Albisteak

Zestoako Udalak eta Iraurgi Berritzenek lankidetza hitzarmen berria sinatu dute

Joan den maiatzaren 11ean hartu zen erabakia Iraugi Berritzeneko administrazio kontseiluan. Zestoako Udalak Iraurgi Berritzen elkarteari egiten zion ekarpen ekonomikoa birnegoziatzea eskatu zuen 2019ko abenduan eta eskaera hori onartu berri dute.

Azpeitia eta Azkoitiako udal ordezkariek Zestoako Udalak egindako proposamena onartu zuten eta ondorioz, Zestoako Udalak orain arte egindako ekarpen ekonomikoa erdira jeitsiko da. Orain arte, Udalak, urtero 56.000 euro inguruko kuota bat ordaintzen zuela azaldu du Mikel Arregi Ertxin alkateak eta orain, 28.000 euro inguru ordainduko dituela. Ekarpen ekonomikoa erdira jaitsi bada ere, Zestoako Udalak orain arte jasotako zerbitzu berdinak mantenduko direla nabarmendu du alkateak eta 2023an berriro birnegoziatuko dela lankidetza hitzarmena.

Aurreko legealdian Udal Gobernuak Zestoako Udalak Iraurgi Berritzenen parte hartze iraunkorra izatea erabaki zuen. “Azpeitia eta Azkoitiak bezala, biztanle kopuruaren araberako ekarpen ekonomikoa egitea ere erabaki zuen eta hori bidezkoa ez dela izan ulertuta lankidetza hitzarmena berritzea proposatu du egungo gobernuak” azaldu du Arregik. Bestalde, Iraurgi Berritzenek eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinen inguruko hausnarketarik ez zela egin azaldu du eta Zestoak zerbitzu horiek ez dituela behar bezala baliatu.

Hala ere, Urola Erdiak Gipuzkoan izan behar duen lekua “ahalik eta emankorrena izateko” Urola Erdiko hiru herri nagusien arteko lankidetza “funtsezkoa” izango dela nabarmendu du Arregik baina beste bi herrien dinamikarekin bateragarria izango den jarduera gauzatu beharrean aurkitzen direla. Zestoako Udalaren helburu nagusia, Zestoako hezkuntza komunitatea, eragile ekonomikoak eta bertako biztanleak eskualdeko garapen agentzian “behar bezala ordezkatuak” egotea  izango da.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide