Paperekoa

Zestoako Ikastolaren sorrera eta bilakaera

Aurtengo irailean bete dira 50 urte Zestoan Ikastola martxan jarri zela. 1966-67 ikasturtean dozena bat ikasle ingururekin zabaldu zituen ateak Ikastolak Elizkaleko Zentroan, gazteriaren biltokian lekua eginda. Gaur egun, Arropa solidarioa ekimenak eta katekesiak erabiltzen dituzte Ikastolaren lehenbiziko gela izandako haiek. Besteak beste, Euskal Jaiak eta antzerki saioak antolatzen ibilitako abertzale talde bat izan zen ekimenaren bultzatzaile nagusia.

Euskal Herriko lehen ikastolaren sorrera 1914 inguruan kokatzen bada ere, ikastolen sorrera masiboa 1960ko hamarkadan gertatu zen Euskal Herri osoan. Horrelako mugimendu baten sorrera, berez, korapilatsua izanik ere, kontuan eduki behar dira frankismoak ezarritako muga eta traba politikoak, kulturalak, etab. Horren lekuko da 1968ko udazkenean guardia zibilek Zestoako Ikastola itxi izana, herritar baten salaketa tarteko.

Hainbat gorabehera (sakristia eta andereñoren baten etxea ikasgela moduan erabiltzea, besteak beste) igaro ondoren, Elizaren babesa lortu zuen ikastolak, legez parroki eskola bilakatu, eta berriro Zentroko geletara itzuli ziren Eskolaurreko andereñoak eta ikasleak.

Eskolaurreak jarraipena behar zuen, eta oinarrizko hezkuntzarako Loiolako Ikastola sortu zuten Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako ikastolek. Kontuan hartu behar da, gaur ez bezala, garai hartan bailara ikuspegiak garrantzi handia izan zuela, ikastolagintzan ez ezik beste hainbat arlotan ere: Mankomunitatea sortu zen, helduen alfabetatzeak ere bailara mailako egitura zuen, etab. Ildo horretan koka daiteke Kilometroak 79 ekintza arrakastatsua ere; bailara osoa buru-belarri aritu zen lanean.

Franco ondorengo lehen urteetan, ikastolak egonkortuz joan ziren, eta baita administrazioarekiko harremanak estutzen ere. Garai horretan, bailarako ikastolek oinarrizko hezkuntza pixkanaka herri bakoitzean kokatzeko erabakia hartu zuten, Batxilergoa Loiolan utzita. Hainbat arrazoirengatik, garai horretan, lehen aipatutako bailara ikuspegia ere lausotuz joan zen.

Horrela, 1981-82 ikasturtean, OHOko lehen mailak Zestoan bertan kokatu ziren, eta 1983-84 ikasturtean Zestoako Ikastola eta San Jose Ikastetxea eskola bakar moduan funtzionatzen hasi ziren, nahiz eta administrazio mailako hainbat kontu erabat bateratu gabe egon. Horretarako, beste hamar urte baino gehiago behar izan ziren, Eusko Jaurlaritzaren publifikazio legea martxan jarri arte; hori ere ez zen nahi bezain azkar eta eroso gauzatu, besteak beste Azpeitiko Ikastolan sortutako gatazkak eragin zuzena izan zuelako, bereziki irakasleen egoeran.

Bestalde, Zestoako Ikastolaren sorreraren 50. urteurrena gogoratzen ari garen honetan, norbaitek galde dezake: Horiek horrela, gaur egun Zestoan ba al dago Ikastolarik? Zestoa Herri Ikastetxeari geratzen al zaio ezer, orain dela 50 urte sortu zen Ikastola hartatik?

Zestoa Herri Ikastetxeko webgunea arakatzen badugu, garbi dago erantzuna:

Zestoa Herri ikastetxearen historia ezin da ulertu 1983/84 ikasturtean orduko San Jose ikastetxe publikoa eta Miren Jaione ikastola bateratzea hartu zeneko erabakia kontuan hartu gabe.

Orain dela mende erdi sortutako ikastoletan, bakoitzak bere bilakaera izan du. Talde handi bat Ikastolen Elkarteko partaide da, beste batzuk Eusko Ikastolen Batzako kide dira, eta beste hainbat eta hainbat sare publikora sartu ziren, bakarka edota herriko beste “eskola transferituarekin” bat eginda (Zestoa, adibidez).

Ikastola gisa sortutako hainbat eskolak “ikastola” izena galdu egin dute, eta beste askok mantendu, nahiz eta, gaur egun, sare publikoan egon. Adibidez, Azpeitiko eta Azkoitiko Ikastola publikoek “izena” mantendu egin dute, Zestoakoak ez. Baina izena eta izanaren arteko gorabeheretan arituko ginateke, gehiegizko xehetasunetan sartuko bagina. Baina nork esango liguke Zestoako Herri Ikastetxeak Azpeitia eta Azkoitikoa baino “ikastola espiritu” (baldin eta espiritu horrek irauten baldin badu) gutxiago dutenik? Agian, hala izango da, agian ez.

Azken ehun urte hauetan, hainbat eta hainbat ikastola sortu izan dira, era guztietakoak, bai neurrian, bai egituran, eta baita oinarri ideologikoetan ere, izenaren eta izanaren artean alde dezentearekin, sarri askotan.

Hainbat gauza aitortu behar zaizkio Ikastola mugimenduari. Batetik, sorreratik izan zuen pedagogi mailako aitzindaritza. Aitzindari izan ziren, askotan, pedagogia arloan aurreratuak, nahiz eta erregimen politiko erabat aurkakoari aurre egin behar izan. Aitortu beharra dago, bestalde, pedagogia berrikuntzan erreferentzia nagusia Katalunian topatu zutela ikastolek.

Hala ere, eraginik handiera hizkuntzaren erabileran izan da. Euskara irakaskuntzako hizkuntza hezurmamitu izana sor zaio ikastola mugimenduari. Gaur egun, gure artean, ikastetxe publikoak ez ezik gainerako pribatuek ere, eskualdearen arabera, euskara lan tresna bihurtu dute eta “D eredua” deitzen dugun hori nahiko zabaldua dago; gainera, badirudi zabaltzen jarraituko dela, nahiz eta, agian, askok nahiko genukeen bezainbateko normalizazio maila lortzeko asko falta den.

Beraz, ikastola mugimenduaren eragina hezkuntza sarearen bazter guztietara zabaldu da Euskal Herrian. Nolabait esateko, ikastetxe asko eta asko “ikastolatu” egin dira, maila batean edo bestean.

Zestoako Ikastola sortu zela 50 urte. Egin behar ote da ospakizunik? Behar al da ospakizunik? Badirudi Zestoan ez dela gauza berezirik egingo. Baina iruditzen zait merezi duela gutxienez gogoratzea. Izan ere, halako herriko ikastolaren sorrera baino garrantzitsuagoa iruditzen zait ikastola mugimenduak Euskal Herriko hezkuntzan izan duen eragina gogoratzea. Euskararen normalizazio bidean ereindako hazia nekez ukatu ahal izango zaio mugimendu osoari. Zer izan daiteke hori baino ospakizun handiagorik?

Lasai asko esan dezakegu Zestoa Herri Ikastetxea ere badela “ikastola”, Euskal Herriko beste hainbat eta hainbat bezala, nahiz eta izena ez agertu. Nahiz eta ez agertu Ikastolen Elkarteko zerrendan. Izan ere, Euskaltzaindiaren Hiztegian ere halaxe azaltzen da.

ikastola iz. Euskaraz irakasten den lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxea. Haurrak ikastolara bidaltzen ditu. Herri ikastola: ikastola publikoa. Ikastola pribatuak. Udal ikastola.

Dena dela, hori guztia Historiak “erabakiko” du, eta gauzak bere lekuan jarriko ditu.

Manuel Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide