Albisteak

Zestoako Udalak eta Goiener energia kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Mikel Arregi eta Santi Ochoa de Eribe hitzarmena sinatu zuten unean.

Herrian energia komunitatea sortzea izango da hitzarmen horren helburua. Bide horretan, lehen pausuak izangodira eragileak identifikatu eta Energia Mahaia sortzea.

Zestoako Udala energiaren arloan burujabe izateko pausuak ematen hasi da eta bide horretan, pausu garrantzitsu bat eman zuen atzo eguerdian: Udalak eta Goiener enpresak lankidetza hitzarmena sinatu zuten udaletxeko areto nagusian. Mikel Arregi Ertxin alkatea eta Santi Ochoa de Uribe Goienerreko zuzendari nagusia izan ziren bertan eta hitzarmenaren nondik norakoak azaldu zituzten.

Energia eguneroko agendan dugula esan zuen alkateak eta nahiz eta Zestoa herri txikia izan ekarpen batzuk egin behar dituela arlo horretan: “Ondorengoei planeta duin bat utzi ahal izateko aldaketak egin behar dira. Udal honek hainbat gauza egin nahi ditu trantsizio ekologikoa deituriko bide horretan”.  Zestoa ingurumenarekin sentsibilizatuta dagoen herria dela azpimarratu zuen Arregik baina orain arte ez dela energiarekin lotutako proiekturik egin bertan. Lehen pauso hori Goienerren eskutik emango dute. Alkatearen esanetan, estrategia “garbi” dute: “Tokiko estrategietan oinarritutako estrategia bat bultzatu nahi du Zestoako Udalak.  Helburua ahalik eta energia gutxien kontsumitzea izango da eta eta energia hori gure herrian ekoiztua izatea”. Estrategia hori “herrigintza” ikuspegitik egingo dela gaineratu zuen eta “herritarrak protagonista” izango dira.

Goiener bidelagun

Zestoako Udalak Goiener izango du bidelagun energia burujabetza lortzeko bide horretan. 2012an abiatu zuen ibilbidea Goienerrek baina momentu horretan Espainiar Estatuan hainbat arazorekin topo egin zuten. Hori dela eta, 2013an kontsumo kooperatiba abiaraztea erabaki zuten. 2018an hasi ziren berriztagarrien lehen proiektuak garatzen eta azken urtean, energia komunitateak sortzen aritu dira. Egun, 14.000 bazkide ditu hegoaldean eta 18.000 argindar kontratu baino gehiago kudeatzen dituzte.

Zestoan ere energia komunitatea garatzeko proiektua jarriko dute martxan. Ochoa de Uribek adierazi zuen proiektu horiek gauzatu ahal izateko ezinbestekoa dela herritarren parte hartzea: “Prozesuaren hasieratik herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da, gu bidelagunak izango da. Gure helburua gizartea energia gaietan ahalduntzea da eta energia komunitateei esker badugu ahalduntzeko tresna hori. Prozesu horretan formazioa eta informazioa ezinbestekoak izango dira”.

Energia komunitatea

Komunitate hori sortzeko, Energia Mahaia osatuko dute. Goiener arduratuko da mahai horren gidaritzaz eta bertan hartuko dira erabakiak. Lehen pausua, talde hori osatzeko eragileak identifikatzea izango da. “Talde horrek edukiak landuko ditu, puntu bateraino eta zirriborro bat osatzen denean, beste deialdi bat egingo da hori jendaurrean aurkezteko”. Goienerreko zuzendariak nabarmendu zuen komunitate horrek autonomoa izan behar duela eta beraiek “bidelagunak” izango direla prozesu horretan. Komunitate hori sortzeko  bederatzi eta hamar hilabete beharko dituztela azaldu zuen Ochoa de Eribek eta denbora hori pasata, bideragarritasun plan propioa duten proiektuak identifikatuta izatea aurreikusten dute.

Arregik gaineratu zuen: “Nahiz eta Zestoa herri txikia izan, indarguneak ere baditugu; gure artean harremana daukagu eta elkarren arteko interakzioa aberatsagoa da. Horrek komunitate izaera handitu egiten du eta uste dugu komunitate energetikoa herritarrek gidatutako zerbait izan behar duela”.

Plaka fotovoltaikoak Iretan

Iraetako futbol zelaiko aldagela gainean plaka fotovoltaikoen lehen parketxoa jarriko dutela aurreratu zuen Arregik: “Iraetan hiru eraikin publiko ditugu eta bertan ekoitzitako energia eraikin horien onurarako erabiliko dugu”. Instalazio hori 2021ean egitea aurreikusten dute.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide