Zara, lerroak eta zirkuluak
— 2016-05-03Ez dago esan beharrik nongo argazkia den. Jakina, Azpeitikoa! Ignazio soldadu izan zenekoak bizirik ote daude oraindik? Edo arkitekto handien herria izateak (esaterako, Iberotarrak) ematen die halako geometriarako eta lerro zuzenetarako joera hori? Nork daki.
Kosta egin zitzaigun atzokoan lerroak ikustea, eta ez hain juxtu ardo beltzaren eraginagatik –nahiz eta hark ere izango zuen bere partea, eta nire miopia puntuak ere bai, jakina–. Ez, ez… Han ez zegoen lerro zuzenen arrastorik ere; toki gehienetan –kontuan izan guk, udaletxeko balkoitik, zapelatzak zerutik bezalako ikuspegi aereoa edukitzen dugula– nolabaiteko multzoak formarik gabekoak ikusten ziren. Baziren, bai, salbuespenak –bat apartatzekotan, Ipintza, beti bezain serio eta formal– baina, jeneralean, han geometriak ez zuen aurkitu inongo sinpatizanterik. Danborradaren Ama ere, alegia Gure Txokoa, lerro zuzenak ahaztu eta borobilak egiten ibili ez zen, bada! Ene! Anastasio batek burua altxatuko balu!
En fin… Bandek, berriz… bandek aspaldi galdu zuten trajeek ematen dieten formaltasuna eta dotoretasuna. Han inguruan, ordea, irudi-aholkulari edo personal coaching horietakoren bat egon bazen, laster esango zuen: “Baina zer nahi duzue ba, Zarako trajeekin janzten dituzue eta! Horrela, nola ba glamurra eta dotorezia!”. Izan nuen, hala ere, lerroak eta geometriak aparte utzita, bandako partaide batzuekin hitz egiteko aukera eta, tira, egunero ikasten dela zerbait eta bart ere ikasi nuen. Edo hobeto esanda, ahaztuta neukan gauza bat gogoratu zidaten: nik “Oiloen moduan, aztarka” izeneko blog honetan aipatu nuen Texidorren Virgen de la Roca piezari, beraiek Virgen del Clavo (alegia, Ajearen edo Ondoaren Ama Birjina) deitzen omen zietela. Alajaina! Hortik atera kontua zein alkohol tasa aterako liratekeen gure danborradan alkoholemia kontrola egingo balitz. Baina utz dezagun hori alde batera.
Ez, ez. Alferrik da. Gureak ez dauka erremediorik. Odolkiak ere egiten diren bezalakoak ateratzen omen dira eta Zestoako danborradarekin ere gauza bera. Lehengo esaera da, “Cosas de Cestona, ora pro nobis”.
Baina ez dezagun ataka eta moral estutan sartu eztabaida. Honez gero, konturatuko zineten, umore puntu bat jarri nahian bezala nabilela testuan eta ez gara hasiko “ex cathedra” lezioak ematen. Ondo pasatu du jendeak? Bada, tira, aurrera; ondo zagok. Azkenean zer ederragoa garai bateko ejertzitoen desfileetan eta arma alardeetan inspiratua dagoen danborrada horri zeharoko iraulketa egitea eta dena hankaz gora jartzea, eta festa dionisiako bat balitz bezala disfrutatzea? Primeran!
Hala ere, gauza batekin ez nator bat: danborrada bukatu eta plazak, dena botilaz josita, hartu zuen itxura tamalgarriarekin. Zabor kontuekin hain sentibera garen askori, txurrut eta murrut ibili eta gero, sentiberatasuna behe aldera joaten zaigu, alegia, bizkarrak bere izen ona galtzen duen leku horretara. Eta hori ez da onargarria.
Eta amaitzera noa. Kontuak kontu, ondo bukatu eguna, disfrutatu umeen danborradarekin eta hurrengora arte. A! Eta “gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoratu”. Hara! azaldu duk Patxi Lopez, ilea zeharo galduta!
Aio, aio.
Argazkia: Uztarria. Azpeitiko danborrada (2011)
Egin zaitez bazkide