Zestoako Mintzalagun 4. edizioa martxan da

Zestoako Mintzalagun programan izena emateko epea zabaldu da, eta kanpainako leloak dioen moduan: euskara praktikatzeko eta lagun berriak egiteko aparteko aukera da. Aurtengoa 4. edizioa da eta egoera inoizko arraroena izan arren, proposamenez beteta eta gogotsu hasi gara.

Mintzalagun taldeak astean ordu batez elkartzen dira mintzapraktika egiteko, eta parte hartzaileek batzeko tokia eta ordutegia aukeratzen dute. Dena den, ezin da ahaztu oraindik ere oso egoera berezian gaudela. Hori dela eta, mintzalagun taldeetan eta ekitaldi guztietan beharrezko prebentzio neurri guztiak aintzat hartuko dira. Horren harira, eta aurrez aurreko eskaintzaren osagarri moduan, martxoan abiatu zen eskaintzari jarraipena emango zaio eta urriaren amaieran mintzapraktika ONLINE taldeetan parte hartzeko aukera egongo da.

Izena eman edo informazioa

Aurrez aurre, Zestoako euskaltegian edo euskara zerbitzuan; whatsapp bidez, 670 420 048 telefonoan; edo zestoa@aek.eus helbidean.

Parte hartzea dohainik da eta mintzalagunek hainbat abantaila eskuratuko dituzte: harpidetzetarako deskontuak, zozketak, sariak…