Albisteak

Zestoa 2030 Herri Plangintza osatzeko lehen fasea abenduaren 23an amaituko da

Zestoaren hurrengo 10 urteetarako Herri Plangintza definitzeko prozesua jarri zuen azaroa bukaeran abian Zestoako Udalak. Herrigintza eta herritarren ongizatea ardatz hartuta, Zestoaren garapen sozial, kultural eta ekonomikorako udal politika aztertu, eztabaidatu eta adosteko prozesu da. Plangintza bi fasetan banatu dute. Lehen fasean, herritar guztiek dute parte hartzeko aukera, online bidez, posta elektronikoz, bilera edo elkarrizketa bidez. Fase hau abenduaren 23an amaituko da. Bigarren fasea, berriz, urtarrilean hasiko da.

Herritarren parte hartzea

Online bidez parte hartu nahi dutenek galdetegi bat erantzuteko aukera dute udalaren webgunean. Galdetegi horretan, herritarrek beren iritziak eman edota ekarpenak egin ditzakete.  Posta elektroniko bidez parte hartu nahi dutenek 943 310 034 telefonora deitu edo zestoa2030@siadeco.eus helbidera idatzi beharko dute.

Idatziz baino bilera bat eginda edo elkarrizketa bidez ekarpenak egitea nahiago dutenek, Siadecora deitu edo idazteko (zestoa2030@siadeco.eus) aukera dute, hitzordu bat jarri eta bertako teknikariekin biltzeko. Bilera horiek aurrez aurre edo telematikoki egiteko aukera dago.

Norberaren parte-hartzeaz gain, edo ordezko aukera gisa, auzo bateko edo besteko edota arlo bateko edo besteko errealitatea gertutik ezagutu eta ekarpenak egin ditzaketen eragile edota pertsonen izenak ere proposatu daitezke. Proposatutako pertsona horiekin, Siadeco jarriko da harremanetan.

Bigarren fasea, urtarrilean

Herri plangintzaren bigarren fasea 2021eko urtarrilean hasiko da.  Fase honetan, udal zerbitzuen eta udal aurrekontuen azterketa egin eta diagnostikoaren hasierako txostena idatziko du SIADECOk. Zestoak udalerri gisa bere garapenerako zein aukera estrategiko dituen aztertuko da eta baita lehentasunen araberako hurrengo 10 urteetarako lan-plangintza bat osatu ere. Bigarren fase hau, 2021eko martxoaren amaierarako bukatua egongo da.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide