Albisteak

Zestoa 2030 Herri Plangintza aurkeztu du Udalak

Zestoaren hurrengo 10 urteetarako Herri Plangintza definitzeko prozesua jarri du abian Zestoako Udalak. Herrigintza eta herritarren ongizatea ardatz hartuta, Zestoaren garapen sozial, kultural eta ekonomikorako udal politika aztertu, eztabaidatu eta adosteko prozesu bat izango da. Herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Herri plangintza diseinatzerako orduan, herrigintzako arlo guztiak, Zestoako eragile-mota ezberdinak eta auzo guztiak hartuko dira kontuan, Zestoa 2030 plan estrategikoak ahalik eta ikuspegi zabal eta aberatsena izan dezan.

Gaur goizean aurkeztu dute proiektua Mikel Arregi Ertxin alkateak, Garikoitz Mendizabal oposizioko buruak eta Juanjo Allur Siadeco Ikerketa Elkarteko teknikariak. Arregik hartu du hitza aurrena. Horrelako proiektu bat egiteko “momentu egokia” dela esan du: “Hamarkada bat hartu eta hamar urte hauetan herri bezala arlo guztiak kontuan hartuta zer egin nahiko genukeen erabaki eta hori gauzatzen hasiko gara”.

Proiektu hau gauzatzeko udaleko bi alderdiek izan duten adostasun maila azpimarratu du Arregik: “Udalean alternantzia politikoa egoten da eta horrek eragin egiten du ikuspegi luzerako proiektuak gauzatzerako orduan. Bada garaia hori saihesteko eta bi indar politikoek adostasun maila bat izatea giltzarria izango da”. Bestalde, Herri Plangintza osatzerako orduan herritarrek izango duten garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Garikoitz Mendizabalek azaldu du proiektu honek herriaren “ezagutza sakona” ekarriko duela eta hori “oso garrantzitsua” dela. Ariketa honekin, gobernuan dagoen taldearekin elkargune bat izango dutela azaldu du Mendizabalek: “Askotan ez da erraza elkargune bat izatea, eta nik uste dut ariketa honek hori ere eskainiko digula”.

Herritarren parte-hartzea

Herri Plangintza osatzerako orduan ezinbestekoa izango da herritarren parte hartzea. Covid-19a dela eta bizi dugun egoerak baldintzatu egingo du herritarrek parte hartzeko modua, partaidetza foro jendetsurik ezingo baita antolatu. Hala ere, herritarrek aukera ezberdinak izango dituzte prozesuan parte hartzeko: online bidez, posta elektronikoz, bilera edo elkarrizketa bidez.

Online bidez parte hartu nahi dutenek galdetegi bat erantzuteko aukera izango dute udalaren webgunean. Galdetegi horretan, herritarrek beren iritziak eman edota ekarpenak egin ditzaketela azaldu du Juanjo Allurrek. Siadeco Ikerketa Elkarteak kudeatuko du inkesta hori, baita jasotako erantzunak aztertu ere; informazioaren erabilera, modu guztiz anonimoan egingo da, sekretu estatistikorako neurriak bermatuta. Online galdetegiari erantzuteko epea, abenduaren 23ra artekoa izango da. Posta elektroniko bidez parte hartu nahi dutenek 943310034 telefonora deitu edo zestoa2030@siadeco.eus helbidera idatzi beharko dute.

Idatziz baino bilera bat eginda edo elkarrizketa bidez ekarpenak egitea nahiago dutenek ere, Siadecora deitu edo idazteko (zestoa2030@siadeco.eus) aukera izango dute, hitzordu bat jarri eta bertako teknikariekin biltzeko. Bilera horiek aurrez aurre edo telematikoki egiteko aukera ere eskainiko da.

Norberaren parte-hartzeaz gain, edo ordezko aukera gisa, auzo bateko edo besteko edota arlo bateko edo besteko errealitatea gertutik ezagutu eta ekarpenak egin ditzaketen eragile edota pertsonen izenak ere proposatu daitezke. Proposatutako pertsona horiekin, Siadeco jarriko harremanetan. Pertsona edo eragile horiek, kasu honetan, zestoarrak edo Zestoatik kanpokoak ere izan daitezke; baldintza bakarra, Zestoako berri izatea edo herri bezala Zestoarako interesgarriak izan daitezkeen ekarpenak egiteko informazioa eta ezagutza izatea izango da; arlokako edo auzokako iritzi emaile kualifikatu gisa parte hartuko duten eragile edota herritarrak izango dira.

Faseak eta epeak

Zestoa2030 Herri Plangintza bi fasetan gauzatuko dela azaldu du Allurrek: diagnostikoa eta jarduera-plana. Diagnostikoa egiteko, online inkestak, elkarrizketak, herritarren iritziak, balorazioak eta ekarpenak jasoko dituzte abenduaren 23a bitartean. Horrez gain, udal zerbitzuen eta udal aurrekontuen azterketa egin eta diagnostikoaren hasierako txostena idatziko du SIADECOk, 2021eko urtarrilean. Zestoak udalerri gisa bere garapenerako zein aukera estrategiko dituen aztertuko da eta baita lehentasunen araberako hurrengo 10 urteetarako lan-plangintza bat osatu ere. Bigarren fase hau, 2021eko martxoaren amaierarako bukatua egongo da.

Zestoak herri gisa zein bide egin eta nola antolatu behar duen erabakiak hartzeko proiektu bat izango denez, alderdi politiko ezberdinetako udal ordezkarien arteko lankidetza eta herritarren partaidetza izango dira prozesu honen oinarriak. Hori horrela izanik, online inkestan parte hartzera animatu ditu herritarrak Siadeco-ko teknikariak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide