Albisteak

Zestoa tentsio handiko eremuan sartzeko eskaria aho batez onartu zen pasa den osteguneko plenoan

Pasa den ostegunean, martxoaren 7an, egin zen udalbatzarrean aho batez onartu zuten Zestoa tentsio handiko eremuan sartzeko eskaria.

2015ean Euskal Legebiltzarrak etxebizitza legea onartu bazuen ere, Tentsio handiko eremu izendapenaren aurrekaria 2023ko maiatzean dago, non EH Bildu eta ERCk espainiar Gobernuarekin lortutako akordio bati esker Etxebizitza legea onartu zen. Legeak kaleratzeen aurreko babes soziala handitzeaz gain, alokairuen prezioen igoera mugatzeko sistema bat ezartzen du, eta sistema hori martxan jartzeko lehen pausoa tentsio handiko eremuen izendapena da eta horretarako tokiko eremu jakin batek baldintza batzuk bete behar ditu.

Pasa den abenduan Eusko Jaurlaritzak bi txosten argitaratu zituen, eta bertan zehaztu zuen zenbat udalerrik betetzen dituzten tentsio handiko eremu izateko baldintzak. Zestoak tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen ditu, baldintzak bi dira eta izendapena lortzeko nahiko da bat betetzea: batetik, azken bost urteetan etxebizitzaren prezioa erkidegoko bataz besteko KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana, edo bestetik, bizitegi unitate bakoitzeko sarreren %30 baino gehiago etxebizitza ordaintzera bideratu behar izatea.

Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera EAEn 41 herri dira aipatu baldintzak osoki edo partzialki betetzen dituztenak. Herri gehienak herririk populatuenak badira ere, Zestoa baldintzak betetzen dituen Gipuzkoako herririk txikiena da eta horrek Zestoan etxebizitza eskuratzeko zailtasuna gero eta larriagoa dela adierazten du eta tentsio handiko eremu izendapenak Zestoako Udalari besteak beste, alokairu prezioetan eragiteko ahalmena emango lioke.

Izendapena lortzeko eman beharreko pausoak

Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen txostenean tentsio handiko eremu izendapena lortzeko eman behar diren pausuak zeintzuk diren azaltzen du.

Eskumena jaurlaritza eta udalen artean elkarbanatuko den arren, azkenengo izendapena jaurlaritzak egingo du eta baldintzak betetzen dituzten udalek aurretik eskaera formala egin beharko dutenez, Zestoako Udal batzarrak ondokoa onartzen du:

1- Zestoako Udalak herriko gazteek eta egoera ekonomiko zaurgarrian bizi diren herritarrek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunen gaineko kezka adierazi nahi du. Etxebizitza eskubidea aspaldidanik urratua dagoen kontzeptua izanik bada garaia udalok eragiteko ahalmen eta eskumenak izan ditzagun.

2- Zestoako Udalak Eusko Jaurlaritzari Zestoa tentsio handiko eremuan sartzeko izendapena egin dezan eskatzen dio.

3- Gurea bezalako udal txikiek ditugun baliabide eta eskumenak mugatuak izanda, Zestoako Udalak Eusko Jaurlaritzari tentsio handiko eremu izendapenerako ekintza plana eta memoriak egiteko laguntza eskatzen dio.

4- Hartutako erabakiak Eusko Jaurlaritzari eta dagokion erakundeei jakinaraztea.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide