Albisteak

Zestoako AEK, ikasturte berria hasteko prest

Zestoako AEKn izena emateko epea zabalik dago datorren irailaren 23ra bitartean. Bertako irakaslea da Eli Agirre azpeitiarra eta hirugarren urtez zestoarrei euskara irakasten jardungo du aurtengo ikasturtean. Urrian zabalduko dituzte euskaltegiko ateak eta hasieraren inguruan hitz egin dugu Agirrerekin.

Ezohiko ikasturtea hastear zarete. Nola ari zarete prestatzen?

Dena prest dugu. Egoera dela eta geuk ere moldatu egin behar izan dugu. Edukiera mugatuta daukagu, gela bakoitzean berezko ikasle kopuruaren %60a izango dugu. Gure kasuan, espazio aldetik ez dugu arazorik. Gela nahikoa daude eta lekua badago, normalean izaten dugun ikasle kopurua hartzeko behintzat. Geletan segurtasun neurri guztiak hartuko dira, protokolo bat ezarri dugu eta hori jarraituko dugu.

Ze ikastaro izango dituzue?

Maila guztiak ditugu, A1etik hasi eta C1era arte aurrez aurre eta C2 maila online. Horrez gain, autoikaskuntza ikastaroak ere baditugu, ikasleek euren erritmora etxean ikasteko aukera dute. Ordutegi arazoak dituztenekin oso ondo funtzionatzen duten ikastaroak dira.

Badakigu C1 (EGAren baliokidea) jende askok ez duela lehenengoan ateratzea lortzen eta berehala etsi egiten dutela. Nik, herriko gazteei Zestoako AEKn duten aukera aprobetxatzeko deia luzatu nahi nieke. Lanpostu askotarako eskatzen dute egiaztagiria eta pixka bat landuta gaitasuna berehala eskuratzen dute ikasleek.

Berrikuntzarik izango al duzue aurtengoan?

Euskaraz ikasteko aukerarik izan ez dutenei edo denboraren poderioz euskaraz komunikatzeko gaitasuna galdu dutenei zuzendutako alfabetatze ikastaroa eman nahi dugu. Iaz taldea osatzen saiatu ginen baina ordutegi arazoak zirela eta, ez genuen lortu. Aurten beste saiakera bat egingo dugu. Bere garaian euskaraz ikasi ahal izan ezin zuten horientzat zuzendutako saioak izango dira. Irakurtzeko erraztasuna lortzea da helburua, ez dira gramatika klaseak izango. Euskara batuan eta euskara idatzian errazago moldatzen ikasiko dute ikasleek.

Gazte, heldu, denetik etortzen al da AEKra?

Bai, denetik. Alfabetatzera etortzen direnak edo euskara ikasten zerotik hasten direnak. Zestoara iritsi berriak eta urte luzez hemen bizi diren ikasleak ditugu. Jende asko etortzen da tituluren bat lortzera eta behin titulua lortutakoan, askok etortzen jarraitzen dute, giro ona eta lagunarte ederra sortu dutelako.

Zestoako kasuan, Udalak ikastaroen %100a finantzatzen du, ezta?

Bai, hala da. Zestoan abantaila handia dago. Udalak bere gain hartzen du herrian erroldatuta daudenen matrikularen %100a. Ikasleek ikasturte hasieran 100 euroko ordainketa bat egin behar dute eta ikasturte bukaeran, asistentzia betetzen dutenei diru hori itzultzen zaie.

AEK euskara ikasteko leku bat baino gehiago da, ezta?

Bai. Zestoa herri txikia da eta AEKra etortzen diren ikasleak gelakideak baino gehiago dira. Azkenean, harreman bat sortzen da eta jendea ezagutzeko balio du. Zestoara iritsi berria den norbaitentzat AEKra etortzeak euskara ikasteaz gain, integratzen lagunduko dio, jendea ezagutzeko aitzakia bat ere bada.

Zer esango zenioke euskara ikasi edo hobetu nahi duen horri?

Zestoak ematen duen aukera benetan aprobetxatzekoa dela eta lagunarte oso politak sortzen direla. Bestalde, herrian integratzeko edo harremanak egiteko ezinbestekoa da euskaraz jakitea, herritarroi jarrera hori ikustea gustatzen zaigu.

Oharra: Izena emateko azken eguna irailaren 23a izango da. Izena eman nahi dutenek Kultur Etxera joan beharko dute 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Nahiago izanez gero, zestoa@aek.eus helbidera idatzi edo 670 420 048 telefonora ere deitu daiteke.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide