Zestoako Herri Ikastetxeko ikasleak euskararen egoeraren inguruko azterketa eta eskolan erabilera sustatzeko kanpaina egin dituzte

Zestoako Herri Ikastetxeko ikasleak astebetez boluntario lanetan aritu dira. Euren helburua euskararen egoeraren inguruko azterketa bat egitea izan da eta eskolan euskararen erabilera sustatzeko kanpainatxo bat abiatu dute. Horrez gain, Danbolin-en euren ekarpentxoa egin nahi izan dute, audio bidezko zein idatzizko solasaldi hau publikatuz.

Elkarrizketatuak: Laia, Garazi, Xan eta Xiker

Elkarrizketatzaileak: Ruben eta David

Klasean ariketa sozial batean parte hartu duzue, kontatuko diguzue zertan datzan?

Aste batez boluntarioak izan gara eta gure helburua euskararen inguruan hausnartu eta euskara gehiago hitz egitea izan da. Gainera, Danbolin-en ere parte hartu nahi izan dugu, bertako boluntario taldeak egiten duen bezala.

Zer da zehazki egin duzuena?

Lehenik eta behin, Euskaraldia-ren inguruko lanketa bat egin dugu. Lehenengo Danbolin-era mezu bat bidali genuen bertan artikulu bat idazteko aukera ba ote genuen galdetzeko.

Behin beraien erantzuna jasota, lanarekin hasi ginen. Lehenengo, txapa batzuk egin genituen. Horretarako, galdetegi bat pasa genuen ikastetxe osoan zehar, ikasleen artean nork parte hartu nahi zuen jakiteko.

Ondoren, txapa guztien kalkulua egin genuen eta hauek egiten hasi ginen. Ikasgela osoak lagundu zigun zeregin horretan, txapa pila bat geneuzkan egiteko eta.

Azkenik, txapak gelaz gela banatu genituen eta ikasleak euskaraz hitz egitera gonbidatu genituen.

Zer da Euskaraldia? Zein da egin dituzuen txapen esanahia? Eta zertarako egin dituzue?

Euskara sustatzeko ekimen bat da. Bertan, txapa desberdinak banatzen dira eta hauek jantzita eraman behar dira ariketa bukatu arte. Kantu bat ere sortzen da ekimen horren bueltan. Guk ere horretan parte hartu nahi izan dugu eta txapak sortu ditugu: “Belarriprest” eta “Ahobizi”. “Ahobizi” beti euskaraz aritzen denari deitzen zaio eta “Belarriprest”, berriz, hitz egin ez baina euskara ulertzen duenari.

Gustatzen zaizue euskara? Eta gaztelania? Zein gustatzen zaizue gehiago?

Guri euskara gustatzen zaigu gehiago, zalantzarik gabe! Izan ere, Zestoan bizi izan gara betidanik eta hemen batez ere euskaraz hitz egiten da.

Ondorengo loturan elkarrizketa duzue entzungai:

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide