Paperekoa

“Zestoak burua besteen pare ateratzea da filosofia” – Josetxo Mendizabal, Zestoako alkatea

Pare bat urte alkate lanetan aritu dela eta, erdibidean, egindakoak eta egitekoak kontatzeko eskatu diogu herriko alkateari. Besteak beste, hondakinen sistema aldaketaz, kiroldegia berritzeaz, bidegorriaz, igogailuaz eta barrerez galdetu diogu. Badu beste lan bat alkateak: Donostiako turista uholdea baliatuta, nola erakarri bisitariak Urola aldera.

Zer moduz joan da bi urteko agintaldia?

Orain oso ondo sentitzen naiz. Hasierak beti izaten dira zailak, oso ondo ezagutzen ez duzun lan batean hasten zara. Nahiz eta oposizioan egon naizen, lehenengo lerroa ez nuen ezagutzen. Batetik hori, eta bestetik, nola ni autonomoa nintzen ez nengoen ohituta taldean lan egiten. Beraz, hasieran, ez dut esango galduta baina bidea bilatu nahian ibili naiz, eta orain egonkortuta sentitzen naiz, eroso ez, zeren gauza asko daude egiteko. Eskola moduan hartu nuen: joan, ikusi, ikasi eta borondate onenarekin ahal dena egin. Orain gozatzen ari naiz.

Zerk eman dizu pozik handiena?

Taldea ondo koordinatuta daukagula sentitzen dut orain. Bi zinegotzik utzi egin zuten taldea. Denbora batean herren ibili gara. Orain talde sendoa daukagula sentitzen dut, eta datozen bi urteetarako perspektiba onarekin.

Ilusio handia egin zidan osasun zentroa inauguratu izanak. Aurreko legegintzaldian elkarlana egin genuen EH Bilduk eta guk, eta ondo atera zitzaigun. Niri egokitu zitzaidan inauguratzea, baina ez diot nire buruari dominarik jarriko, meritua biena izan zen eta urte askotako lana. Inportantea izan zen herriari eman genion irudia: normaltasuna, alegia, posible zela bi alderdi politikoek helburu baten alde elkarrekin lan egitea. Horrek asko poztu ninduen.

Buruko minik handiena?

Nire bekatua “buenismotik” jotzea izan da. Aurreko legegintzaldian oso erlazio ona izan genuen, lehentasuna eman genion kalera atera eta herriak ikustea bai EAJk eta bai EH Bilduk garagardo bat hartzeko arazorik ez zeukatela. Ohitu egin nintzen erlazio errazera eta oraingo taldearekin sentimendu hori ez dugu lortu. Sentimendu pertsonalaz ari naiz.

Pertsonak aldatu direlako ala zu alkate zarelako orain?

Oposizioan egon edo orain alkatetzan, nire izaera beti izan da bera, erlazionatzekoa. Bonbilla bat erreta baldin badago hori aldatzea ez da ezkerreko eta eskuineko politika. Gure helburua da galdetzea herrian zer arazo dauden, zer lehentasun, eta horiek elkarlanean egin. Bi urte hauetan ikuspegi politikoak hartu du berriz gaina; zeinek proposatzen duen zer. Alderdien gerra. Joko politikoa ulertu dezaket parlamentuan edo beste leku batzuetan, baina herri txiki batean? “Frentismora” itzuli gara.

Pertsonaren kontra jo da legegintzaldi honetan. Nik ulertzen dut zaborra ontzira edo edukiontzira bota eztabaidatu behar dugula, baina pertsona baten bila joatea, hari erasotzea, ez dut ondo eramaten. Une gogorrak izan dira, nik uste dut orain dezente hobeto gaudela. Aldeak ditugu, baina erlazioak lehen baino normalagoak dira.

TURISMOA, MERKATARITZA ETA LAN MERKATUA

Turismoari dagokionean, zer asmo dituzue?

Urte bukaerarako Zestoako euskarri propioak egingo dira. Iraurgi Berritzenek egiten dituenetan Zestoak oso leku txikia dauka. Landa turismoa, herriko ondarea, mendiko ibilbideak… jasoko dira. Dena dela, www.zestoaturismo.net martxan dago. Zestoako turismo bulegoa berriz, Itourbask Turismo Bulegoen Sarean sartuko da.

Merkataritzan zer egitea duzue buruan?

Bi gauza gertatu dira bi urte hauetan nabarmentzekoak. Bata, aparkatzeko txandaketa sistema. Bestea, autobus geltokia kanpora ateratzea. Beste hainbat ideia dauzkagu: herrian kontsumitzeko sentsibilizazio kanpaina egitea; Laranjadi plaza barrenean auto batzuk sartzeko tokia egitea, eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartzen segitzea.

Turismo bulegoaren seinale gehiago jarri dira. Orain herritik kanpoko seinaleak ugaltzea falta zaigu, daudenak oso gutxi dira. Jendea Urola aldera bideratzeko seinaleak jarri behar dira, gaikakoak adibidez, dela trena, dela Ekainberri…

Zestoak burua besteen pare ateratzea da filosofia. Diputazioan esan dugu, Urola ez direla ari promozionatzen, adibidez, Goierriren mailan. Donostiako masifikazioaren irteera Goierri aldera bideratu dute. Urola bailarak berriz, beste inon ez diren gauzak dauzka saltzeko: Bainuetxea bakarra da, koba ere bai, Lili, trena. Kosta beteta dago, begirada norabide honetan jartzea da kontua, bost minutura gaude.

Krisitik ateratzen ari garela esaten dute. Ez dakit zestoarrak nola dabiltzan. Zer erronka duzue esku artean?

Iraurgi Berritzen agentzian turismo atalean baino ez geunden. Orain bazkide gara eta atal guztietara dugu sarrera. Langabeziaren gaian lagundu gaitzakeela uste dugu. Webgune bat (www.urolanprest.eus) sortu da adibidez, bailarako lan eskaintzak, ikastaroak etab. biltzeko. Zestoan langabezia tasa geldirik dago. Martxoan izan genuen jaitsiera handiena, 22 pertsonakoa. Beraz, gaur egun 186 langabe daude. Azken sei urteotan ez gara 200etik jaitsi. %9,9an gaude, eta emakumeen eta gizonen kopuruak oso parekatuta daude.

Arroako industrialdean enpresak bisitatzen ari gara. Haiek ezagutu nahi ditugu, nola dabiltzan, zer langile mota behar duten, etab. galdetzen diegu. Iraurgi Berritzenen zerbitzuak ere azaltzen dizkiegu. Enpresa batean ez beste denetan oso baikor sumatu ditugu, denak daude kezkatuta, baina gora doazela esan digute.

Bertako jendea ari al da lanean?

Bai, eta nahi ere hala nahi dute, edo behintzat ingurukoa, langileek alde egin ez dezaten. Bizitza proiektua enpresa horretan egitea nahi dute. Postu espezializatuak dira asko, mekanizazioarekin zerikusia dutenak.

Zestoarrak lan merkaturako prestatuta al daude?

Eskolek, Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoa eta Elgoibarko Makina Erreminta Institutua gisakoek, bide hori egin behar dute, enpresek nahi duten horretara moldatu behar dute. Horrela, gaztea lanerako perspektiban jarriko dugu. Bidea zuzenagoa litzateke. Zergatik erakutsi gitarrak egiten hemen ez badago hortik aterabiderik?

Herritarrek ba al dakite prestakuntzarako informazioa non bilatu?

Gutxi oraindik.

AZPIEGITURAK

Plazako barrerekin zer gertatu da?

Argi eta garbi esan behar da hanka sartu dugula. Elizako sarrera nagusiaren aurrez aurre dagoen etxearen hormatik barreren euskarrira pasabide estuegia egin da, eta horrez gain, etxeko ate aurrean bi zutabe daude. Irisgarritasun arauak ez ditu betetzen. Asmoa da aurtengo jaietan horrela pasatzea eta hurrengorako okerrak zuzentzea. Urtebetez larrialdietarako konponketak egingo ditugu, baina kontua ez da horrela ibiltzea, baizik eta aurrera begira ondo ipintzea.

Noiz ailegatuko gara Zumaiara bizikletaz bidegorrian barrena?

Lasaon, orain, errepidea zeharkatu behar da. Diputazioko Mugikortasun Sailak egitasmoa eginda dauka. Errepidetik pasatuko litzateke bidea, semaforo bidez. Beste aukera trenbidea baliatzea litzateke, baina Eusko Trenbideak-ek dio ezin dela, trena etortzen baita Azpeititik. Hirugarren aukera bat aztertzen ari gara.

Zergatik da txarra Diputazioaren proposamena?

Nik ez diot okerrik ikusten Diputazioaren proposamenari, baina jendeak esaten du errepide azpitik pasatzen jarraituko duela. Bestalde, esan ziguten aurrekontua gutxi gorabehera 400.000 eurokoa izango zela, eta ondoren ez daukatela hori egiteko dirurik. Iraurgi Berritzen agentzian beste proposamen bat egin dugu. Batetik, Lasaotik, ibaiaren bestaldetik, bidea egin eta Bentapeligrora atera. Bestetik, trenbidea baliatu Azpeitiko museotik Lasaora etortzen den trena Bainuetxeko geltokiraino ailegatzeko.

Proposamen hori Diputazioarena baino merkeagoa al da?

Hori ez da kontua. Trenaren ibilbidea luzatze kontuan Eusko Jaurlaritzak hartu beharko luke parte. Trena Lasaoraino etortzeak zentzua dauka, baina ez dugu bailarako lotura lortzen. Gure egitasmoaren bidez trena Zestoa aldera gerturatuko litzateke, hor daude Idiakaitz, Lili, Ekainberri… Azpeitia ere parte hartzen ari da eta Azpeitiak pisu handia dauka.

Ibai ondoko bidea berriz, Diputazioaren esku legoke. Diputazioan, Turismo Sailean, PSE-EE dago eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailean ere bai. Hori baliatu nahi dugu.

Eta noizko?

Nik uste, 2019ko aurrekontuetan sar daitekeela.

Iraetako tunelak noiz konponduko dira?

Diputazioak berrehun mila euro pasako proiektua egina dauka tunel bat konpontzeko eta beste tunela aztertzeko. Diputazioak uda ondoren tunela aztertzeko konpromisoa hartuta dauka.

Arroatik Narrondora?

Obra egiteko proiektua eginda dago. 2017-2021eko lurralde planean dago. Baina oso garestia da. Gu diru bila gabiltza.

Kiroldegia berrituko duzue.

Bai, 1.200.000 euroko inbertsioa egingo da, erdia Diputazioak eta beste erdia Udalak. Diputazioko dirua baliatzeko urte bukaera baino lehen hasi behar ditugu lanak. Solairu bat jasoko da gimnasioaren pare horretan. Berritzea da, baina ia dena bota eta berria egingo da. Frontoia orain bezala geratuko da.

Kalean igogailua noiz izango dugu?

Kiroldegia eta igogailua ia batera joango dira. Igogailua liburutegi atzeko aparkaleku horretatik aterako da. Idiazpiko eta Zubimusuko herritarrei eman nahi zaie zerbitzua. Igogailuan sartu eta liburutegi izkinara igoko lirateke. Badakigu ez dela irtenbide ideala, baina hutsetik abiatuta ahalik eta onena aukeratzen saiatu gara.

Zertan da hondakinen kudeaketa?

Orain dela urtebete onartu genuen sistema berria. Ondoren, mankomunitateari azterketa eta aurrekontua egiteko eskatu genion; hau da, sistema berria zenbat kostatuko litzatekeen, datu zehatzak edukitzeko. Gero, tartean sinadura bilketa egin zen herrian. Guk hitzeman genuen datu guztiak bildutakoan partekatuko genituela, dena ez baita zuria edo beltza, arrazoituta eta alde onak eta txarrak aztertuta erabaki behar da. Urrian hasi ginen eskatzen, mankomunitateak ez dizkigu oso datu fidagarriak pasatu: ez onak ez txarrak, gaur gauza bat, bihar beste bat, etzi beste bat…

Kostuen inguruan?

Bai. Eta zalantzak sortu zaizkigu, zer ari den gertatzen barruan, kontabilitateko zer datu ari zaizkigun ematen. Irudipena daukagu gauzak ez daudela kontrolatuta hor barruan. Ondorioz, jarraipena egiten hasi gara, bai sistema, bai langileak, soldatak, maiztasunak…

Zuk nahiko zenukeena baino kostu handiagoa azaltzen dute datuok?

Ez. Gaur altua eta bihar baxua. Ez daukagu iturri segururik.

Zergatik erabaki zenuten sistema aldatzea, daturik ez bazenuten?

Guk geneuzkan datuekin erabaki genuen. Sistema berrian, laurogei mila euroko aldea zegoen, behera. Hori izan zen arrazoietako bat. Kanpainan esan genuen gaia aztertuko genuela, ez genuen esan zuzenean edukiontziak jarriko genituenik. Baldintzak ziren bereizia izatea, birziklatze tasa bera izatea eta gestioa merkeagoa izatea, ahal bazen.

Noiz erabakiko duzue?

Hil honetan uste dut deituko dugula mahaia. 2019rako nahi litzateke bailara osoak sistema bera izatea, egitura osoa optimizatzeko. Zumaia, Zarautz, Getaria, Aia, gauza bera egitera doaz.

Herritarrak zain daude. Zer daukazu haiei esateko?

Udala sakon ari da aztertzen benetako kostuak. Datu objektiboak jarri nahi ditugu mahai gainean, eta ez gure datuak, mankomunitateak emandakoak baizik.

ERRETIROA?

Bi urte barru bukatuko duzu alkatetza eta orduan ia erretiroa hartzeko adina ere izango duzu. Zer daukazu buruan?

Legegintzaldia 64 urte beteta bukatuko dut. Denerako ondo gelditzen naiz, bai dena lagatzeko, bai segitzeko, baita oposizioan izanda ere. Nik ikusten dut erreleboa asko kostatuko zaigula. Ni komodina naiz.

Gustura zabiltzala, alegia.

Batzuetan liluragarria da, erakundeekin, beste udalekin dituzun harremanak…

Bi urte barru galdetu beharko dizugu.

Beti gustatu izan zait jendearekin ibiltzea. Bizitza osoan horrela izan da. Ordutegia ere sekula ez da izan arazoa, autonomoa izan naiz bizitza guztian. Garbi daukat nire etorkizuna ez dagoela politikaren mende, alderdiak onartuko nau naizen bezala edo ez.

Esandakoa, bi urte barru esango didazu jarraitzeko asmoa duzun ala ez.

[Barre egin du lehendabizi, eta gero]: Ez dut uste, ez dut uste.

Onintza Irureta Azkune




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide