Albisteak

Zestoako Udalak urriko ohiko osoko bilkura egin zuen urriaren 30ean

Zestoako Udalak urriko ohiko osoko bilkura egin zuen urriaren 30ean, ostegunez, eta hainbat gai izan zituzten hizpide. Besteak beste, aurrekontu-aldaketa, terrazen ordenantza, Bingen Zupiria sailburuaren aurkako pintaketen inguruko mozioa eta Kultura batzordearen ardura izan ziren eztabaidagai nagusiak.

Udalak aho batez onartu zuen aurrekontu-aldaketa, gizarte-larrialdietarako laguntzetarako diru gehiago behar delako. Guztira 226.000 euroko gastu-gehikuntza aurreikusi dute, eta laguntza sozialetarako partida 15.000 euro handitu da, 91.000 eurora iritsiz. Halaber, taxien tarifak %2,7 igotzea ere onartu zuten KPIaren arabera.

Terrazen ordenantza ere behin betiko onartu zuten, bizilagun komunitate baten alegazioa partzialki onartuta. Ordutegia mantenduko da, eta tabernen ateak itxita edukitzeko betebeharra gogorarazi zuen alkateak. Horrela, ordenantzan jasotako neurriak indarrean dira jada, tarifikazio berria barne.

Plenoan, EAJk aurkeztutako mozio bat ere landu zen. Jeltzaleek Bingen Zupiria Kultura sailburuaren aurkako pintaketak gaitzesteko adierazpen instituzionala proposatu zuten, baina EH Bilduk aurka bozkatu zuen, pintaketak Azpeitian egin zirela eta ez zela Zestoako Udalaren ardura argudiatuta.

Mikel Arregi alkateak azaldu zuenez, bat egiten du Azpeitiko alkatearen adierazpenekin, Lasaon agertu ziren mehatxuzko pintaketak “onartezinak” direla eta herrian “lekurik ez” dutela azpimarratzen zutenekin. Pintaketak “politikaren infantilizazioaren ondorio” direla gaineratu zuen, eta gaiari “ez zitzaiola bide gehiago eman behar” ere adierazi zuen.

EAJko bozeramaileak, bere aldetik, “pena” sentitzen zuela esan zuen Zestoako EH Bilduk gaitzespenarekin bat ez egiteagatik: bere ustez, “erraza da, halakoek ez daukate lekurik adieraztea”. Gogorarazi zuen gainera “zoritxarrez” mundu mailan gatazka asko daudela, eta gehienekin bat egiten dela; halako ekintza “txar” baten aurrean, ordea, EH Bilduren jarrera “ulergaitza” iruditu zitzaiola nabarmendu zuen.

Amaitzeko, Kultura batzordearen ardura hartu du alkateak EH Bilduko kide baten dimisioaren ondoren. EAJko Garikoitz Mendizabalek azaldu zuen Kultur Etxeko azpiegituren inguruko hausnarketa-saioan ez zuela dimisioaren berri izan, eta laguntza eskaintza egin zion kulturaren kudeaketan. Alkateak eskertuta jaso zuen proposamena.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide