Urola Kostako LABeko delegatuek Maiatzaren 1ean Donostian LABek antolatu duen mobilizaioan parte hartzeko deia egin dute.

Urola Kostako LABeko delegatuek Maiatzaren 1ean Donostian LABek antolatu duen mobilizaioan parte hartzeko deia egin dute pretsa ohar honen bidez
MAIATZAREN 1ean DENOK DONOSTIARA
Urola Kostako LABeko delegatuek Maiatzaren 1ean Donostian LABek antolatu duen mobilizaioan parte hartzeko deia egin dute. Aurten, Hego zein Ipar Euskal Herrian hainbat mobilizazio antolatu ditugu LABetik Maiatzaren Lehena aldarriz betetzeko helburuarekin. Horien artean, Gipuzkoa mailako mobilizazioa egingo da Donostian,
“Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu” leloarekin. 12:00etan abiatuko da manifestazioa Easo Plazatik. Aurtengoan mobilizaziorako espazio ludikoak prestatu ditugu, horrela, errebindikazio-eguna ere jai-eguna bilakatzeko xedez.
Bestalde, nabarmendu nahi dugu aurten ez dugula plastiko serigrafiaturik erabiliko Maiatzaren Lehena iragartzeko. Ez dugu plastikozko 12.800 metro jarriko. Urrats asko egin behar ditugu trantsizio ekosozialistaren alde, eta hori da horietako bat.
Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzearen alde
Maiatzaren Lehen honetan, LABetik enplegua eta zaintzak banatzeko eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo dugu azpimarra. Izan ere, banaketa hirukoitzaren alde egiten dugu, zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzearen alde.
Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen.
Aipatu egoera ez du pandemiak sortu, ezta Ukrainako gerrak ere. Kapitalismoa da. Hamarkadak daramatzagu politika neoliberalak jasaten, eta fase kapitalista berri batean murgilduta gaude. Fase berri hau aurrekoak baino bortitzagoa da.
Aspaldidanik ari gara esaten: egoera jasanezina bihurtzen ari da ikuspegi sozialetik zein ekologikotik. Planetak baliabide mugatuak ditu eta testuinguru horretan ulertu behar dugu Ukrainan gertatzen ari dena. Gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die.
Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean. Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen.
Pandemian osasuna eta ekonomia zaintzeaz hitz egiten ziguten bezala, orain antzeko paralelismoa
egiten da, pertsonak eta ekonomia babesteaz ari direnean: Kapitalismoan etorkizunik ez dugu
langileok, beste eredu ekonomiko eta sozial baterako bidea egiten hasi behar dugu. Trantsizio
ekologista eta feministari heldu behar diogu. Benetan pertsonak babestu nahi badira, langile klasea
eta herri-sektoreak zaindu nahi badira, asmo hori eslogan hutsean uzterik ez dago. Bada ordua
pertsonen beharrak eta bizitza erdigunean jartzeko.
Egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu, ez partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu
autonomikoak egiten ari diren moduan. Batzuek zein besteek aurkeztutako neurriak guztiz aski-
ezak dira. Gainera, laguntza horietako askok gastu publikoa handituko dute eta politika
birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea,
ezta babes sozialerako politika duin bat ere.
Elite ekonomikoek, zehazki, oligopolio energetikoek boterea eta aberastasuna kontzentratzeko
estrategia darabilte; instituzioek ezin dute hori onartzen eta babesten jarraitu. Energia ondasun
publiko eta unibertsala da, ezinbestekoa guztiontzat.
Iraingarria da Iberdrola eta Petronorren gisako energia enpresak aberasten jarraitzea, herritarren
kontura. Oligopolio energetikoak duen xantaiarako botereari eta gaitasunari mugak jartzea exijitzen
dugu, energiaren prezioa mugatzea. Energiaren publifikazioa defendatzen dugu, haren gaineko
kontrol politiko eta sozial handiagoa.
BANAKETA HIRUKOITZA
Eztabaida soziala bultzatu behar da eta neurri politikak hartu banaketarako, birbanaketarako. LABetik banaketa hirukoitzerako egiten dugun proposamena norabide horretan doa:
– Lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz.
– Aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu. Nola banatu aberastasuna?
•Soldatak hobetuz.
KPIaren araberako soldata igoerekin, eros-ahalmena ez galtzeko. Eta
1.400 euroko gutxieneko soldatarekin. LABek ez du inolako errenta pakturik onartuko
langileok galdu dugun eros-ahalmena berreskuratzeko ez bada. Gure proposamenean ere
gehienezko soldata ezartzeko beharra jasotzen dugu, 1/3 proportzioaren araberakoa.
•Zerbitzu publikoak hobetuz.
Ez gatoz bat gastu militarra handitzeko asmoekin. Bizitza
duinak bermatzeko inongo neurririk hartu ez eta, kontrara, bizitzak suntsitzeko diru gehiago
jartzeko nahiarekin ere ez gaude batere ados.
Zerbitzu publikoen suntsiketari amaiera eman eta kalitatezko zerbitzu publikoak garatu behar dira
osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitza politiketan, politika sozialetan. Zaintzarako zerbitzu
publikoa garatzea ere ezinbestekoa ikusten dugu.
• Erreforma fiskalarekin.
Kapitalaren errentei eta enpresen irabaziei zergak igota.
Hori guztia hemen, Euskal Herrian, egin behar dugu posible. Kapitalismoari alternatiba batekin
erantzutea afera globala da, tokian toki sustatu beharrekoa, elikadura burujabetzan aurrera eginez,
baita energia burujabetzan ere; burujabetza, langileen bizi-baldintzei dagozkien erabakiak hartzeko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide