Albisteak

Zestoako Eskola Kiroleko monitoreak formazio jardunaldia egiten hasi dira

Gaur, larunbatez, baloreen formazioaren lehen saioa izan dute Eskola Kiroleko begiraleek. Bertan, Aitor Salegi kirol zinegotziak aurkezpena egin die gazteei. Lehengo urtean sortutako Kirol Mahaiaren helburu orokorra Zestoako kirol eta jarduera fisikoaren hobekuntzak, kezkak edota proposamenak mahai gaineratzea da. Gaiarekin interesa duen edonork parte hartzeaz gain, kirolaren antolakuntzarekin harreman zuzena dutenek iritzia emateko aukera izaten dute bertan.

Ana Carrere Kirol teknikariaren esanetan, “Eskola Kirolean ematen diren esperientzia onak eta gogobetekoak izatea ezinbestekoa da, gerora, jarduera fisikoa egiteko ohiturak sendotzea nahi bada. Eskola kiroleko jarduera garrantzi handikoa bihurtzen da haur eta nerabeen heziketa prozesuan”. Horrez gain, Carrerek gehitu du, heziketa integralaren prozesu honetan, hainbat zeharkako balore jasotzeko ere baliabide aproposa izan daitezkeela Eskola Kiroleko saioak. “Kirola praktikatzean balore positiboak transmititzeko egoera aproposak sortzen dira, beti ere, hauek ondo lantzen badira. Honetarako, ezinbestekoa da bertan parte hartzen dutenek ezagutza teknikoa eta balore onetan oinarritutako jarrerak edukitzea umeekin entrenamendu eta partiduetan”. Ekain Guraso Elkartetik helarazitako kezka baten inguruan sortu da formazio saio hauek egiteko ideia.

Zestoako Udalak antolatu ditu monitoreentzako formazio tailerrak. Bi arlo izango dira landuko direnak. Batetik, formazio teknikoa: “Nola eta zer entrenatu zure taldearekin. Nolakoak dira haurrak adin honetan?” eta bestetik, entrenamendu bidezko zeharkako baloreen transmisioaren nondik norakoak.

Parekidetasuna, inklusioa, euskara eta ingurumena landuz

Txatxilipurdi Elkartea izango da Baloreen formazioa bideratuko duena Zestoako Udalarekin elkarlanean eta lau ikuspegi landuko dituzte; parekidetasuna, inklusioa, euskara eta ingurumena. Alde teknikoaren formazioaz, Eskola Kiroleko koordinatzailea den Leire Lopetegi eta Ana Carrere, Zestoako Udal kirol teknikaria arduratuko dira. Guztira hiru saio izango dituzte. Gaurko saioaz gain, urriaren 31an egingo dute bigarren saioa eta urte bukatu aurretik egingo duten balorazio saioarekin emango zaio formakuntzari amaiera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide