baita, Zestoakoa bakarrik ez zela toreatze kaskarra; eta, bestetik, zezen zaleek bezala, kontrakook ere badaukagula tradizioa (1889ko gauzak ari gara kontatzen). Baina utz diezaiogun polemika eragiteari.

Oso ironiko ari zaigu Unamuno, bai, eta hori gustatzen zait. Bainuetxeko giroaz hitz egiterakoan ere, nahiz eta, Barojaren (1895an) eta Azorinen (1904an) tankeran jardun, boladatan askoz eztenkada zorrotzagoa nabaritzen zaio, esate baterako: “Bainuetxea, gauza itxuratia eta tristea, jende asko basokada epelak edatera datorrena, Madrilgo memeloak, ahozabalak, lerdoak.” Sutsu dabil gure Unamuno, gaztetasunak ematen dion suhartasunez. Segi dezagun: “Bainuetxea inozoa, bainu-hartzaileentzat arreta guztiak, mundua miniaturan, jakineko pailazoa baldarkeriatan neskameekin, hiru apaiz, horietako bat ospetsua (‘de campanillas’), txit gorena, hitz egiterakoan bere burua entzuten duena, bestea erdi tontolapikoa, galdetzen didana Montmatren eraikitzen ari diren elizaz, gauza ikaragarria, bikaina, hau eta bestea izango omen denaz. Badago hemen gipuzkoar lodia, lasaia, erosoa, kantuan hitz egiten duena, besteei entzun eta barre egiten duena, errepublikanoa. Denetik dago eta ez dira neska pinpirinak falta. Horren guztiaren artean, nabaritu dut neskameak errespetatu egiten dituztela; batek izan ezik, inork ez die baldarkeriarik esaten eta inork ez du gustu txarreko konfiantzarik hartzen. Hori atsegin dut”.

Unamunok ez du bainuetxeko “hipokrisia” giroa maite. Nahiago du “mendira joatea, nire mendietara, Izarraitz ikustera, zerbait esaten didaten gailurrak behatzera, nire ‘euscalerriaco’ beroaldi garaiak gogoratzera”.
Garai hartako beste idazle askok bezala, ikaragarri erreparatzen dio paisaiari, askotan paradisu garaiarekin edo haurtzaroarekin harremanduz: “Bailara berde hauek ikustean, gailurreraino landatutako mendi hauek, giro aldakor hau, hainbeste aldiz begira-begira geratu izan naizen artasoro hauek, eta batez ere pentsatzea hemen inguruan entzuten diren euskararen oihartzunak, nire ama hizkuntza ez bada ere nire gurasoena, nire esna-aldietakoa, nire izerdi eta nekeetakoa, nire lan neketsuetakoa; horretaz guztiaz pentsatzeak plazer bitxi bat ematen dit, Pirineoan baztertutako arraza misteriotsu eta indartsu horretako partaide izatearena”.

Bistakoa da zein sakona den Unamunorengan euskal paisaiarekiko nostalgia edo malenkonia. Zorrotza eta ironikoa ez ezik pixka bat harroa ere sumatu badugu zekorketa edo bainuetxeko kontuetan, zeharo umila eta sentibera nabaritu dugu, ordea, natura eta bertako bizipenekin, nolabaiteko panteismo batek sorgindua: “Ez dago ezer otoitz kanpaien garaiko gozotasun ikaragarria bezalakorik. Ikusmena geratu egiten da barealdi zoragarri horretan eta errenditurik dirudi, usaimenari eta entzumenari lekua utziz. Koloreen distira apaldu egiten da eta usaina ernetzen da, lore ilunek usainez betetzen dute airea, itsasoko brisaren ordua da. Soinuak garbien eta gardenen entzuten diren unea da, hiltzera doan egunaren lasaitasunean umeen garrasiak garbien entzuten diren unea, ganaduaren zintzarriak, idien marruak, txitxarren hotsak eta beste hainbat zurrumurru ezezagun, diligentziaren zaldien txilinek eteten dituztenak.
Oinez doazen gizonak isilik dabiltza, emakumeek egunez eguzkitan zintzilikatutako arropa zuria jasotzen dute, apaldu egiten da soroetan dauden gari-piloen kolorea, denak atseden hartzen du dena da-eta itzal, itzal goxo. Baserritarrek atseden hartzen dute pipa errez. Herriko neskatxak paseatzera irteten dute eta astiro-astiro doaz errepide zuriko hauts artean, berde ilun artean. Idi parea ikusi dut uztartuta zelaian, larrean, eta txakur bat inguruan”.

Poza ematen du gure Zestoa halako edertasunarekin irudikatu duten idazle, bertsolari edota margolari horien lanak ezagutzea. Horiei esker, gure herria askoz ere maitagarriagoa bilakatzen da. Arteak hori du. Horregatik da hain beharrezkoa gure bizitzan. Gure gazte denboran, Radio 3 ospetsu hartan, Ramon Trecet-ek egunero esaten zuen bezala, “Bilatu edertasuna. Merezi duen gauza bakarra da mundu nazkagarri honetan” (Buscad la belleza. Es lo único que merece la pena en este asqueroso mundo).

Argazkia: Miguel de Unamuno. https://gredos.usal.es/jspui/handle/10366/79006




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide