Paperekoa

ZESAREAK GREZIAN – Naiara Exposito Alberdi

Azken asteotan sare sozialen bidez Greziako errefuxiatuen kanpalekuetara joan diren hainbat boluntarioren lanaren berri izan dut. Horri esker pertsona horiek bizi duten egoera apur bat ezagutzeko aukera izan dut.

Gaur irakurri dut azkenekoz kanpaleku horietako emakume haurdunen inguruko aipamen bat, eta barnean egin zaidan korapiloa zuei kontatuz askatzen saiatuko naiz. Emakume bezala, ama bezala… ezinegon, tristura, haserrea, amorrua… sortu dit gaiak. Antza denez Greziako ospitaletan haurdun dauden emakume errefuxiatuei ez diete aukerarik ematen erditze normala izateko (normala = bagina bidezko erditzea). Zuzenean zesareak egiten dizkiete, besteak beste duten overbooking-a (jende gehiegi eta arreta egokia ezin eman) kontrolatu ahal izateko. Errefuxiatuen kanpalekuetatik gertuen dauden ospitaleetan %80-90 inguruk zesarea bidez erditzen du, momentu honetan. Emakume horiek ez dute aukerarik euren nahiak adierazteko, komunikazio arazoak dituzte; inork ez die azalpenik ematen; antza denez, ospitaletako profesionalek azalpenak emateko borondatea ere tamainan dute. Askok ez dute lehenengo erditzea, bost erditze natural bizi eta seigarrena Grezian, zesarea bidez, izan duenik ere badago.

Hauxe da nik gaur irakurri dudan kasua. Emakume bat erditzeko zorian zela eta ospitalera joan zen. Bertan zesarea egingo ziotela ulertu zuen, interprete baten laguntzarekin. Orduan, bera, haurra era naturalean izateko gai zela-eta, (ez zuen lehenengoa) errefuxiatuen kanpalekura itzuli zen berriro, eta bere ahizparen laguntzarekin hantxe izan zuen haurra, kanpin denda zikin batean. Haurra mediku batek ikuskatzea nahi zuen, ordea, eta ospitalera itzuli zenean mediku berdinak atenditu zuen: behatzak sartu zizkion erditu berri zen emakumeari, “garbitzeko”, eta jarraian bulba moztu eta bost puntu jarri zizkion. Azalpenik ez zuen jaso noski! Haurrak sei egunez ospitalean egon beharko zuela esan zioten. Hantxe egon zen bera ere, zuen min fisikoa aguantatuz. Gaur egun, oraindik, ospitalera joan zenean emakume hark umetokian jasan zituen baldarkerak sufritzen ari da eta laguntza psikologikoa ematen diote, ahal duten neurrian, kanpalekuetan. Duen min fisikoaz ahaztu gabe, noski.

Emakume horren lekuan jarri naiz une batez, sentitu dudana ezin dut hitzekin azaldu! Zergatik? Hori da burura etortzen zaidan hitz bakarra. Zergatik egin zioten hori? Zigor bat izan zen? Azalpenik ez zuen merezi?

Hori kasu bat besterik ez da, niri barruan korapiloa sortu didan arren, badakit horrelakoak eta okerragoak milaka daudela egunero.

Nora iritsi behar dugu? Noiz amaituko da hau dena? Agintariek beste aldera begiratzen, noiz arte jarraituko dute? Eskerrak boluntario lana egiteko prest dauden pertsonak! Asko zor diegu.

*Iturriak: https://www.elpartoesnuestro.es/blog/2016/05/10/el-relato-del-parto-de-marian-violencia-obstetrica-contra-las-refugiadas-en-grecia

https://iboneolza.wordpress.com/

Naiara Exposito Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide